Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Virginia Jaramillo

Christine Macel

1939, El Paso (TX, AEB)

Los Angelesko Otis Art Instituten1 ikasketak egin ondoren, Pintura beltzak (Black Paintings) seriea osatu zuen Virginia Jaramillok; ur-margoz pintatutako gainazal monokrokomoak dira, eta testuren arteko kontrasteak ageri dituzte, Kaliforniako basamortuko lur pitzatuan inspiratu baitzen egilea. Wattseko istiluak ondorio izan zituzten gizarte- eta arraza-liskarrei loturiko erreferentzia gisa interpretatu ziren pintura haiek orduan.

Gertaera haien eraginez, Jaramillo Parisen finkatu zen, bere senarrarekin: Daniel LaRue Johnson eskultorea. Han, harremana izan zuen Alberto Giacomettirekin nahiz Joan Mitchellekin. 1967an, New Yorkera aldatu zen, eta bere pinturaren bidez denboraren eta espazioaren pertzepzioaren esperientzia adieraztea hartu zuen ardatz. 1971n, Houstonen egindako DeLuxe Show erakusketa ospetsuan haren obrak sartu zituen Peter Bradley kontserbatzaileak, afroamerikar pintura abstraktuko irudi handienekin batera. 1970eko hamarkadan, lerro bihurriko pinturak landu zituen, nagusiki, txinatar lakaren tradizioan oinarriturik, Espresionismo Abstraktuarekiko erreakzio gisa. Hard-Edge joeratik hurbil kokatzen dira obra horiek, eta intentsitate handiko koloreei buruz egin zuen ikerketaren erakusgarri dira.

Hurrengo seriean, Pintura orbandunak (Stained Paintings), mihisea aurrez prestatu gabe margotu zituen lanak, horiek artean Altotron (1976); seriearen ardatza kolorearen eta gainazalaren arteko erlazioa da, eta mitologia eta zientzia-fikzioa ditu inspirazio-iturri. 1980 eta 1990 hamarkadetan, Jaramillok arreta eman zien antzinako zibilizazioei, bereziki prehispanikoei, haien arkitektura-tradizioei eta sinesmenen sistemei, eta paper gaineko edo liho gaineko neurri handiko obrak sortu zituen, pigmentu naturalak eta konposizio geometriko konplexuak erabiliz.

2018an, New Yorkeko Hales Galleryn erakutsi zuen Zimenduak (Foundations) serie berria: Ekialde Hurbiletik hasi eta Ameriketara bitarteko antzinako kulturen arrastoek iradokitzen dizkioten hondamen material eta espiritualaren ikerketa bat. Serie horretan, gainazalaren eta testuren arteko lankidetza estua berreskuratu zuen, forma pitzatu eta zatikatuekin. Jaramilloren obra Estatu Batuetako hainbat bildumatan ordezkatuta dago, baina ez du artistaren sorterritik kanpo halako ikusgarritasunik izan, nahiz eta parte hartu zuen Tate Modernen berriki egindako Soul of a Nation: Art in The Age of Black Power erakusketan (2017). Urte hartan bertan, We wanted a Revolution: Black Radical Women 19651985 erakusketan parte hartu zuen Brooklyn Museumen, eta berriro erakutsi zuen ia sei hamarkadatan zehar landu duen abstrakzio originala.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Gaur egun, Otis College of Art and Design.

PDF-a JAITSI