Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Tess Jaray

Christine Macel

Izenburua:
Tess Jaray
Egilea:
Christine Macel
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Arkitektura | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Kolorea | Erakusketak | Saint Martin’s School of Art | Slade School of Fine Art | Serpentine Gallery | Whitechapel galeria | Würtel Gallery | Centre Pompidou | Moderna Museet | Tate Modern | Landareak | Ingalaterra | Londres | Italia | Florentzia | Viena | Filippo Brunelleschi | Giotto di Bondone | Piero della Francesca | Leah Bondi Jaray
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Espresionismo Abstraktua | Gotikoa | Op-art
Teknikak:
Marrazkia
Artelan motak:
Kokapen zehatzerako artea | Pintura
Aipatutako artistak:
Jaray, Tess

1937, Viena (Austria)

1942an, haurra zela, Ingalaterrara jo behar izan zuen familiarekin, Austriatik ihes. Aitonak (arte bildumagilea) eta izebak (Leah Bondi Jaray, Würtel Galleryren sortzailea) sarrarazi zuten artearen munduan. 1954tik aurrera, St Martin’s School of Arten ikasi zuen, eta, ondoren, Londresko Slade School of Fine Arten. Espresionismo Abstraktua ezagutu zuen Tate Moderneko erakusketei esker, eta geroago, 1960an, Italia. Filippo Brunelleschiren katedralak, Florentzian, biziki liluratu zuen, eraikuntza-espazioak delineatzeko moduagatik gehienbat, eta Giotto, Piero della Francesca eta perspektiba lineanalaren beste maisuen ikerketek, sakontasuna eta dimentsio-hirutasuna iradokitzen zutenek, hasierako espresionismotik aldentzera bultzatu zuten.

1960ko hamarkadan, estilo berezi bat sortu zuen, akabera homogeneo-bikaineko arkitektura-espazioak oroitarazten dituzten olio batzuk margotuta, hala nola San Esteban berdea (St Stephen’s Green, 1963), 1957ko udan berraurkitutako Vienako katedral gotikoan oinarritutakoa (katedraleko estalkiaren koloreagatik hartzen du izena margolanak)1. 1965ean, Op and Pop: Current English Art erakusketan parte hartu zuen, Stockholmeko Moderna Museeten, eta horrek mugimendu optikora hurbiltzera eraman zuen, baina, nolanahi ere, Tess Jarayk beti egin zion uko artea esperientzia bisual hustzat hartzeko ideiari; aitzitik, esperientzia pertsonalez elikatutako artea aldezten zuen berak, arkitektura naturalari eta eraikitakoari estuki lotutakoa. Frantziako Villandry gazteluak zein Afrika Iparraldeko eta Ekialde Ertaineko arkitekturaren motibo geometrikoek liluratuta, Tess Jarayk aurrera jarraitu zuen bere pintura-lanarekin, betiere aurretiko marrazketa-praktikan sendo oinarrituta.

Haren margolanek errepikatutako motibo abstraktuak, naturakoak zein arkitekturakoak, dituzte eredu: landareak, fosilak, eraikinak, lorategiak… Abstrakzioaz duen ikuskerak formei eta motiboei arreta ematea eskatzen du. Izan ere, Tess Jarayrentzat formak eta motiboak ez dira azaleko zerbait, ez dira apaingarri hutsak, “munduaren zimenduekin lotzen gaituzten oinarri-oinarrizko” zera batzuk baizik. Ingalaterran egindako bi erakusketa indibidualek sona handia eman zioten: Whitechapelen 1973an egindakoak, batetik, eta Serpentine Galleryk 1988an eskainitakoak, bestetik. 1990eko hamarkadan, garrantzi handiko obra bat egin zuen Londresen —Victoria geltokiko zoladura—, eta kontratazio publikoko beste hainbat proiektu. 2019an, Centre Pompidouk haren bi lan erosi zituen (Tateko bilduman ere badira zenbait), eta horrek inflexio-puntu bat ezarri zuen obra horren harreran, zeinak artistak bere lanaren bidez biziaren nolakotasunaz transmititu nahi dituen ezaugarri batzuen arrastoa baitarama berekin: “zuhurtasuna, misterioa, azalaren azpian gertatzen den hori, ezin helduzkoa, ezin ulertuzkoa”2.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Artistak testu bat eskaini zion kolore berdeari bere idazlanen bilduma honetan: Painting: Mysteries & Confessions. A Collection of Writings by Tess Jaray, Londres, Lenz Books, 2010.
  2. “The understated, the mysterious, the events-below-the-surface, the ungraspable, the un-understandable”, Tess Jaray, cit. en Tess Jaray, erak. kat., Londres, Whitechapel Art Gallery, 1973.

PDF-a JAITSI