Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Elaine de Kooning

Eleanor Nairne

1918, New York (NY, AEB) – 1989, Southampton (NY, AEB)

Elaine Fried, newyorktarra jaiotzez, bost urte zituela hasi zen hiriko museoak bisitatzen. Hunter College-n ikasi ondoren, Leonardo da Vinci Art Schoolen matrikulatu zen. Hogei urte bete berritan, Willem de Kooning margolari holandarra ezagutu zuen, Manhattango kafetegi batean. Ezaguna zuen ordurako De Kooningen lana, eta haren eskoletara joaten hasi zen, hark loft batean zuen estudiora, 22 Mendebalde Kaleko 156. zenbakian. Handik gutxira, bikote-harreman bat hasi zuten, estudioa partekatu zuten, eta ezkondu egin ziren (1943). Elainek garaitsu hartan egin zituen bere lehen autorretratuak, baita anaien eta senarraren erretratu batzuk ere.

1948an, Elaine de Kooningek Black Mountain College irakaskuntza esperimentaleko zentroan eman zuen uda. Han, Josef Albers artistak kolorearen teoriari buruz eman zituen ikastaroetara eta Richard Buckminster Fuller arkitektoaren eskoletara joan zen. De Kooning The Club1 taldeko kide egin zen, 1949an, eta 1950eko hamarkadan, New Yorken, talde-erakusketa garrantzitsuetan parte hartu zuen: besteak beste, Leo Castellik Greenwich Villageko denda huts bateko erakusleihoan antolatu zuen Ninth Street Show ospetsuan. Bakarkako lehen erakusketa Eleanor Warden Stable Galleryn egin zuen, 1954ko apirilean. Modu ezohiko batean, erretratugintzari aplikatu zion bere keinu-marrazketa ausarta. Hainbat pertsona ospetsu izan zituen modelo: Frank O’Hara poeta, Ornette Coleman saxofoi-jotzailea, Pelé Brasilgo futbolaren idoloa, etab. 1962an, John F. Kennedy presidentearen erretratua egiteko enkargu instituzionala jaso zuen.

1948tik aurrera, arte-kritikari gisa ere aritu zen, ARTnews aldizkarirako. Bera ere artista izanik, beraren testuek sentiberatasun berezia erakusten dute sormen-prozesuarekiko. Adibidez, David Smithen obrari buruzko bere artikulua eskultorea Bolton Landingen lanean (Adirondack mendietatik gertu) nola ari zen deskribatuz hasi zuen: “hor dihardu buru-belarri, orain metalezko pieza bat gabiarekin jotzen, orain azetilenozko pistola batekin mozten, orain zatiak elkarrekin soldatzen”2. 1956an senarrarengandik banandu ondoren, irakasle-kargu garrantzitsuak bete zituen, Mexiko Berriko Unibertsitatean, Cooper Unionen, Pratt Instituten eta Yaleko Unibertsitatean. 1981ean, Espresionismo Abstraktuko artistei buruzko atzerabegirako batean, honako hau esan zuen: “Norbaiten lana ikusten dudanean, pertsona horren haloa ikusten dut nik […]. Niretzat, artelan oro autorretratu bat da”3.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Ikus Eleanor Nairneren saiakeraren bosgarren oharra katalogo honetan bertan.
  2. Elaine De Kooning, “David Smith Makes a Sculpture”, ARTnews, 50. libk., 5. zk., 1951eko iraila, 38. or.
  3. E. de Kooningekin grabatutako elkarrizketa, 1981eko abuztuak 27. Archives of American Art (AAA), Smithsonian Institution, Washington, D. C.

PDF-a JAITSI