Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Berenice Abbott

Gary Van Zante

Izenburua:
Berenice Abbott
Egilea:
Gary Van Zante
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Argazkigintza | Artea eta zientzia | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Erretratua eta autorretratua | Massachusetts Institute of Technology | Gerra Hotza | Hiria | AEB | New York | Paris | Liburuak | Man Ray | Ikerketa aeroespaziala | Fisika
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Errealismoa | Surrealismoa
Aipatutako artistak:
Abbot, Berenice

1898, Springfield (OH, AEB) – 1991, Monson (ME, AEB)

Berenice Abbotten 1950eko hamarkadaren amaierako argazki zientifikoek haren karrerako beste edozein obrak baino arrakasta handiagoa izan zuten publiko zabal baten artean, eta kritikak —baita Abbottek berak ere— haren lanik onenentzat jo zituen. Argazki haiekin, gainera, artistak aspaldiko helburu bat gauzatu zuen, zientziak bistaratzeko modu berri bat eskaintzea alegia, adierazpide fotografiko errealista baten bila egindako bideari amaiera emateaz gain.

Hori baino lehen, Abbotten ekoizpen artistikoak beste bi bide urratu zituen: batetik, argazkilaritza urbanoa eta topografikoa —New York aldatuz (Changing New York, 1935–39) du sail horretako lanik garrantzitsuena—, eta, bestetik, erretratua. Hain zuzen ere, erretratuekin hasia zuen bere artista-ibilbidea Parisen, 1920ko hamarkadan, Man Rayren estudioan argazkilaritza-ikasketak eginda. Hurrengo hamarraldian, ikerketa zientifikoari buruzko interesa piztu zitzaion, eta ohartu zen argazkigintza oso bitarteko indartsua izan zitekeela —eta ordura arte gutxiegi erabilia izan zela— zientzia-gaiak jendartera gerturatzeko. Luze jo zuen lehen enkargu zientifikoak iristen hasi arte, 1957an Sputnik satelite sobietarraren jaurtiketak AEBetako ikerketa kolokan jarri zuen arte, alegia. Abbott berehala hasi zen Massachussetts Institute of Technology (MIT) erakundeko ikertzaileekin lanean, fisika-zientzien irakaskuntza mailaz igotzea —AEBek, Gerra Hotzean sartuta, beharrezko ikusten zuten mailaraino igotzea— helburu zuen eskola-liburu baterako ilustrazioak eginez1.

Abbotten lan zientifikoak erabateko arrakasta izan zuen, baina argazki haiek dilema bat planteatu zioten: argazkilaritza “errealitatearekin” zuen harremanean oinarritzen zela eta argazkilariaren bokazioa “gauzak diren bezala ikustea” zela aldeztu zuen beti artistak. Nahiz eta Man Rayren estudioan ikasten jardun zuenean argazki-tresnarik gabeko irudigintzan esperimentatu eta surrealistekin bat egin, Abbotek erabat arbuiatu zuen abstrakzioa argazkigintzan. Hark berak adierazi zuenez: “Nik ez dut argazkilaritza abstraktua egiten […], abstrakzioari lotutako obrek ez naute betetzen […]. Izugarri aspergarriak iruditzen zaizkit”2. Hitz horiek gorabehera, haren argazki zientifikoak enigmatikoak eta abstraktuak ziren askoren begietara: ikuspegi anbiguoak eta dentsitate grafiko muturrekoak ziren horren arrazoia; baita gaia bere ulertzeko zailtasuna ere, argazkiei lagungarri gisa beti gehitu behar zitzaizkien (ustez, behintzat) argazki-oinak gorabehera Bere lanaren harrera onak errealismo fotografikotik urrundu bide zuen Abbott. Argazki zientifiko horiek oso konplexuak ziren irudikatzen eta gauzatzen, eta behar zituzten teknika fotografikoak berak ere dokumentatzen zituzten prozedura esperimentalak bezain konplexuak ziren, konplexuagoak ez baziren. Proiektuan zehar, zorroztasun zientifikoa izan zen beti emaitzaren sinesgarritasunaren berme nagusia, eta Abbotten lanak ikerlarien berrespena jasotzen zuen gero: izan ere, ikerlariek ez zuten abstrakzioaren arrastorik ikusten hain datu argigarriak eskaintzen zizkien irudi ezinago zehatz haietan. Fenomeno fisikoak irudikatzeko orduan harrigarriro “errealak” baitziren, Abbotten irudi zientifikoek zientzietarako komunikazio-hizkuntza gisa birdefinitu zuten argazkigintza. Artistak munduaren “ikuspegi erabat errealista eta objektibo” gisa deskribatzen zuen ingurunearen adierazpenaren adibide bihurtu dira geroztik irudiak3.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Physics, Physical Science Study Committee, Boston, D.C. Heath & Co., 1960.
  2. Berenice Abbott, Autobiography, [1960], 2. libk., Abbott Archive, MIT Museum, Cambridge, MA; Berenice Abbott, Oral History, 1975, MIT Museum, Cambridge, MA, 530. or. (Eskaintza: Julia Van Haaften)
  3. Berenice Abbott, artikulu-zirriborroa, 1959, MIT Museum, Cambridge, MA; Elizabeth McCausland hemen: The Encyclopedia of Photography, Willard D. Morgan (ed.), New York, Greystone Press, 1949, 3.122. or.; Berenice Abbott, Guide to Better Photography [1941], New York, Crown Publishers, 1945, 56. or.

PDF-a JAITSI