Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Florence Henri

Karolina Ziebinska-Lewandowska

Izenburua:
Florence Henri
Egilea:
Karolina Ziebinska-Lewandowska
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Argazkigintza | Artea eta espazioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Konposizioa | Erakusketak | Natura hila | Pinturagintza | Bauhaus Eskola | Deutscher Werkbund elkartea | Académie André Lhote | Académie Moderne | Museum Folkwang | Lehen Mundu Gerra | Berlin | Dessau | Düsseldorf | Munich | Weimar | Paris | Fernand Léger | Josef Albers | László Moholy-Nagy | Margarete Schall | Paul Klee | Vasily Kandinsky | Bidaiak | Ispiluak
Mugimendu artistikoak:
Abstrakzio Geometrikoa | Arte Abstraktua | Arte Figuratiboa | Kubismoa
Teknikak:
Collage | Patchwork
Aipatutako artistak:
Henri, Florence

1893, New York (NY, AEB) – 1982, Compiègne (Frantzia)

Florence Henri argazkilari gisa ezaguna zen, baina baita pintore gisa ere, eta artista modernoaren figura gorpuzten zuen. Kosmopolita zen, Frantzian, Alemanian, Ingalaterran, Austrian eta Suitzan zehar bidaiatzen ibili ohi zen, baina berritzen ausartzen ziren artisten hurbil ibili zen beti, eta ingurune desberdin haietan guztietan inspirazioa aurkitu zuen. Lehen Mundu Gerra bukatu ondoren piano-jotzaile karrerari uko egin ondoren, pintura-ikasketak egin zituen Berlinen, Düsseldorfen eta Weimaren, non Paul Kleeren eta Vasily Kandinskyren ikastaroetara joan baitzen Bauhausean.

1924–25an Parisen bizi izan zen eta André Lhoteren akademian eta Fernand Légeren arte modernoko akademian matrikulatu zen. Garai hartako haren koadroek abstrakzio geometrikoaren posibilitateak esploratzen zituzten. Mugimendu abangoardistak biltzen zituzten hainbat emanaldien esparruan aurkeztu zituen Henrik bere koadroak, batik bat L’Art d’aujourd’hui-n (Paris, 1925).

1927an, Margarete Schall adiskideari Dessauko Bauhausean egin zion bisita batean, László Moholy-Nagyren eta Josef Albersen sarrerako ikastaroan matrikulatu zen. 34 urterekin argazkia aurkitu, eta bere paletari atxiki zion, eta mintzaira berri horrekin jarraitu zituen bere ikerketa abstraktuak. “Argazkiarekin, pinturarekin egiten dudan bezala konposatu nahi dut batik bat irudia. Bolumenek, lerroek, itzalek eta argiek nire borondatera makurtu beharra daukate eta nik esatea nahi dudana esan behar dute”1.

Bere esperientzia piktorikoan inspiratu zen, eta espazioa zatitzen eta antolatzen duten ispiluen bitartez eraiki zituen sarritan konposizioak. Collagera jo zuen estilo kubistako bere natura hilak egiteko. Errealitatean forma geometrikoak bilatzean, negatiboaren esposizio bikoitza erabiltzen zuen, balioak alderantzikatzen zituen eta ikuspuntuak kulunkatzen zituen, Argazkigintza Berriaren kodeen arabera.

Haren argazki puristek, modernoak eta originalak zirenez, berehala izan zuten arrakasta. Argazkigintza modernoaren historiako hiru gertaera funtsezkotan parte hartu zuen: Fotografie der Gegenwart, Essengo Museum Folkwangen 1929an; Film und Foto (Fifo), urte hartan bertan Stuttgart Deutscher Werkbundek antolatua; eta Das Lichtbild, Munichen 1930ean egindakoa.

Ordurako argazkilari profesional gisa Parisen hartua zuen egoitza, eta han estudio bat zeukan, non erretratuak egiten, argazkigintzako ikastaroak ematen eta publizitateko enkarguak egiten baitzituen, bere estilo modernoa aplikatuz hari guztiari. Haren jarduera fotografikoa ahuldu egin zen 1950eko hamarkadan; Henrik pinturari berrekin zion, figuratiboa edo abstraktua, eta, tarteka, patchworkeko piezak eta collageak egiten zituen. Baliabide desberdinen arteko joan-etorri haiek elikatu zuten haren artea, zeinak osorik hartutako analisi bat merezi baitu. 

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Florence Henri, hemen aipatua: Florence Henri: miroir des avant-gardes, 1927–1940, erak. kat., Paris, Jeu de Paume, 1915, 11. or.

PDF-a JAITSI