Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Hilma af Klint

Julia Voss

Izenburua:
Hilma af Klint
Egilea:
Julia Voss
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artea eta zientzia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Kolorea | Tamaina | Bostak emakume-kluba | | Stockholmeko Arte Ederren Errege Akademia | Espiritualtasuna | Asket | Ida af Klint | Automatismoa | Dualtasuna | Espiritismoa | Traszendentzia | Berdintasuna | Kartografia
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Af Klint, Hilma

1862, Stockholm (Suedia) – 1944, Ösby, Djursholm (Suedia)

Hilma af Klintek 44 urte zituen Stockholmeko Arte Ederren Errege Akademian izan zuen prestakuntzan kokatzen zen tradizio naturalistatik libratu zenean. 1906an jadanik, Jatorrizko kaosa (Primordial Chaos) bere sailetik aurrera, formatu gero eta handiagoko obra abstraktuak pintatzen zituen, kasu batzuetan hiru metroko altueratik gorakoak.

1862an jaio, eta Itsas armadako ofizialen familia baten baitan hazi zen artista. Haren birraitonari noblezia-titulu bat eman zioten bere balentria militarrengatik, eta haren aitona Suediako kartograforik gailenena izan zen. Hilmak maiz aipatuko zituen aitonaren suediar nabigazio-mapak: uste zuen ikusezina dena ikusgarri egitea zela bere eginbidea, aitonak bezala.

Hilmak eta Ida ahizpak prestakuntza profesionala izan zuten. Hilmak arte-ikasketak egin zituen 1882tik 1888ra eta aipamendun diploma atera zuen; Idak, ahizpa zaharrenak, Stockholmeko Eskandinaviar Museoan lan egiten zuen eta emakumeen botoaren aldeko elkarte batean. 1910ean Hilma Emakume Artisten Suediar Elkartean sartu zen, zeinak mundu artistikoko berdintasunaren alde militatzen baitzuen.

Af Klintek ez zeukan bere burua bere obra espiritualaren sortzailetzat. Bere ohar-koadernoetan azaltzen duenez, goragoko izakien enkarguak hartzen zituen, haiekin komunikatzen ariko baitzen bere bizitza osoan. Trukatze horiek 1896an hasi ziren, berak eta beste lau emakumek Bostak1 (De Fem) taldea sortu zutenean. 1908 arte espiritismoko saioak egiteko elkartzen ziren, eta saio horien bitartean marrazki eta idazketa automatikoan aritzen ziren. Af Klint konbentzituta zegoen ezen espirituak materia menderatzen duela eta kontzientziak izatea alda dezakeela. Biologiako eta fisikako aurkikuntzek bere uste sendoak indartzen zizkioten.

Af Klintentzat, izaki guztiak elkartzen dituen espiritu biziaren agerbide naturala da abstrakzioa. Lotura horrek forma desberdinak hartzen ditu bere sailetan, Hamar handienak (The Ten Largest) saileko figura libre eta organikoetatik Beltxarga (The Swan) saileko harmonia geometrikoraino. Af Klint konbentzituta zegoen ezen pintatzen zituen formak, koloreak, karaktereak eta hizkiak pentsamolde berri, arin eta bizi bat moldatzeko gai zirela, arau zurrun eta suntsitzaileak hausteko gai izango zen pentsamoldea, alegia; horien artean, gizonen eta emakumeen arteko dualtasuna: artistak ez zuen uste generoen artean muga bat zegoenik. Bere obran, Af Klint maiz sartzen zen Asket bere alter ego maskulinoaren larruan. Af Klinten abstrakzioa espekulatiboa eta transgresorea zen; zabalik zegoen eta eboluzionatu egin zuen. Mugimendua zuen bokazio, eta ezin zen geldirik geratu. Horregatik, 1906tik aurrera Af Klintek ez zuen sailetan baizik lan egingo. 1912an hau idatzi zuen: “Formak olatuak bezalakoak dira. Formaren atzean bizitza bera dago”2.

Bere bizitzan zehar, Af Klint oso bakan iritsi zen bere pintura espiritualak erakustera3. Espiraleko tenplu baten planoak sortu zituen 1906tik 1915era bitartean sortutako Tenplurako pinturak (Paintings for the Temple) zikloko 193 koadroak han jartzeko4. Bere obra ez zedila agerian jarri bera hil eta handik hogei urte geroago arte eskatu zuen 1932an. 

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Hedvig Martin, “Hilma af Klint and The Five: The Time of Preparation”, hemen: Iris Müller- Westermann eta Milena Høgsberg (eds.), Hilma af Klint – Artist, Researcher, Medium, erak. kat., Malmö, Moderna Museet / Berlín, Hatje Cantz, 2020, 61–80. or.
  2. Ohar-koadernoa HaK 559, 164. or., The Hilma af Klint Foundation, Stockholm.
  3. Julia Voss, Hilma af Klint: Die Menschheit in Erstaunen versetzen, Frankfurt, S. Fischer Verlage, 2020, 291. eta 378. or.
  4. Tracey Bashkoff (ed.), Hilma af Klint. Paintings for the Future, erak. kat., New York, Guggenheim Museum, 2018.

PDF-a JAITSI