Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Laure Albin-Guillot

Julie Jones

1879, Paris (Frantzia) – 1962, Paris (Frantzia)

1931n, Mikrografia dekoratiboa (Micrographie décorative) argitaratu zuen Draeger argitaletxeak, formatu handiko karpeta bat; guztira, 350 ale atera zituzten. Lanak hitzaurre bat zekarren, Pariseko Arte Ederren Goi Mailako Eskola Nazionaleko zuzendari orokor Paul Léon-ek idatzia, eta hogei lamina biltzen zituen, paper tindatu eta metalizatuaren gainean egindako heliograbatuekin: Laure Albin-Guillot argazkilariak eginak ziren, mikroskopio baten laguntzarekin. Argazkilariak, leiarraren bitartez, forma harrigarriak hauteman zituen: kristalizazioak, zelula begetalak eta animalia-organismoak; lehen begi-kolpean ikusezinak zirenak.

Karpeta argitaratu zenerako, Albin-Guillot argazkilari eta dekoratzaile ospetsua zen jada. Lanbide Liberal eta Komertzialen Batasun Femeninoko lehendakaria zen; 1932an, berriz, Frantziako Arte Ederren Zuzendaritza Orokorreko argazkilaritza-artxiboa zuzentzeko hautatu zuten; ondoren, Frantziako Zinemateka Nazionaleko zuzendaria izan zen, 1933tik 1940ra. 1922tik aurrera, moda-argazkiak argitaratu zituen erregularki hainbat aldizkaritan (Vogue, Les Modes, L’Officiel de la couture…); halaber, estudio bat ireki zuen, zeinean erretratuak egiten baitzituen: lehenik, Ranelagh kalean (Paris, XVI. barrutia), eta, ondoren, Beauséjour bulebarrean.

Albin-Guillotek, bestalde, biluztasuna arakatu zuen: bere konposizioetan, gorputzen lehen planoak erakusten ditu —emakume zein gizonak—, eta enkoadraketa zabalagoak ere; hala, agerian geratzen da estilo klasikoa hobesten zuela, bere garaiari zegokion eran. Bere mikroargazkien arrakastak zerikusia du, orobat, garaiko gustuarekin; izan ere, sasoi hartan zaletasun handia zegoen argazki-ikonografia zientifikoarekiko. 1928tik aurrera, bere mikroargazki harrigarriak erakutsi zituen Albin-Guillotek, Parisen, Salon d’Escalier famatuan —Argazkilaritza Modernoko Lehen Areto Independentea—. Pariseko publikoak, gainera, arte- eta dekorazio-aretoetan ere ikus zitzakeen argazkilariaren lanak, objektuen tankeran sarri: Albin-Guillotek motibo horiek aplikatzen zituen, edo zuzenean moldatzen, hainbat objektutan, hala nola bionboak, koaderno-azalak, makillaje-hautsen kutxak eta lanpara-pantailak. Garaiko komunikabideetan biak goresten zituzten: argazkiak zein objektuak.

Hainbat artikulu kaleratu ziren horiei buruz, era askotako argitalpenetan: arte- eta dekorazio-aldizkarietan (L’Art Vivant, Art et décoration, Arts et métiers graphiques), aldizkari ilustratu orokorretan (L’Illustration, Vu…) eta argazkilaritzari berariaz eskainitako hedabideetan (Bulletin de la Société française de photographie, Le Photographe…). Iruzkingileek azpimarratzen zutenez, motibo garaikideak zerabiltzan Albin-Guillotek, eta dekorazioaren estetika sakonki eraberritzea ahalbidetu zuen horrela; bestalde, argazkilariak berak, zeinak, bere jardunari buruzko artikuluak plazaratzen baitzituen tarteka-marteka, bere argazkigintzaren izaera artistikoa nabarmendu zuen.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI