Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Elena Asins

Lekha Hileman Waitoller

1940, Madril – 2015, Azpirotz (Nafarroa)

Elena Asins Espainiako gerraosteko Abstrakzio Geometrikoaren bigarren artista-belaunaldiko kideetako bat izan zen. Jakin-min intelektual handia izan zuen, eta lengoaia abstraktu findu bat landu zuen, matematikaren, informatikaren, hizkuntzalaritzaren eta musikaren logika ikusezinari forma eta irudia ematea helburu izan zuena. Haren ibilbide berezia eta ordenagailu bidezko lehen sorkuntzak direla eta, Espainiako ordenagailuz lagundutako artearen aitzindari garrantzitsuena izan zela esan daiteke.

XX. mendeko konstruktibismoaren eta abangoardiaren eraginpean, Asinsen obrak ezaugarri minimalistak zituen: konposizio geometriko soilak eta kolore-sorta mugatua (grisa, beltza, zuria). Artearen hainbat arlo landu zituen, hala nola poesia konkretua, marrazkia, eskultura eta bideoa. Gazte zelarik, eta maiz emakume bakarra, diktadura frankista amaitu baino pixka bat lehenago sortu ziren hainbat talde esperimentaletan parte hartu zuen. Haren lanak abangoardiako mugimendu horien erakusketa garrantzitsuenetan egon ziren ikusgai.

1968an, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Kalkulu Zentro berrian ikasi zuen. Hura zen informatika ikerketan aplikatzen zuen erakunde bakarra Espainian. Programatzaile baten eta herrialde osoan eskuragarri zegoen ordenagailu bakarraren laguntzaz, kontzeptuak irudi objektibo zehatz bihurtzen hasi zen. Zentro hartan bi emakume baino ez zeuden orduanegindako egonaldiak mugarri bat markatu zuen haren artista-ibilbidean.

1970 eta 1980ko hamarkadetan, bere ikerketa artistikoek Stuttgartera, New Yorkera eta Hanburgora eraman zuten Asins. 1985ean, Columbiako Informatika Saileko ikertzaile gonbidatua izendatu zuten, eta konputazioaren eta artearen arteko erlazioak ikertzen jardun zuen. Horretaz gain, semiotika ere ikasi zuen Noam Chomskyrekin, eta beste esplorazio-ildo bat gehitu zion horrekin bere praktikari. Azkenean, ordenagailu propio bat lortu, eta programatzen ikasi zuen. Independentziarako etapa erabakigarri horretan, alde batera utzi zuen eskuzko marrazketa, beti neketsua, eta arreta osoa jarri ahal izan zuen gehien interesatzen zaizkion gaietan: ikerketa eta esperimentazioa. Ordutik aurrera, musikarekin, arkitekturarekin eta hirigintzarekin lotutako proiektu globaletan jardun zuen buru-belarri, eta metafora bisual gisa interpreta daitezkeen hainbat obra gauzatu zituen jardute horretan.

Asinsen lan artistikoak zalantzan jarri zituen kategoria tradizionalak, eta bateratu eragin ezohiko batzuk: Johann Sebastian Bach, Walter de Maria, Piet Mondrian, Mies van der Rohe eta Ludwig Wittgenstein. Lanabes nagusia programazio informatikoa izan duen praktika bat oinarri hartuta, Asinsek bide berri bat zabaldu zuen ikusezinak ziren kontzeptuak (espazioa, denbora, hizkuntza) ikusgai bihurtzeko.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI