Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Wook-Kyung Choi

Sung Won Kim

Izenburua:
Wook-Kyung Choi
Egilea:
Sung Won Kim
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artea eta gizartea | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Kolorea | Erretratua eta autorretratua | Gerra | AEB | Asia | Hego Korea | Jackson Pollock | Willem de Kooning | Arrazakeria | Sexismoa | Manifestazioak
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia | Arte Abstraktua | Arte informala | Dansaekhwa | Espresionismo Abstraktua | Espresionismoa
Teknikak:
Collage | Keinu-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Choi, Wook-Kyung

1940, Seul (Korea) – 1985, Seul (Koreako Errepublika)

Korean, 1960ko hamarkadaren ondorengo pintura abstraktuan Dansaekhwa (“korear monokromoa”) izeneko estiloa nagusi zen garai batean, Wook-kyung Choi izan zen espresionismora jo zuen artista bakarrenetako bat. Haren lanak, bakarra bere generoan, funtsezko garrantzia izan du arte abstraktuaren dibertsitatean. Mendebaldeko arte modernoak —Korean ikusi ahal izan zuenak— eraginda, AEBetara joan zen ikastera, eta zuzenean ezagutu zuen Jackson Pollocken lana. “Pinturan ordura arte ikusia nuen guztiarekin, Errenazimentuaren ikuspegiarekin zein Kubismoko espazio ikusgaiekin, zerikusirik ez zuten gauzak erakusten zituela iruditzen zitzaidan. Espazio eskergak sortzen zituen”1, adierazi zuen artistak. Errealitatea gainditzen zuen beste mundu baterako aukera ikusi zuen, baina ez zen hura erreproduzitzearekin konformatzen. Haren obra Willem de Kooningen keinu bortitzetara eta ezkutuko kontzientzia-erupzioetara ere hurbiltzen zen: “Artista unean bertan murgiltzen da, ideia eta proiektu berezirik gabe, eta espontaneoki sortutako formetan eta horiek eragiten duten inpresioan kontzentratzen da”2. Horiek horrela, ezin da ukatu Choiren 1963-1971 bitarteko obra Espresionismo Abstraktuari dagokiola bete-betean, nahiz eta hark, bere aldetik, eragin horri buruzko aipamen espliziturik egin ez. Koreako Arte Informalak eta Estatu Batuetako Espresionismo Abstraktuak markatuta, Choiren esperientziek espazio dinamikoak sortu zituzten, keinu-pinturaren koloreen eta pintzelkaden arteko tirabira bortitzek nabarmen sekuentziatutakoak.

Choi, mitologia indibidual eta jenio tragiko baten jabe zen artista, goizik hil zen, 45 urte zituela. Seulen jaioa, arte munduarekin erlazio aktiboa zuen familia batean hazi zen. Margolari izatea gaztetik zuen amets bat zen. 1960ko hamarkadaren hasieran, Korea utzi —emakumeek zaila zuten han artista profesional gisa aitortuak izatea— eta AEBetara joan zen, ikastera. Han, baina, Asiako emakume artista onenak herrialde hartako arte-munduaren errealitate gordinari, hau da, gizon zuriaren nagusitasun erabatekoari, egin behar izan zion aurre. Emakumea ezkutatua (1966) lana, akaso autorretratu bat izateaz gain, artistaren garaiko erretratua ere bada: gizarte eta arte-mundu androzentriko batean bizi zen edozein emakume “artistarena” eta “asiarrarena”. Garai hartan bertan, collage batzuk ere egin zituen Choik: 1968ko Bakea (Peace) eta Nor da irabazle gudu odoltsu honetan? (Who Is the Winner in This Bloody Battle?) lanek, adibidez, gogora ekartzen dute 1960ko hamarkadaren amaierako arrazakeria, eta gerraren aurkako manifestazioak. Collage horien bidez, “errealitatea” sarrarazi zuen berriro bere arte abstraktuan, eta bere gordintasun osoan erakutsi zuen zein zen bere jarrera, Asiako emakume artista gisa, AEBetako gizarte-arazoen aurrean. 1979an, hamabost urtez AEBetan bizi ondoren, Koreara itzuli zen, baina ez zuen bere egin garaiko ingurune artistikoa, Dansaekhwa eta abangoardiako mugimenduak nagusi zirenekoa. Bere herrian arrotz sentituz, bakarrik jarraitu zuen lanean, azkenera arte. 1985ean hil zen. Emakumeak “artista” gisa aitortuak izatea oso zaila zen garai batean jaioa zen Wook-kyung Choi, eta bera izan lehenengoetakoa gizonen nagusitasuna eta emakumeen zapalkuntza onartzen zituen gizartearen irrazionaltasuna eta aurreiritziak salatzen. Are gehiago, egoera hori gainditzen saiatu zen, artea grinaz bizitzeko bere borondate erabatekoaren bidez.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Wook-kyung Choi eta Gwanmo Jeong, “The Contemporary Art Situation in the US and Two Exhibitions of Artwork”, Konggan, 1974ko urtarrila, 30. or.
  2. Konggan, 1985eko maiatza, 39. or.

PDF-a JAITSI