Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Joan Mitchell

Eleanor Nairne

1925, Chicago (IL, AEB) – 1992, Neuilly-sur-Seine (Frantzia)

Chicagoko School of the Art Institute-n diplomatu ondoren (1947), Joan Mitchellek Parisera eta Proventzara bidaiatu zuen ikasketa-beka batekin. Geroztik lotura sendoa eta iraunkorra mantendu zuen frantses kulturarekin. Aire zabalean margotuak zituen biluziei “oso frantses” iritzi zien, eta adierazi zuenez: “Matissek bezala margotzerik banu, paradisua izango litzateke”1. 1949an, New Yorkera itzulita, The Clubeko emakume kide bakarretakoa izan zen, eta maiz biltzen zen beste artista batzuekin Cedar Tavernera2. 1951n, Ninth Street Show erakusketa ospetsuan parte hartu zuen. Franz Klinek eta Willem de Kooningek, haiek ere erakusketan parte hartu baitzuten eta oso estimu handitan baitzuten haren lana, Mitchellek toki bat izan zezan lortu zuten. 1952ko urtarrilean, haren lehen bakarkako erakusketak (44 Mendebalde kaleko New Galleryn antolatua) ikusmina eta inbidia piztu zuen beste margolari batzuen artean. Noizbait geroago, espresionista abstraktuen taldeko kide ohi batek Thomas Hess arte-kritikariari aitortu zionez, “nik hemezortzi urte behar izan nituen Joan Mitchellek hilabete gutxitan lortu zuen mailara iristeko”3.

Mitchellen pinturari halako sentiberatasun berezi bat dario alde guztietatik. Hondo zurietatik abiatuta, artistak kolore biziko crescendoak eraikitzen ditu, pintzelkadak indarrez aplikatuta energia potentzial baten inpresioa emateko. Haren margolanak, lirismoz beteak, intentsitate bizikoak dira, eta oroitzapen bereziak ekartzen dituzte gogora. Mitchellek berak zioenez, “bertso bat hitz lauzko esaldi batetik bereizten duten ezaugarriak” agerrarazten saiatzen zen bere lanaren bidez4. Bestalde, artista maiz joaten zen New Yorkeko Eskolako poetak ikustera, John Ashbery eta Frank O’Hara gehienbat. Azken horri omenaldi bat egin zion Portuko gidariari (To the Harbormaster, 1957) lanarekin, haren olerki batetik hartu baitzuen izenburua. Joan Mitchellek familia naturaltzat zeuzkan olerkari horiek, haren ama bera ere, Marion Strobel, olerkari lirikoa eta Poetry aldizkariko erredaktorea izana zelako. Ezkonduta egon zen denboraldi labur batez institutuko garaitik ezagutzen zuen lagun batekin, gero Grove Press argitaletxearen jabe eta sustatzaile izan zen Barney Rossetekin.

1950eko hamarkadan zehar, bakarkako erakusketak egin zituen Eleanor Ward arte-merkatariaren Stable Galleryn, eta, 1958an, Whitney Museum of American Art erakundeak Astaperrexil (Hemlock, 1956) mihisea erosi zion. Hamarkada horren erdialdetik aurrera, Frantziaren eta New Yorken artean bizi izan zen. 1959an, Parisen kokatu zen, Frémicourt kalean (XV. barrutia), eta 1968an, Île-de-Franceko Vétheuil herrira joan zen bizitzera, herri ospetsua 1878tik 1881era Claude Monetek buru-belarri margotzen jardun zuelako bertan. 1974an, Marcia Tucker komisarioak haren obraren erakusketa handi bat antolatu zuen, lehen aldiz, museo garrantzitsu batean: Whitney Museumen (Tuckerrek berak Lee Krasnerren mihise handi batzuk ekarraraziak zituen aurreko urtean). Mitchell feminismoaren aurkakoa zen, aldekoa baino gehiago. 1986an, honela azaldu zion horri buruzko bere jarrera Linda Nochlin arte-historialariari: “Batzuetan, etsiak hartuta, neure buruari galdetzen nion egia izango ote zen emakumeok ez genuela margotzeko gaitasunik, gizon guztiek guri buruz esaten zuten bezala. Eta beste batzuetan, esaten nuen neure artean: ‘Doazela pikutara!’, ezta?”5.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Joan Mitchell, Linda Nochlinekin grabatutako elkarrizketa, 1986ko apirilak 16, Archives of American Art (AAA), Smithsonian Institution, Washington, D. C.; hemen: Judith Bernstock, Joan Mitchell, erak. kat., New York, Hudson Hills Press, honekin lankidetzan: Herbert F. Johnson Museum of Art, Cornell University, 1988, 143. or.
  2. Ikus Eleanor Nairneren saiakeraren 5. oharra katalogo honetan bertan.
  3. Thomas Hess, “Sensations of Landscape”, New York Magazine, 51. or., 1976ko abenduak 20, 76. or.
  4. Irving Sandler, “Mitchell Paints a Picture”, ARTnews, 56. libk., 6. zk., 1957ko urria.
  5. J. Mitchell, Linda Nochlinekin elkarrizketa, op. cit.

PDF-a JAITSI