Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Marcia Hafif

Michel Gauthier

Izenburua:
Marcia Hafif
Egilea:
Michel Gauthier
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Argazkigintza | Artea. Teoria | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Forma | Biomorfoa | Kolorea | Supports Surfaces taldea | Williams College | Sonnabend Gallery | Laguna Art Museum | MAMCO | Kalifornia | New York | Italia | Erroma | Craig Kauffman | Olivier Mosset | Robert Irwin | Thomas Krens | Zinema
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Hard-edge | Minimalismoa | Pop Artea
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Accardi, Carla | Hafif, Marcia

1929, Pomona (CA, AEB) – 2018, Laguna Beach (CA, AEB)

Marcia Hafifen artista-ibilbidea 1961ean hasi zen. Gaztaroa Kalifornian igaro ondoren (hango Collegen ikasi zuen 1951 arte), 1961eko abenduan Italiara jo zuen, eta 1969ra arte geratu zen han. Erroman harremanak izan zituen garaiko abangoardia italiarrarekin (Carla Accardirekin bereziki), eta berrehun margolanetik gora egin zituen, 1990eko hamarkadara arte ia ezkutuan geratu zirenak. Artistak “pop minimalistatzat” jo zuen lan multzo garrantzitsu hori, zeinen artean 84 eta 123 izenburuko mihiseak nabarmentzen baitira. Hard-edge lerroa, positiboaren eta negatiboaren arteko konbinazioa, kolore biziak eta forma biribilduak, biomorfoak zenbaitetan: era horretako lanetan, hizkuntza abstraktuaren balizko sinbolismoa eta balizko figurazio baten abstrakzioa nahasten dira. Kaliforniara itzulita, Hafifek ikasketak berrartu zituen, Kaliforniako Unibertsitatean (Irvine), Robert Irwin eta Craig Kauffman zituela irakasle. Garai hartan, pinturari uko egin, eta zinemagintzan, argazkigintzan eta soinu-instalazioan murgildu zen. 1971n, New Yorkera joan zen, eta 1973an, Sonnabend Galleryn sartu zen. Haren pintura monokromatikoa bilakatu zen. 1978an, saiakera garrantzitsu bat argitaratu zuen Artforumen, “Beginning again” izenekoa, abstrakzio piktorikoaren etorkizunari buruzkoa, non interes handia erakutsi zuen —garai hartako New Yorkeko artistek ez bezala— Europako esperimentuekiko, eta Supports/Surfaces mugimenduarekiko bereziki. Garai hartan, Olivier Mosset harremanetan jarri zen berarekin, eta, luze gabe, beste artista bazuekin batera, talde bat sortu zen, 1984an Thomas Krensek Williams Collegen (Massachusetts) antolatu zuen Radical Painting erakusketari esker historiara pasatu zena. Hafifen lana margolaritzaren berezko parametroak (materiala, kolorea eta teknika, besteak beste) baztertzen dituzten hainbat saialetan banatuta dago. 1999an, Kaliforniara itzuli zen. Genevako Mamcok erakusketa bat antolatu zion 2011n, Erromako garaiko lanekin, eta 2015ean, Laguna Art Museumek, berandu oso, atzerabegirako bat eskaini zion, Suitzan barrena ibili zena.

2010ean, bere artista-ibilbideari buruzko gogoetan, honela mintzatu zen Marcia Hafif: “Une batez ere ez nuen pentsatu porrot egin nezakeenik emakume izate hutsagatik. Ez nuen inoiz pentsatu `pintura femeninoa´ egitera behartuta nengoenik ere. […] Ez nuen ulertzen emakume izateak zein zentzutan eragotz ziezadakeen nahi nuen bezala lan egitea”. Eta gehitu zuen: “Baina bazen jarrera horretan xalotasun pixka bat ere, oso ondo etorri zaidana”1.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Marcia Hafif, “Histoire des Italians Paintings, 1961–1969”, hemen: Éric de Chassey (dir.), Marcia Hafif: la période romaine/Italian Paintings, 1961–1969, katalogo arrazoitua, Geneva, Mamco, 2020, 14. or.

PDF-a JAITSI