Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Jessica Stockholder

Michel Gauthier

Izenburua:
Jessica Stockholder
Egilea:
Michel Gauthier
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artea eta espazioa | Artea eta hezkuntza | Artea eta identitatea | Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Artea. Teoria | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Islak | Materiala | Tamaina | Eskulturagintza | Lankidetza artistikoa | Marrazkigintza | Pinturagintza | Columbia University | University of Chicago | Yale University | K20 Museum Düsseldorf | Mory Bawden | Ispiluak
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua
Artelan motak:
Instalazioa | Kokapen zehatzerako artea
Aipatutako artistak:
Stockholder, Jessica

1959, Seattle (WA, Estatu Batuak)

Gaztetan, Vancouverren, Jessica Stockholderrek marrazketa ikasi zuen lan elkarreragileak egiten zituen Mory Bawden eskultorearekin. 1980ko hamarkadaren lehen erdian, lehenik pintura eta ondoren eskultura ikasi zuen, Yaleko Unibertsitatean (New Haven), Columbia Britainiarreko Unibertsitatean ibili ondoren. 1983an, bere poetikaren ezaugarri nagusiak biltzen zituen instalazio bat egin zuen Vancouverreko etxe bateko garajeko teilatuaren gainean eta fatxadan. Armairu bateko ate bat, koltxoi bat eta soropil artifizial zati bat baliatuta, eta sare metalikoko biribilki bat hartuta, margolaritzari buruzko ikuskera zabalago baten aldeko proposamena egin zuen, bai materialei dagokienez, bai espazioari dagokionez.

1980ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, tamaina handiko instalazioak egiten hasi zen, izugarrizko objektu pila erabilita espazio oso zabaletan. Hala, 2002an, Düsseldorfeko K20 museoan, beste sorkuntza askoren artean aukeratutako obrak, jendea dozenaka metrotan zehar paseatzera gonbidatzen zuenak, osagai hauek zituen: aldamioak, moketa, pintura, linolioa, zenbait lanpara, lau sofa, kanpin-denda bat, plastikozko frutak, benetako laranjak eta limoiak, Gabonetako apaingarriak, puxikak, kutxak, mahaiak eta eraikuntza-materiala. Margolaritza espazioak eta objektuak irudikatzean datzan jarduera bat izan da beti, baina Stockholderrek espazioan zehar banatutako objektuekin margotzen du, eta praktika horrek obraren eta haren kokapenaren arteko muga zalantzan jartzera garamatza.

Era berean, begirada mota desberdinak saiatzera bultzatzen gaitu: ikuspegi orokor bat eta xehetasunezko beste bat; eta, batez ere, foku-punturik gabeko ikuspegi bat. Begirada pausatu (Set Eyes On, 2015) bezalako lan batek agerian jartzen du, bai izenburuaren bidez, bai konposizioaren bidez (zintzilikatutako objektuak, lurrean jarritako beste batzuk, azpian dagoena argitzen duten lanparak, gainetik dagoena islatzen duten ispiluak), artistak irrikaz bilatzen duen “begiradaren benetako iraultza” hori.

Stockholderrek —Chicagoko Unibertsitatean dihardu irakasle— honela idatzi du: “Nire lanek adimenaren eta emozioen barneko espazioari koherentzia emateko aukera ematen dute, eta horri esker, emozioen eta pentsamenduen izaera abstraktu eta materiagabearekin esperimenta dezakegu aldi batez, kanpokotasun eta gauzapen material batean”1. Horregatik, zera zehazten du: “Ez dakit ziur nire lana abstraktua den, baina abstrakzioaz diharduela esango nuke”. Eta zera gehitzen du ondoren: “Gure pentsamenduaren izaera bizi garen munduaren izaerak mugatuta dago, eta gure munduetako bakoitzaren izaera gure identitateak —sexuak barne— zehaztuta dago neurri batean2.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Jessica Stocklholder, “My Work”, in: https://jessicastockholder.info/about/.
  2. Egileari bidalitako posta elektronikoa, 2020ko ekainaren 16koa.

PDF-a JAITSI