Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Liubov Popova

Elitza Dulguerova

1889, Krasnovidovo (Errusiako inperioa) – 1924, Mosku (SESB)

Liubov Popova merkatari-familia aberats eta ikasi baten baitan jaio, eta Moskura iritsi zen 1906an. Stanislav Zhukovsky pintore inpresionistarekin egin zituen ikasketak; 1908an Konstantin Yuonen eta Ivan Dudinen lantegian sartu zen. Bere bidaietan zehar ere bere burua prestatzen aritu zen: Errusian barrena ibili zen 1909 eta 1911 artean, errusiar pintura tradizionalaren uberan, Giottoren, besteak beste, tradizioan inspiratuta. Nadezhda Udaltsovarekin batera osatu zuen arte modernoaren bere jakitea, Sergei Shchukinen bildumarekin hasi zuena, La Palette akademian 1912an Kubismoa aztertuz, Jean Metzinger eta Henri Le Fauconnier hango irakasleak zirela. Parisen, italiar Futurismoarekin ere trebatu zen.

Moskura itzuli, eta praktika kubofuturista bat landu zuen eta Vladimir Tatlinen eragina izan zuen, zeinaren lantegian lan egin batzuen 1916 arte. 1915–16an Popovak arteari buruzko asteroko debateak antolatu zituen bere apartamentuan, artista, arte-historialari eta filosofo asko erakarri zituztenak. Diamante Txotaren erakusketetan parte hartu zuen 1914an eta 1916an, bai eta Tramway V eta 0,10 (Petrogrado, 1915) eta Magasin (Mosku, 1916) erakusketetan ere. Orduan Popova Kazimir Malevichen giroan sartu zen, Supremus haren elkarte-proiektuan sartu, eta ekonomikoki sustatu zuen. 1916tik aurrera, pintura ez-objektiboarekin esperimentatu zuen “arkitektonika piktorikoen” sail batean, zeina Malevichen Suprematismotik aldentzen baitzen plano piktorikoen dinamismo markatuagoagatik eta haien egikera materialki beteegiagatik, eta zeinak Popovak ikonoen zur gaineko pinturaz zuen interesaren eta Tatlinekiko trukeen lekukotasuna ematen baitu.

Iraultzaren ondoren, Popovak eskolak eman zituen irakaskuntzako mintegi libreetan (Svomas) eta gero Vjutemásen, Alexandre Vesninekin elkarlanean. Bere ikerketa piktorikoan jarraitu zuen bere Espazio-Indarra Eraikuntzak obren bitartez, egitura lineal konplexukoak, eta bere kideei zirrara egin zietenak, Alexander Rodchenkori, besteak beste. Arteari buruzko debateetan parte hartu zuen Kultura Artistikoko Institutuaren baitan (Inkhuk) eta 5 x 5 = 25 erakusketa manifestuan, zeinaren katalogoaren azala sinatu baitzuen. Vsevolod Meyerholden antzerki eszenaratzeetarako haren lanak arrakasta handia izan zuen. Adardun bikaina (1922) antzezlanean aktoreen joko biomekanikoa zuzentzen zuen makina konstruktibista baten gisara sortu zuen Popovak dekoratua, Lur aztoratua (1923) antzezlaneko agertokian bertan objektu mekaniko industrialak sartu baino lehenago.

1923–24an, Varvara Stepanovarekin, produkzio industrialari ekin zion kotoizko estanpatuen lehen sobietar fabrikan. Ehungintzako haren proiektuak planoen desplazamendu asimetrikoetara bideratuta zeuden, erabiltzaileak izango zirenei munduaren esperientzia dinamikoa transmititzeko.

Popova 1924ko maiatzean bat-batean hil ondoren, urte hartan bertan egindako hilondoko erakusketa batek omen egin zion diziplina arteko haren lan aberatsari, 77 pintura, grabatu, kartelen proiektu, liburuen azal eta ehungintzako diseinu bilduz.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI