Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Mugez harago: arte beltza Amerikan, 1960–1980

Lekha Hileman Waitoller

1960ko eta 1970eko hamarkadetan, Ameriketako Estatu Batuek asaldura sozial eta politikoko etapa bat izan zuten. Bertako artista beltzek —batez ere pinturan eta eskulturan jarduten zutenek—, artegintzan zuten presentzia unean uneko mugimendu politiko erradikalen barruan definitzen zutenek, bi arazo handi izan zituzten: arraza-segregazioa zegoen ingurune batean ordezkapena izatea, eta artista plastiko beltzen autodeterminaziorako baldintzak betetzea. Artista haietako askok bazekiten zer zegoen jokoan testuinguru horretan, bazekiten arte figuratiboak hobeto komunikatzen zuela amerikar beltzen esperientzia hura bezalako garrantzi handiko une historiko batean1. Hala ere, beste batzuek hizkuntza abstraktuaren aldeko hautua egin zuten, eta Abstrakzio Geometriko eta koloristaren korronte nagusien barruan aurkitu zuten bere adierazpen indibiduala, dimentsio kontzeptualaren bidez erantsiz beren obrari identitate beltza. Artista zuriek ez zuten halako dikotomiari aurre egin beharrik izan, askatasunez aukera baitzezaketen, identitateari lotuta egon beharrik izan gabe, adierazpide bisual bat edo beste. Abstrakzioaren eta figurazioaren inguruko polemikak bereziki biziak izan ziren 1960tik 1980ra bitarteko hamarkadetako New Yorkeko eszena artistikoan, Tom Lloyden Electronic Refractions II erakusketak eragin zuen erreakzioak erakusten duen bezala. Erakusketa 1968an antolatu zen, Harlemgo Studio Museum erakundea —afrikar jatorriko artistekin lan egiten duen erakunde bat— zabaldu zuteneko inaugurazio-ekitaldirako. Lloyden argi-eskultura elektronikoen aurkezpena arte figuratiboaren gezurtatze bezala ulertu zuten batzuek. Haren eskulturetako bati eraso egin zioten inaugurazioan, eta, sei hilabete beranduago, Studio Museum-eko zuzendari eta sortzaileak dimisioa eman zuen, erakunde hura hain ingurune esklusibo baterako “arruntegia” ote zenaren inguruan piztutako eztabaidaren ondorioz2. Grace Glueck kazetariak iritzi anbibalentea adierazi zuen, artista beltzentzat gordetako espazio batean arte nagusia inbasore modua sartu zela kontsideratzen zen gertaera hari daogkionez3. Kontuak kontu, hurrengo urteetan, abstrakzioak askoz pisu txikiagoa izan zuen Studio Museum-en programazio artistikoan.

Arte abstraktuak esperientzia beltza islatu ote zezakeen, eta, are gehiago, artista beltzen praktikarako egokia izan ote zitekeen, hori izan zen Metropolitan Museum-en hilabete batzuk geroago antolatu zen mahai-inguru baten gaia4. Lowery Stokes Sims arte-komisarioa ohartu zen inork ez zuela aipatzen Afrikako artea abstrakzio modernoaren funtsezko iturrietako bat zela, eta, beraz, “abstrakzioa, errealismoa baino gehiago, arte beltzaren muina izan zitekeela”5. 1980an, April Kingsley kontserbatzaileak horixe bera azpimarratu zuen Afro-American Abstraction erakusketaren aurkezpenean, MoMA PS1 fundazioan: hemeretzi artista beltzen lanak erakutsi ziren, eta agerian geratu zen modernitatearen eta Afrikako estetikaren (hain emankorra abstrakziorako) arteko loturak ukaezinak direla. Erakusketan parte hartu zuten emakumeen artean Maren Hassinger, Senga Nengudi eta Howardena Pindell zeuden. Artista horiek pinturaren, eskulturaren eta performancearen bidez azaldu zituzten beren adierazpide abstraktuak, eta, Kellie Jones arte-historialariak ohartarazi bezala, agerian utzi zuten zein izango zen hurrengo hamarkadan ikusiko ziren artelanen gai nagusia: identitatea6.

Urte horietan, artista-ekintzaile talde asko sortu ziren, emakumeen eta artista beltzen ordezkaritza eskasa salatzeko; eta haien lanak bide bat ireki zien artista abstraktu beltzei. Ekimen horiek herrialde osora zabaldu ziren, baina New Yorkeko bi talde nabarmendu ziren bereziki: Black Emergency Cultural Coalition (BECC) eta Artist Workers Coalition (AWC)7. BECC (1969-82) behaketa- eta zaintza-talde bat izan zen, arrazakeria instituzionalizatua salatzea eta New Yorkeko museoetan artista eta kontserbatzaile beltzik ez egotea zuzentzeko neurriak hartzea helburu izan zuena. Bizitza laburragoa izan zuen AWC (1969–71) taldeak bere egin zituen BECCen errebindikazioetako batzuk ere, berdintasunezko ordezkaritza mota baten eta boterearen deszentralizazioaren alde egiteaz gain. Bi taldeek hainbat protesta egin zituzten New Yorkeko museoetan, eta erakunde nagusietan zenbait aldaketa onartzea lortu zuten.

1969–71 bitartean, BECC taldeak Whitney Museum-eko ekintzetara bildu zituen bere ahaleginak, eta lan horren ondorioz, artista beltzen hamaika erakusketa indibidual eta kolektibo bat egitea lortu zen. Garaipen horrek hainbat artista abstraktu eraman zituen museora: Alvin Loving, Melvin Edwards, Fred Eversley eta Frank Bowling. Haienak izan ziren autore beltzen lehen erakusketa monografikoak Whitney Museum-en historian. Bere obra museo horretan ikusgai jarri zuen lehen emakume afroamerikarra Alma Thomas izan zen, 1972an, artistak 81 urte zituela8. Haren ondotik Betye Saar eta Minnie Evans artistenak etorri ziren gero9. 1971n BECCren ekimenez antolatu zen Contemporary Black Artists in America erakusketak ere nolabaiteko eztabaida sortu zuen. Artista askok beren lanak kendu zituzten erakusketa horretatik, museoak ez zuelako bete BECCen eskakizuna, erakusketa komisario edo espezialista beltz batek antolatzea, alegia. Parte-hartzaile gazteenetako bi Barbara Chase-Riboud eta Howardena Pindell izan ziren10.

BECC eta AWC taldeen ekintzak, tamalez, oso ezagunak egin dira 2020an, AEBei eta gainerako herrialdeei arrazakeria instituzionalizatua amaitzea eta artista beltzei lehentasuna ematea eskatzen ari zaienean. Black Lives Matter Arts+Culture eta Black Women Artists for Black Lives Matter (Simone Leigh artistak sortua) elkarteak, adibidez, museoen esparruko artista eta profesional beltzen jarduna mugatzen jarraitzen duen arrazakeria sistemikoaren aurkako ekimen horien adibide berriak dira. Gaur egun, kategoria artistikoak, hala nola abstrakzioa edo figurazioa, ez daude jada eztabaidaren erdigunean; aitzitik, puri-purian dagoen eztabaida da nola birkokatu artista beltzak artearen historian, nagusiki zuria den historia horretan, eta nola islatu historian, sortzaile horietako askoren ibilbidearen inguruan urteetan izandako isiltasuna11. Darby English arte-historialariak xuxen asko iradoki duen bezala: “Abstrakzioak ezagutza-, koexistentzia- eta kultura-moduen behar existentzial bati erantzun zion, mestizajearen errealitatea eta mugak gainditzen zituzten jarduerak gertutik bizi zituen premia bati; eta esan beharra dago jarduera horiek askoz sortzaileagoak direla ‘kultura-ekoizpen’ etiketaren azpian mugak ezartzen ibiltzea baino. Eta emaitzak askoz ere konplexuagoak dira kulturaren arloan abstrakzio beltza etiketak agerian utz lezakeena baino12”.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Lowery Stokes Sims, “Discrete Encounters: A Personal Recollection of the Black Art Scene of the 1970s”, hemen: Kellie Jones (ed.), Energy/ Experimentation: Black Artists and Abstraction 1964–1980, New York, The Studio Museum, 2006, 49. or.
  2. Grace Glueck, “Less Downtown Uptown”, The New York Times, 1969ko uztailak 20, D19-20. or.
  3. Ibid.
  4. “The Black Artist in America: A Symposium”, The Metropolitan Museum of Art Bulletin, 27. libk., 5. zk., 1969ko urtarrila, 245–60. or.
  5. L. Stokes Sims, “Discrete Encounters…”, art. cit., 50. or.
  6. K. Jones, “To the Max: Energy and Experimentation”, hemen: Energy/Experimentation, op. cit., 31. or.
  7. Garai hartako ekimenak Ekialdeko Kostaldetik harago ere zabaldu ziren, baina liburu honen espazio-mugak direla eta, nahiago izan dut bi horietaz bakarrik aritu.
  8. Alma Thomasek atzera begirako erakusketa bat aurkeztu zuen urte hartan bertan Corcoran Gallery of Art-en. Hala, 1972a arrakasta handiko urtea izan zen artistarentzat.
  9. Caroline V. Wallace, “Exhibiting Authenticity: The Black Emergency Cultural Coalitions Protests of the Whitney Museum of American Art, 196871”, Art Journal, 74. libk., 2. zk., 2015, 17. or.
  10. Ibid., 19. or.
  11. Darby English, 1971: A Year in the Life of Color, Chicago, The University of Chicago Press, 2016, 17. or.
  12. Ibid.

PDF-a JAITSI