Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Apy Art Centre Collective

Nicolas Garnier

Wawiriya Burton, Nyurpaya Kaika, Tjimpayi Presley, Naomi Kantjuriny, Angkaliya Eadie Curtis, Nyunmiti Burton, Tjungkara Ken, Tingila Young, Sylvia Ken, Wipana Jimmy, Mary Pan, Maringka Baker, Alison Milyka Carroll, Carlene Thompson, Mona Mitakiki, Iluwanti Ken, Panjiti Lewis, Tuppy Goodwin, Puna Yanima, Julie Yaltangki, Barbara Moore, Sharon Adamson, Paniny Mick, Betty Muffler, Nellie Coulthardt, Ingrid Treacle, Meredith Treacle, Anyupa Treacle, Madeline Curley, Imatjala Curley, Tjangali George, Elizabeth Dunn, Teresa Baker, Kani Patricia Tunkin.

 

APY siglak “Anangu Pitjantjatjara Yankunytjatjara”-ren akronimo dira, Australiako hegoaldeko hiru estatutan (Hego Australia, Ipar Lurraldea eta Mendebaldeko Australia) bizi diren hainbat aborigen talde biltzen dituen erakundearena. Komunitate horietako artistek (Amata, Fregon, Mimili, Indulkana, Pukatja, Nyapari, Kalka) zazpi arte-zentro eratu dituzte bertan, APY Art Centre Collective izeneko federazioan elkartuta.

Australiako erdialdeko beste talde artistiko askok bezala, talde honek ere emakumeak eta gizonak biltzen ditu bere baitan. APY taldeak pintura du adierazpide nagusia, baina autore batzuek praktika berritzaileak burutu dituzte, hala nola instalazio monumentalak (horiek gizonen gain daude); emakume batzuek, berriz, saskigintza, ehungintza eta eskultura bidez landutako konfigurazioak sortu dituzte.

APYren lanak Dreamingarekin lotuta daude, hau da, naturaz gaindiko izakiek gauzen, sorkarien eta paisaien sorreran duten parte-hartzearekin. Haien existentzia erritualei, kontakizun mitologikoei edo irudigintza figuratiboari esker geratzen da memorian grabatuta. Irudigintza horrek arau zorrotzak bete behar ditu, eta artistek zeinek bere taldeari loturiko izakiak edo lekuak baino ezin dituzte irudikatu.

Urtean behin, APYko gizonek talde-pintura handi bat egiten dute elkarrekin. Hala, lanean parte hartzen duten gizabanakoekin eta aipatu antzinako kontakizunei loturiko lurraldeekin zerikusia duten gai mitologikoak agerrarazten dituzte pinturan. Emakumeek ere beren obra kolektiboak eginez erantzun diete gizonen ekimenari1.

Emakumeen legea bizirik dago gure lurretan (Nganampa mantangka minyma tjutaku Tjukurpa ngaranyi alatjitu, 2018)2 margolana arbasoengandik jasotako jakintza baten jabe ziren emakumeen bilera baten ondoren egin zen. Emakume horiek, gainera, harro agertu zituzten beren medikuntza-ezagutzak ere, farmakopearen, botanikaren eta lurraldearen ezagutza sakona zutela agerian jarriz. Emakumeen aldetik gizonarenak bezain lan ikusgarriak egiteko borondatea ikus daiteke ahalegin horretan, bai eta funtsezko mitoak (kasu honetan, Zazpi ahizpak3 izenekoa) transkribatzeko duten ahalmena ere.

APYren pinturak, beraz, abstraktuak iruditu dakizkioke alor horretan oso jantzita ez dagoenari, baina sistema kodetu bat islatzen dute berez, non espazioko posizioak eta ikurrak kartografia-sistema baten (pinturek izaki mitologikoek sortutako espazioen geografia irudikatzen dute) eta hizkuntza-sistema baten (formak kode baten moduan aurkezten dira irakurgai) arteko gurutzaketa bezala interpreta daitezkeen. Ildo horretan, lan horiek arte modernoaren jatorriaren inguruko eztabaidetan beti agertzen den —mendebaldean, behintzat— abstrakzio/figurazio dikotomiatik kanpo geratzen dira, eta aldi berean dira sistema abstraktu bat (kodeetara jotzen baitute: ikur bakoitzak beste errealitate bat adierazten du) eta errealitatea irudikatzeko sistema bat; izan ere, paisaia, haren historia eta berekin dakartzan gizarte-mailaketak (talde totemikoak eta klanak) esplizituki irudikatuta agertzen dira haietan.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. APY Art Centre Collective taldea 2016an sortu zen, eta 1990eko hamarkadatik aurrera sortutako arte-zentroak hartzen ditu barnean. Emakumeek zein gizonek egindako margolan erraldoi horiek APY Art Centre Collective sortu zen garaikoak dira.
  2. Izenburua pitjantjatjara hizkuntzan dago. Hitz nagusia Tjukurpa da: lurrari erreferentzia egiten dion hitz bat da, baina barne hartzen ditu lurrarekin zerikusia duten tradizioak, mitoak (Dreaming) eta gizarte arauak ere.
  3. Zazpi ahizpen mitoa (pleiadeen konstelazioa edo Kungkarangalpa, pitjantjatjara hizkuntzan) oso ezaguna dute aborigen taldeek. Aldera ugari ditu, eta hainbat toki sakraturen sorrera du kontagai.

PDF-a JAITSI