Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Germaine Krull

Damarice Amao

1897, Wilda, Poznań (Alemaniako inperioa) – 1985, Wetzlar (Alemaniako Errepublika Federala)

Germaine Krull argazkigintzak Parisen gerra arteko aldian bizi zuen berrikuntza estetikoko mugimenduaren figura enblematiko bat da; mugimendu horrek Ikuspen Berri aleman eta sobietarraren teoria modernoen efektu konbinatuaren eragina izan zuen, baina baita ere prentsa ilustratuarena, irudien “irrikaz” baitzegoen. Krullek Europako hainbat hiritan igaro zuen haurtzaroa, Munichen 1912an bizilekua hartu aurretik. Han argazkigintza ikasi zuen, Lehr-und Versuchsanstalt für Photographien, eta giro artistiko eta intelektualetan ibili zen. Ezker erradikalaren baitako Krullen konpromiso politiko aktiboak markatu zituen urte haiek.

1920an Bavariara kanporatu zuten Sobietarren Errepublikan parte hartu zuelako; in extremis libratu zen heriotza-zigorraz handik bi urtera Moskun. 1922an Berlinen hartu zuen bizilekua, argazkigintzan zentratu zen berriz, eta estudio bat ireki zuen. Neska adiskideak izenburuan duen saileko biluzi femeninoengatik atentzioa eman zuen, egikera piktorialista klasikokoak izan arren, tentsio erotikoz beteta baitzeuden. 1923an Berlindik alde egin zuen Herberehetara bizitzera joateko Joris Ivens holandar filmegilearekin, zeinarekin maitasun-harreman bat baitzuen. Amsterdamgo eta Rotterdamgo portuetako arkitektura industrialak zirrara egin zion, eta hango zubi, txirrika, zutoin eta garabiak fotografiatzen hasi zen, bere “burdinak” deitzen zielarik.

1926an Krull Parisera joan zen eta moda-estudio bat ireki zuen Luigi Diazekin. Bere bezero batek, Sonia Delaunayk, estetika simultaneistako bere hainbat jantziren klixeak enkargatu zizkion. Robert Delaunayri, berriz, haren “burdinak” interesatu zitzaizkion, eta bai 1928an Salon de l’Escalieren erakutsi ere. Eli Lotarekin batera —errumaniar jatorriko argazkilaria, bere maitale eta laguntzaile izango zena—, Krullek jarraitu zuen Parisen paisaia urbanoa eta industriala ikertzen, eta hura Ikuspegi Berria korronteak hain maitea zuen pertzepzioaren erreferentzia puntu klasikoak ezegonkortzen zituzten angelu berriez —pikatuak, kontrapikatuak, lehen planoak, desenkuadreak— itxuraldatzen. Itzalen eta enkuadreen jokoek paisaiaren efektu grafikoa azpimarratzen dute, eta objektu batzuk erabateko konposizio abstraktu dira azkenean, Eiffel dorreari buruzko haren sailean edo Marseillako zubi transbordadorearenean gertatzen den bezala.

Haren “burdinak” abangoardiako hainbat aldizkaritan, Variétés edo L’Art vivant, eta zabalpen orokorrago batzuetan, VU, argitaratu ziren. Multzo aukeratu bat Metalen bildu zen, 64 irudiko karpeta batean, zeinak, 1928an argitaratu zen unean, izugarrizko oihartzuna izan baitzuen argazkilarien artean eta giro artistiko eta intelektualetan, “pelikulako walkiriaren” —hala deskribatu zuen Florent Felsek (L’Art vivant, 1928)— ezusteko bisualak goraipatu baitzituzten. Sail bitxi horrekin artistak izan zuen ospeak aukera ugari eskaini zizkion, batik bat erreportajean eta argitalpen ilustratuan, eta horiek izan ziren bere karreraren ardatza. Aitzindaria izan zen, Albin-Guillot bezala, eta haren ibilbidea paradigmatikoa da, erakusten baitu zer posibilitate ireki zitzaizkien emakume argazkilariei 1930eko hamarkadan, emantzipazio profesionalaren eta aintzat hartze artistikoaren bidegurutzean.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI