katalogoa
Judit Reigl
Nathalie Ernoult
- Izenburua:
- Judit Reigl
- Egilea:
- Nathalie Ernoult
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
- Neurriak:
- 22,5 x 30
- Orrialdeak:
- 350
- ISBN:
- 978-84-95216-93-9
- Lege gordailua:
- BI-01621-2021
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artea eta politika | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erakusketak | Supports Surfaces taldea | À l’Étoile scellée galeria | Galerie René Drouin | Erbestea | Irailaren 11 | Komunismoa | Frantzia | Marcoussis | Paris | Hungaria | Budapest | Erroma | André Breton | Claude Georges | Claude Viseux | Georges Mathieu | Jean Degottex | Simon Hantaï | Jean-Paul Ameline | Automatismoa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte Figuratiboa | Surrealismoa
- Teknikak:
- Keinu-pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Reigl, Judit
1923, Kapuvár (Hungaria) – 2020, Marcoussis (Frantzia)
Reiglek Budapesteko Arte Ederretako Akademian egin zituen ikasketak 1941 eta 1946 artean, eta ikaskide izan zuen, besteak beste Simon Hantaï. Ondoren, Erromara aldatu zen, ikasketa-beka bati esker, eta Italia ezagutu zuen. 1948an Hungariara itzuli zenean, agintariek pasaportea kendu zioten, eta diktadura-erregimen komunistatik ihes egitea erabaki zuen. Zortzi saiakeraren ondoren lortu zuen, azkenik, Parisera iristea, 1950ean, eta han finkatu zen. Hantaï lagunarekin elkartu zen, eta haren bidez sartu zen André Bretonen zirkuluan. Surrealisten idazketa automatikoan interesatuta zegoen Reigl, eta mihise gainean pintzelkada bizkorrak marraztuz egindako gurutzadura handiak osatu zituen bere lehen obra ez-figuratiboetan, zeinak aurkeztu baitzituen 1954ko azaroan, À l’Étoile scellée galerian egin zuen bakarkako lehen erakusketan. Laster aldendu zen surrealisten taldetik, ordea, eta abstrakzio gestualeko artistengana hurbildu zen, Georges Mathieugana, bereziki.
1956an, Reiglek Tensions talde-erakusketan parte hartu zuen Galerie René Drouinen, Jean Degottex, Hantaï, Claude Georges eta Claude Viseuxekin batera. Erakusketa hartako emakume bakarra izan zen, baina ez zion horrek bereziki eragin. Reiglek ez zuen bere burua ikusten artista emakumezkotzat, baizik parte femenino bat eta parte maskulino bat zituen gizakitzat. Haren iritzian, gizakiaren bi parte horien beharra du sorkuntzak1. Bere keinua etengabe berrituz, serieka lan egiten zuen Reiglek. Abstrakzioaren eta figurazioaren arteko joan-etorrian dabiltza hurrenez hurren serie horiek. Eztanda (Éclatement, 1955–58) seriean, materia espazio piktorikoan kolpetik sakabanatuta bezala ageri da. Hurrengo urtean, Dominantzien zentroa (Centre de dominances, 1958–59) seriean, halako mugimendu zirkular zabal bat ezarri zion materiari, mihisearen erdirantz xurgatua balitz bezala. Hurrengo serieak Guano (1958–65) du izenburua, itsas hegaztien gorozkien metaketari erreferentzia eginez. Elkarrizketa batean Reiglek azaldu zuenez, “halabehar objektibo” batetik sortu zen seriea: “Mudantza batean, Masako idazketa (Écriture en masse) eta Dominantzien zentroa serieetako hutsegindako mihise zaharrak jarri nituen nolabait babestu beharra nuen oholtza baten gainean, eta urteetan zapaldu nituen, haiei inolako garrantzirik eman gabe. Fosildu egin ziren, eta horretaz, bai, konturatu nintzen. Materia askatua, gorozkia bailitzan, zera zoragarri bat bihurtu zen”2. Serie haren bidez, Reiglek zalantzan jarri zuen euskarri askearen eta lurrean zuzenean ezarritako mihisearen potentziala, Support-Surfaceko artistei urte batzuez aurrea hartuta.
1963an, Marcoussisen finkatu zen, eta figuraziora itzuli zen, Gizona (Homme), Maindirea (Drap) eta Deskodetzea (Décodage) serieekin. Bolada batez berriro abstrakzioa landu ondoren —Garapenak (Déroulements) eta Sarera-Irteera (Entrée-Sortie)—, figuraziora jo zuen, atzera, honako serie hauetan: Gorputz bat pluralean (Un corps au pluriel) eta New York, 2001eko irailak 11 (New York, 11 septembre 2001). Jean-Paul Amelinek azaldu bezala, Reiglen obra bakoitza gatazka psikiko eta fisiko bat da, zeinaren tresna baita artistaren beraren gorputza: “Figurazioa eta abstrakzioa ez zaizkio elkarri kontrajartzen; bilaketa beraren une desberdinak dira3”.
[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]
Oharrak
- Marjorie Klein, Quand le geste devient abstrait: étude de l’abstraction gestuelle de Judit Reigl, 1952–1965, ikerketa aplikatuko diploma, zuzendariak: Dider Schulmann eta Jean-Paul Ameline, École du Louvre, Paris, 2006, 38. or.
- Judit Reigl, hemen aipatua: “Unfolding a conversation between Jean-Paul Ameline and Judit Reigl”, Art in America international review, otsailak 4, 2009.
- Jean-Paul Ameline, “La lutte avec l’ange”, erak. kat., Reigl, Műcsarnoc/Kunsthalle, Budapest, 2005, 13. or.