Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Aurèlia Muñoz

Lekha Hileman Waitoller

Izenburua:
Aurèlia Muñoz
Egilea:
Lekha Hileman Waitoller
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Artisautza | Emakumea artean | Artea eta espazioa | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Bolumena | Forma | Geometria | Kolorea | Materiala | Papera | Dekorazio-arteak | Nazioarteko Tapizgintza Biurtekoa | Ehungintza | Bartzelona | Elsi Giauque | Belaontziak
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Garaikidea
Teknikak:
Makramea
Artelan motak:
Eskultura | Instalazioa | Tapiza
Aipatutako artistak:
Abakanowicz, Magdalena | Buić, Jagoda | Muñoz, Aurèlia

1926, Bartzelona – 2011, Bartzelona

1960ko eta 1970eko hamarkadan, nazioarteko mugimendu batean jardun zen Aurèlia Muñoz artista katalana; mugimendu horren baitan, ehungintzaren arteak bere adierazpena gauzatu zuen, anbizio handiko forma eskultoriko abstraktuen bidez —zinezko artelanak—, nahiz eta ordura arte bazterrekotzat joa izan, “soilik” dekoratiboa omen zelako. Muñozek, batez ere, esperimentuak egin zituen makramearekin —eskuz korapilatua— eta jutearekin; modu horretan, espazio berri bat zabaldu zion sormen artistikoaren molde tradizional honi, zeina etxeko eremura mugatua egon baita historian. Antzinako tekniketara jotzen zuenez, irudimen handiko obrak sortzen zituen ehunean eta paperean, artearen eta artisautzaren arteko mugak lausotzen zituztenak, espazioan garatutako eskulturen eta instalazioen bidez.

Escola Massana-ko (Bartzelona) lantegian ikasi zuen tapizgintzaren artea Muñozek. 1960ko hasieran, errotik aldatu zen tapizgintzaren xedea: lehen, utilitarioa zen guztiz, baina, hortik aurrera, zerumuga gehiago zabaldu ziren alor horretan, hainbat artistaren ekinagatik. Muñozek, bere ehungintzan planteamendu berri bat txertatu nahian, motibo abstraktuak ehuntzeari ekin zion. Tapizak margotu eta estanpatu zituen, baita oihal- eta artile-zatiak josi ere, artile-hariekin, sisalarekin, jutearekin eta kotoiarekin —denak eskuz tindatuak—. Horri esker, testura eta erliebe desberdinak lortu zituen, forma geometrikoetan aldaera kromatikoak txertatuz. Hautsi egin zuen planteamendu artistiko eta artisautzazko finduegia, eta, horrela, oihartzun bitxiki garaikide bat erantsi zien bere obrei, zeinaren ondorioz hizkuntza berriak esploratzen jarraitu baitzuen ehungintzaren artean.

1965ean, Muñozek bere lana aurkeztu zuen Tapizgintzaren Nazioarteko Biurtekoan, Lausanan; kritikak harrera beroa egin zion. Gainera, Muñozek beste hiru artista ezagutu zituen han: Magdalena Abakanowicz, Jagoda Buić eta Elsi Giauque; guztiek ere bolumena eta testura eman nahi zioten tapizgintza ez dekoratiboari1. Muñozek makramearen teknika deskubritu zuen, duela hainbat mendetik egiten dena, eta, horren harira, korapiloak egiteko molde berri bat asmatu zuen, eta forma eskultoriko abstraktu aipagarriak sortzeko baliatu: adibidez, Aireko izakia (Ens Aeri, 1976).

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeratik laurogeiko hamarkadaren hasierara bitarte, obra-sorta bat garatu zuen, belaontzien ikerketan oinarrituz. Egitura handi-handiak sortu zituen, kometak balira bezala instalatzen direnak, airoski hegan eginez. Pisuen eta kontrapisuen sistema bat tarteko, objektuak hauspotzen dira, eta, halaber, espazioan duten posizioa irekitzen eta aldatzen da; horrela, harreman berezi bat ezartzen da arkitekturarekiko. 1980ko hamarkadaren hasieratik eta bere bizialdiaren amaierara arte, Muñozek paperarekin lan egin zuen batez ere. Garai horretako obrek bitartekoaren adierazpen-ahalmena indartzen dute, hainbat erreferentziatan oinarritzen diren —origamia, naturaren mundua edo kubismoa— eskulturen eta instalazioen bidez.

Muñozen lanaren ezaugarrietako bat da materialekiko, formekiko eta espazioarekiko esperimentazioa, zeinak zalantzan jartzen baitu ehungintza-artearen bazterketa: etxeko eremutik eta dekorazioaren arlotik ateratzen du, eta arte garaikidearen alorrean txertatzen.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Andreu Dengra, Sílvia Ventosa, “Aurèlia Muñoz. Recerques infinites. Fibres, textures i espai”, Datatèxtil, 29. zk., 2013, https://www.raco.cat/index.php/Datatextil/article/view/274603 (azken kontsulta: 2020ko urriak 5).

PDF-a JAITSI