katalogoa
Eva Hesse
Jo Applin
- Izenburua:
- Eva Hesse
- Egilea:
- Jo Applin
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
- Neurriak:
- 22,5 x 30
- Orrialdeak:
- 350
- ISBN:
- 978-84-95216-93-9
- Lege gordailua:
- BI-01621-2021
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Giza gorputza | Artea eta umorea | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Bolumena | Forma | Geometria | Kolorea | Beltza | Zuria | Materiala | Oreka | Erakusketak | Pinturagintza | Yale University | Feminismoa | New York | Alemania | Josef Albers | Sol Lewitt | Lucy Lippard | Erotismoa | Dimentsioa
- Mugimendu artistikoak:
- Abstrakzio Geometrikoa | Arte Abstraktua | Minimalismoa
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Hesse, Eva
1936, Hamburgo (Alemania) – 1970, New York (NY, AEB)
Eva Hesse, alemaniar jatorriko estatubatuar artista, funtsezko irudia izan zen Abstrakzio Eszentrikoaren taldean, zeinaren babesle izan baitzen Lucy R. Lippard kritikaria 1960ko hamarkadan. Margolari gisa hasi zen Hesse (Josef Albersen ikasle izan zen Yalen), eta abstrakzio geometrikoa landu zuen, zeinaren mugak arbuiatu baitzituen eskulturako eta marrazketako bere jardunean, hirurogeiko hamarkadaren hasieratik hil zen arte (gazterik hil zen, 1970ean). 1964–65 urteetan, Alemanian lanean ari zela, sorkuntza-molde ez hain zorrotzerantz eta eszentrikoagorantz lerratuz joan zen Hesse. Garai hartan, marrazki mekanomorfo batzuk egin zituen, “makinak bezain eroak”1, haren hitzetan, eta esperimentuak egin zituen kolore biziko erliebe-sorta batekin, hala nola Ringaroundarosie (1965) obran, zeinaren forma arrosa hanpatuek gogorarazten baitituzte bularrak.
New Yorkera itzuli ondoren, hiru dimentsiotan lan egin zuen Hessek. Hasierako erliebeen eta paper gaineko obren kolore oparoen ordez, paleta monokromo beltz, zuri eta grisa nagusitu zen haren obretan. Gorputz eta erraboila formako eskultura serie bat landu zuen: askotariko materialez —besteak beste, maché paperez eta latexez— egindako objektu erotiko-abstraktuak. Artistak hiztegietan bila jardun zuen bere obrei izenburu absurduak jartzeko, eta horrela izendatu zituen Gehigarria (Addendum), Askotarikoak (Several), Eskema (Schema) edo Errepikapena (Ingeminate), lokarri batez estali eta xingola formako kautxuzko hodi luze baten bidez elkarri lotutako saltxitxa formako bi objektuk osatutako obra. Minimalismoak zehaztasun geometrikoan eta forma modularrean jartzen duen enfasia adierazten dute obra horiek, ikuspuntu berri batetik. Haren lerroak eta akabera inperfektuak dira beti, adibidez Titulurik gabea (1970), zeinak adierazten baititu zazpi zutoin, L forman, oreka ezegonkorrean, zutoin horietako bakoitza dela latex zeharrargiz estalitako alanbrezko egitura batek osatua.
Eccentric Abstraction erakusketan erakusgai jarri zuen Irregulartasun metrononomikoa II (Metronomic Irregularity II), dentsitate handiko zuntzezko hiru ohol lauki, lerrokatutako eta erregularki tartekatutako zulo batzuk dituztenak, zeinetan zehar pasatu baitzituen Hessek kotoiz estalitako alanbre batzuk. Lauki-sarearen antolaketa-printzipioak erabiltzen ditu hemen, eta jolasaren bidez iraultzen, obraren gainazal guztian elkarri gainjartzen zaizkien alanbreen nahas-mahas “irregularraren” bidez. Irregulartasun metronomikoa II lanak ezin hobeto erakusten du Hessek logika minimalista nola bereganatu zuen eta nola ihes egiten zion, aldi berean, plano formalean, asmo berritzaile eta harrigarriez. 1968–69 bitartean, Hess bere obrekin agertu zen argazki sail batean, obrak eskuetan hartuta edo sorbaldetan bermatuta, bere sorkuntzen konnotazio erotiko-abstraktuak objektiboaren aurrean kutsu komikoaz adierazteko aukera eman zion kritika feminista pribimitibo modura.
[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]