Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Alma Woodsey Thomas

Laure Chauvelot

1891, Columbus (GA, AEB) – 1978, Washington D.C. (AEB)

Alma Woodsey Thomasen lan abstraktuek sorterriko (Georgia) plantazio mardulen oroitzapena dute beharbada abiapuntu. Gazte zelarik, Washingtonera joan zen familiarekin, sistema segregazionistaren indarkeriatik ihesi, eta hezkuntza-eskaintza hobea aurkitzeko esperantzan. Armstrong High Schoolen ari zela, arkitekturak erakarri zuen hasieran, baina, 1991n, haur-hezkuntzako ikasketen alde egin zuen azkenean. 1921ean Washingtoneko Howard Unibertsitatean matrikulatu zen, bere karrera ehungintzara bideratzeko asmoz. James Vernon Herring artista eta irakasleak berak gidatzen zuen Arte departamentura batzera gonbidatu zuen, eta, hark adoretuta, Loïs Mailou Jones margolariaren eskoletara joan zen, azken margolaritza-joerak ezagutzeko. Ikasketak amaitzean, Arte Plastikoetako irakasle postua lortu zuen Shaw Junior High Schoolen. Hogeita hamabost urtez jardun zuen han lanean, eta bizitzaren etapa horretan alde batera utzi zuen margolaritza.

1940ko hamarkadan, Barnett-Aden Galleryren (1943) inaugurazio-erakusketan eta Loïs Mailou Jonesek antolatutako artista afro-amerikarren Aretoan parte hartu zuen. Arte-ikasketak egin zituen gero, zintzo-zintzo, bi tokitan: Columbia Universityn (1930–34) aurrena, eta American Universityn (1950) gero. Hirurogei urteak beteak zituela, keinu-marrazketa abstraktu eta ez-formalaren alde egin zuen, nahiz artista afro-amerikarrek utzia zuten ordurako joera hori; izan ere, eskubide zibilen aldeko mugimenduak iraun zuen bitartean, pintura figuratiboa hobetsi zuten borroka tresna gisa. Thomasek ez zuen nahi izan bere garaiko aldarrikapen politikoekin lot zezaten, eta errefusatu egin zuen “Black Art” esamoldea. Thomasek denboraz gaindiko arte unibertsal bat zuen amets: “Sekula ez ditut margotu nahi izan bizitzako izugarrikeriak. Aurrera ateratzen ez den jendea, arazoak dituena. […] Ez. Zerbait ederra sortu nahi izan dut, hari luzaro begira egoteko gogoa emateko modukoa”1.

1960an, erretiroa hartu zuen urtean, distira handiko karrera artistiko bati hasiera eman zion. 1966an, Howard Galleryn, margo abstraktuak aurkeztu zituen: kolore biziko margo-orbanez osaturiko mosaiko batzuk, zerrenda bertikal eta zirkularretan antolatuak. Thomasen orduko lana Washington Color Schooleko Kolore Eremuen Pinturarekin lotu zen, eta jende askoren arreta erakarri zuen Washington Color Painters erakusketaz geroztik (1965, Washington Gallery of Art). Lurreko margoak (Earth Paintings) saileko margolanetan  —Lirioak, tulipanak, nartzisoak eta azafraiak (Iris, Tulips, Jonquils, and Crocuses, 1969) — Thomasek inguruan zeukan naturaren ikuspegi makroskopiko bat eskaini zuen, ordurako margo-orbanak besterik bereizteko gai ez balitz bezala. 1972an, haren obraren erakusketa ibiltari bat aurkeztu zen Washingtoneko Corcoran Gallery of Arten. Urte hartan bertan, Whitney Museumek artista afro-amerikarren erakusketa-programa bat antolatu zuelarik Black Emergency Cultural Coalitionen presioz, Thomas hautagai ezin hobea bihurtu zen erakusketan parte hartzeko, bai bere obragatik beragatik, bikaina baina eduki politikorik gabea, bai bere jarrera apolitikoagatik2. Thomas izan zen, horrenbestez, lehen emakume afro-amerikarra bere lana AEBetako museo batean antolatutako bakarkako erakusketa batean erakusten. AEBetako mugetatik kanpo, ordea, ez zuen onarpenik izan.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Alma Woodsey Thomas, hemen: Eleanor Munro, “The late Spring time of Alma Thomas”, Washington Post Magazine, 1979ko apirilak 15, 24. or.
  2. Ikus Jonathan Binstock, “Apolitical Art in a Political World: Alma Thomas in the Late 1960s and Early 1970s”, hemen: Alma Thomas: A Retrospective of the Paintings, erak. kat., Fort Wayne, Fort Wayne Museum of Art, 1998, 54–70. or.; hemen jasoa: Alma Thomas, erak. kat., New York, The Studio Museum in Harlem, 2016, 235. or.

PDF-a JAITSI