Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Lee Krasner

Eleanor Nairne

1908, New York (NY, AEB) – 1984, New York (NY, AEB)

Lee Krasnerrek intuizioan sinesten zuen: “Sekula ez dut neure burua behartzen, sekula ez… Begirunea diot ene barruko ahotsari”1. 14 urterekin, Lee Krassnerrek (Lena Kraser ezkontaurreko izenez) margolari izateko desira bizia sentitu zuen, eta Washington Irving High eskolan matrikulatzea eskatu zuen. Garai hartan, hura zen neskei arte ederretako ikasketak egiteko aukera eskaintzen zien ikastetxe bakarra New Yorken. Ez zen erabaki hutsala izan, Errusiatik emigratutako judu ortodoxo batzuen alabarentzat. Cooper Union-en ibili ondoren, National Academy of Design-en ikasi zuen, eta hango “giro antzua” eta irakaskuntza kontserbadorea borrokatu zituen2. 1937an, arte modernoaren jarraitzaile Hans Hofmann margolariarengana jo zuen, eta Kubismo Analitikoaren hastapenak ikasi zituen harekin, hark 9 Mendebalde kalean zuen eskolan. Krasnerrek behin baino gehiagotan aipatu zuen Hofmannek beraren lan baten aurrean behinola egin zion laudorio badaezpadakoa: “Hain da ona, inork ez bailuke esango emakume batek margotua denik”3.

1930eko hamarkadako krisi handian, Lee Krasnerrek Federal Art Project-en egin zuen lan, freskoen sailean4. Politikoki konprometitua izan zen, eta soldata-igoeren eta eskubide-aitorpenen alde eta kaleratzeen aurka manifestatu zen. Manifestazio horietako baten ondoren, atxilotu egin zuten (izen-deiturak eskatu zizkiotenean, ‘Mary Cassat’5 zuela izena esan zuen), eta Mercedes Matter margolaria ezagutzeko egokiera izan zuen ziegan. American Abstract Artists elkarteko kide aktiboa izan zen, eta 1942an, John Grahamek McMillen Galleryn antolatutako American and French Paintings erakusketan parte hartu zuen, Willem de Kooning, Stuart Davis eta beste artista batzuekin batera. Jackson Pollock zen ezagutzen ez zuen bakarra, eta hura ikustera joatea erabaki zuen (izan ere, haren estudioa etxetik gertu zeukan). Liluratuta geratu zen. 1945ean ezkondu ziren, eta XIX. mendeko etxalde batean jarri ziren bizitzen, Long Islandeko arrantzale-herri batean: Springs.

1946an, inguruko naturak inspiratuta, Krasner Irudi txikiak (Little Images) izenekoak sortzen hasi zen: bitxien antzeko irudi txikiez beteriko margolan delikatu batzuk. Mihisea mahai gainean zabalduta margotzen zuen, pintura tututik zuzenean edo trementinarekin diluituta aplikatuz, parpaila-itxurako efektua lortzeko. Harrotasunez eskegi zituen obra haiek gonbidatuen geletako hormetan, haien lagunek (Clement Greenberg arte-kritikariak eta beste hainbatek) miretsi ahal izan zitzaten. 1951n, erakusketa bat egin zuen, Anne Ryanrekin batera, Betty Parsonsesen galerian. 1955ean, “collage-pintura” distiratsuak aurkeztu zituen, Stable Galleryn, bakarkako erakusketa batean. 1956an, Pollock auto-istripu batean hil zelarik, haren estudio edo margolari-etxolan instalatu zen, eta formatu handiko pinturak egiten jardun zuen, eduki psikologikoz beteak. 1973an Whitney Museumek eta 1984an MoMAk haren obraren erakusketa handiak antolatu zituzten arren, Lee Krasnerren obra haren senarrarenaren itzalpean geratu da sarri. Emakumeen askapen-mugimenduaz hitz egiten ziotenean, zera esan ohi zuen Krasnerrek: “Lastima hogeita hamar urte lehenago gertatu ez izana. […] Zinez lagungarri izango zitzaidan”6.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Lee Krasner, hemen: Gaby Rogers, “She Has Been There Once or Twice: An Interview with Lee Krasner”, 1977, 4. or., Lee Krasnerren artxiboak, Archives of American Art (AAA), Smithsonian Institution, Washington, D. C. Gaztelaniaz: Lee Krasner. Color vivo, erak. kat., Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, 97. or.
  2. L. Krasner, hemen: Gail Levin, Lee Krasner: A Biography, Londres, Thames & Hudson, 2019, 54. or. Gaztelaniaz: op.cit., 13. or.
  3. Hans Hofmann, hemen: ibid., 129. or. Gaztelaniaz: op. cit., 193. or.
  4. Baliabide artistikoetan enplegua sortzen laguntzeko programa, AEBetako 1929ko krisiaren ondoren, New Deal politika ekonomiko berriaren barruan sustatua. [J.-F. Cornu itzultzailearen oharra]
  5. Mary Cassatt (1844–1926) margolari estatubatuar bat izan zen. Frantzian eman zuen bizitzaren parte handi bat, inpresionismoaren mugimenduari eta munduari atxikia. [J.-F. Cornu itzultzailearen oharra]
  6. L. Krasner, hemen: Cindy Nemser, “Lee Krasner’s Paintings 1946–49”, Artforum, 1973ko abenduak 12, 65. or.

PDF-a JAITSI