Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Bridget Riley

Anne Montfort-Tanguy

Izenburua:
Bridget Riley
Egilea:
Anne Montfort-Tanguy
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Gizakia | Emakumea artean | Artea eta pertzepzioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Kolorea | Beltza | Zuria | Markoa | Erakusketak | Veneziako Bienala | Goldsmiths College | Museum of Modern Art (MOMA) | Royal Academy of Arts | Feminismoa | Kornualles | Londres | Barnett Newman | Francis Bacon | Harry Thubron | Maurice De Sausmarez | Peter Sedgley | Sam Rabin | William Seitz | Jaialdi eta sariak
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Futurismoa | Hard-edge | Op-art
Teknikak:
Dibisionismoa
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Riley, Bridget

1931, Londres (Erresuma Batua)

Bridget Riley Londresko familia aberats batean jaio zen. Gerra garaian, familiak Kornuallesera jo zuen babes bila, eta Bridget gazteak han igaro zuen haurtzaroa, Padstowtik gertu. 1946an Cheltenham Ladies’ College bigarren hezkuntzako eskola pribatu ospetsu batean sartu zen, barneko ikasle gisa. 1949an, Londresko Goldsmiths Collegen matrikulatu zen, eta marrazketa-ikasketak egin zituen Sam Rabinekin. Gero, Royal College of Arten jarraitu zuen bere burua prestatzen (1952–55), eta behin ikasketak amaituta, J. Walter Thompson Group publizitate-agentzian hasi zen lanean. Harry Thubronek 1959an antolatutako ikastaro batzuetan, Maurice De Sausmarez margolaria ezagutu zuen, zeinak arte modernoa eta haren jatorria ezagutarazi zizkion, Futurismoarekiko eta Dibisionismoarekiko interesa pizteaz gain.

1960ko udazkenean bien arteko harremana eten zenean, Rileyk, krisi pertsonal eta artistiko bat izan zuen, eta dibisionismoari uko eginda, bere lehen zuri-beltzeko margolana egin zuen, Musua (Kiss), Hard-Edge estilotik gertu dagoen geometrismo nabarmenekoa. Peter Sedgley margolaria ezagutu zuen orduan, 1960ko hamarkadaren erdialdera arte mutil-lagun izango zuena. 1961etik aurrera, artistak zuri-beltzeko koadroak margotzeari ekin zion buru-belarri. Margolan horietan, elementu egonkorren pertzepzioa (formatua, forma, kolorea) hainbat konposizio-prozesuren eraginpean geratzen da, zeinak, elkarri gainjartzean, deuseztatu eta desegin egiten dira. Garaitsu hartan, Londresko eszena artistikoa Francis Baconen itzal luzeak eta pop artisten bigarren belaunaldi baten etorrerak markatuta zegoela, Rileyren lehen bakarkako erakusketak (Gallery One, 1962) sekulako arrakasta izan zuen.

1965ean, William Seitzek New Yorkeko Arte Modernoko Museoaren The Responsive Eye erakusketan parte hartzera gonbidatu zuen. Hain zen handia garai hartan Op Arterako zaletasuna, non saltoki handiak Rileyren lanen erreprodukzioak erabiltzen hasi ziren erakusleihoak apaintzeko. Rileyk, arrakasta horrekin sinesgarritasun artistiko guztia galduko ote zuen bedur, demanda bat jartzen saiatu zen, Barnett Newmanen abokatuaren bitartez, plagioagatik.

1960ko hamarkadaren amaieratik aurrera, Rileyk laguntzaileen esku utzi zuen bere konposizioak gauzatzeko lana, eta pixkanaka, kolorea erabiltzen hasi zen berriro. 1968an, Veneziako 34. Bienaleko Sari Nagusia jaso zuen, eta lehen margolari britainiar garaikidea eta lehen emakumea izan zen sari hori jasotzen. Ez zituen begi onez ikusten feminismoak artearen munduan egiten zituen adierazpenak. Haren ustez: “Aspalditik frogatu da eskema psikologiko maskulinoak eta femeninoak batera bizi direla gizaki bakoitzarengan [...]; artistak, bereziki, naturaltasun osoz erabiltzen ditu biak bere jardunean; areago, artista orok hermafroditatzat har lezake bere burua”1. Pertzepzioaren prozedura fisikoekin liluratuta, 1998tik aurrera ezbaian jarri zituen formatua eta markoa, eta horma-irudi batzuk ere egin zituen, mihisea baztertuta.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Bridget Riley, “The Hermaphrodite [1973]”, The Eye’s Mind, Collected Writings 1965–1999, Robert Kudielka (ed.), Londres, Thames and Hudson, 1999, 39. or.

PDF-a JAITSI