Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Cercle et Carré taldetik Abstraction-Création

Fanny Drugeon

1920ko hamarkadan, abstrakzioa defendatzen zuten zenbait artista kokatu ziren Parisen; Piet Mondrian eta Theo van Doesburg, adibidez, 1923an. Beste batzuek formazio bila jo zuten hirira, Académie Scandinave, André Lhote edo Fernand Léger akademia pribatuetara, kasurako. Horietako asko, emakumeak. 1925ean, abangoardiako nazioarteko lehen erakusketa handia inauguratu zen, L’art d’aujourd’hui, 1930ean Cercle et Carré taldea izango zenaren aurrerapen bat, emakumeen presentzia urriarekin. Hala ere, 1926ko uztailaren 1ean, adibidez, Léonce Rosenberg galeristak Légerri idatzi zion, haren ikasleek Galerie d’art contemporain-en aurkeztutako erakusketarengatik zoriontzeko; bereziki nabarmendu zituen, gainera, bi ikasle, lan abstraktu banaren egile: Marcelle Cahn eta Franciska Clausen1.

Cercle et Carré taldetik Abstraction-Création elkartera, Surrealismoaren aurkako giro batean, Abstrakzio Geometrikoaren praktika era maskulinoan defendatu zen2, hainbat eskolaren arteko norgehiagokak lagunduta3. Lehen taldea Joaquín Torres-García margolariak sortu zuen, 1929an, eta hari Michel Seuphor batu zitzaion ondoren. 1930eko apirilean, Van Doesburg artistaren inguruan, Art Concret jaio zen; haren sorrera-manifestuaren arabera, artistak “gogoan sortu behar du artelana, hura gauzatzen hasi aurretik”. Azkenik, 1931ko otsailean, Abstraction-Création elkarteak berretsi egin zituen nolabait eztabaidak, nazioarteko abangoardiaren korronte ez-figuratibo nagusiak bata bestearekin lotzean. Izen bereko aldizkariaren lehen alean, 1930eko martxokoan, honela zioen Michel Seuphorrek: “Hausnartzeko behar beste denbora hartu ondoren, zirkulua eta karratua proposatzen ditut taldearen ezaugarri bezala. Hori da, nire uste, gauzen osotasuna irudikatzeko ikurrik soilena. Mundu arrazionala eta mundu sentsoriala, antzinako Txinako sinbolismoaren Lurra eta Zerua, geometria zuzena eta geometria lerromakurra, gizona eta emakumea, Mondrian eta Arp”4. Lehen talde-erakusketa 1930eko apirilaren 18tik maiatzaren 1era egin zen, Parisko Galerie 23an. Parte hartu zuten 46 artisten artean, hamar emakume zeuden —Ingibjörg H. Bjarnason, Marcelle Cahn, Nadia Chodasiewicz-Grabowska (gerora Nadia Léger izenez ezaguna), Franciska Clausen, Alexandra Exter, Vera Idelson, Nechama Szmuszkowic, Sophie Taeuber-Arp, Adya van Rees eta Wanda Wolska—, katalogoko 130 obretatik 30 egin zituztenak. Aldizkarian ere parte-hartze txikia izan zuten. Lehen zenbakian, Adya van Rees herbeheretar ehungintza-artistak eta Vera Idelson margolari errusiarrak testu labur bana idatzi zuten, eta Alexandra Exterren ballet-dekoratu bat erreproduzitu zuten. Bigarren alean, Idelsonek sakon eta zabal aztertu zuen “Antzerki modernoaren inguruko arazoak” zirela-eta egina zuen hausnarketa, eta bere jantzietako baten erreprodukzio bat eta Florence Henriren eta Sophie Taeuber-Arpen argazki bana ere sartu zituen. Azken alean, Arpek Café Aubette-rako egindako lanaren ikuspegi bat erreproduzitu zen soilik. Hainbat artistek agerian utzi zuten taldeko giro misoginoa, eta haien artean Clausenek eta Cahnek bakarrik aipatu zituzten izandako harreman teorikoak5. Cercle et Carré aldizkariaren lehen zenbakian, Michel Seuphorrek hierarkizazio nabarmen bat egin zuen: “Edertasun naturalak (emakumeak) adeitasunez hartzen gaitu eskutik, eta materiaren altzora eramaten; eta, aldiz, benetakotasunaren erakarpenak (gizonak) pentsamendura bultzatzen gaitu, eta abstrakziora igotzen”.

Seuphorren gaixotasunaren ondoren, Cercle et Carré taldea gain behera etorri zen, baina hamar bat artista, eta Van Doesburgen Art Concret-en ibilitako beste bi, Abstraction-Création-era batu ziren, Auguste Herbinek, Jean Hélionek eta Georges Vantongerlook 1931ko otsailaren 15ean sortu zuten elkartera. Taeuber-Arpez gain (1934an erretiratu zen, ez zegoelako ados elkartearen politika sobera kuantitatiboarekin), hauek ere parte hartu zuten adierazpenetan: Sonia Delaunay, Laure Garcin, Florence Henri, Barbara Hepworth, Irlandako modernotasunaren aitzindari Evie Hone eta Mainie Jellett, Katarzyna Kobro, Hannah Kosnick-Kloss, Marlow Moss (Mondrianen bidez sartuta) Alexandra Povórina eta Paule Vézelay. Hala ere, erakusketetan eta aldizkarian —bost zenbaki 1932tik 1936ra bitartean—, emakumezkoak gizonezkoak baino askoz gutxiago izan ziren beti, eta zuzendaritza-batzordean ez zen inoiz emakume bakar bat ere izan.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. “Emakumeek, uztarpetik askatzean, gizateria aberasten dute balio gehigarri eta ustekabekoekin. Horren froga berri bat dugu zure akademiaren erakusketa. Izan ere, bi artista interesgarrienak, nire uste apalean, bi emakume dira: Clausen andereñoa eta Cahn andereñoa”. (Leonce Rosenbergek Fernand Legerri egindako gutuna, 1926ko uztailaren 1ekoa, Centre Pompidou/MNAM-CCI/Bibliotheque Kandinsky/Fonds Leonce Rosenberg – Galerie L’Effort moderne).
  2. Ikus, bereziki, Maria Lluisa Faxedas, “Women Artists of Cercle et Carre: Abstraction, Gender and Modernity”, Woman’s Art Journal, 36. libk., 1. zk., 2015eko udaberria/ uda, 37–46. or.
  3. Ikus París 1930: arte abstracto-arte concreto, Cercle et Carré, Valentzia, IVAM Centre Julio Gonzalez, 1990, eta Abstraction Création 1931–1936, erak. kat., Munster, Westfalisches Landesmuseum fur Kunst und Kulturgeschichte, 1978 (kat. elebiduna, aleman-frantses).
  4. Aldizkariaren hiru zenbakiak 1994an berrargitaratu zituen Jean-Michel Placek. — 5. Marie-Aline Prat, Peinture et avant-garde au seuil des années 30, Lausana, L’Âge d’Homme, 1984, 72. or.
  5. Marie-Aline Prat, Peinture et avant-garde au seuil des années 30, Lausana, L’Âge d’Homme, 1984, 72. or.

PDF-a JAITSI