Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Jagoda Buić 

Jessica Gerschultz

Izenburua:
Jagoda Buić 
Egilea:
Jessica Gerschultz
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Mitoak | Pertsonaia mitologikoak | Artea eta espazioa | Artea eta estetika | Artea eta paisaia | Artea eta politika | Artea. Teoria | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Tamaina | Barne-diseinua | Dekorazio-arteak | Eszenografia | Jantzi-diseinua | Oihalak | Nazioarteko Tapizgintza Biurtekoa | Ehungintza | Milaneko Hirurtekoa | Los Angeles | Dalmazia | Erroma | Milan | Jugoslavia | Viena | Zagreb | Herri-kultura | Jaialdi eta sariak
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua
Artelan motak:
Tapiza
Aipatutako artistak:
Abakanowicz, Magdalena | Buić, Jagoda

1930, Split (Jugoslavia)

Oihalen testuingurua, ehungintzaren teoria, antzezlanak eta kultur ondarea: horiexek dira Jagoda Buić-en mundu artistikoko osagaiak. Jugoslavian jaio zen, intelektualen eta militante politikoen familia batean. Antzerki Eszenografia eta Artearen Historia ikasi zituen, hurrenez hurren, Zagrebeko Arte Aplikatuen Eskolan eta Zagrebeko Unibertsitatean; ondoren, eszenografia, jantzien diseinua eta barne-dekorazioa ikasten segitu zuen Vienan eta Erroman. Gerraren ondoren, eta bere prestakuntzaren eraginez, diseinuaren, ordenaren eta egituraren artean zer harreman dagoen ikertzeari ekin zion; hausnarketa estetiko horiek argi bai argi ikusten dira bere obran, etengabe. Testuinguru politiko hartan, leku nabarmena eskaintzen zitzaion herri kultura nazionalari; hori dela-eta, Buićek gazterik erakutsi zituen bere obrak jendaurrean. Jantziak eta dekoratuak sortu zituen Split-eko Teatro Nazionalarentzat, Zilarrezko Domina bat eskuratu zuen Milaneko Hirurtekoan (1957) eta Jugoslaviako ordezkari gisa abiatu zen estatuak sustaturiko erakusketatara, Ekialdeko Europan eta Sobiet Batasunean zehar. 1960. urtearen bueltan, berak “ehungintzaren egoera” deitzen dion horri heldu zion. Buićek tapiz erraldoi bat bilbatu zuen, Belgradeko Kontseilu Exekutibo Federalarentzat, Josip Broz Tito-ren urteurrenaren aitzakian, eta Gaztaroaren Festako maratoiaren harira, 1961ean. Gerora, 1963an, beste tapiz handi bat egin zuen, sustrai naturaletara itzultzeari dagozkion esanahi alegorikoz betea, presidentearen egoitzarako.

Lehengai gordinen eta prozesuen poesiak erakartzen baitzuen, Buićek, hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan, esperimentuak egin zituen ehun-egiturekin, -objektuekin eta “-egoerekin”. Ehundutako objektuen autonomia babestu zuen, planteamendu estetiko berri bat adierazi nahian: horretarako, Ariadnaren sinbolismo mitologikoan oinarritu zen, zeinetan ehun-hariek pentsamendu independentearen kanalak adierazten baitituzte. Artistak bere teoriak osatu zituen, artile-hariekin egiten zituen manipulazioei buruz, eta “lazotze” gisa izendatu zituen, gogora ekarriz gogoaren moldagarritasuna eta gure irudimenaren prozesuak behin eta berriro egituratzeko ahalmena. Espazio hutsarekin lotzen zituen lazotzeak, azalera-, testura- eta hutsune-egiturei hasiera emateko asmoz. Buić, halaber, Dalmazian oinarritu zen, bere herrian eta bere sustrai eslaviar antzinakoetan. Sarritan, paisaiak erakusten ditu bere sorkuntzetan: zenbait iruditan, landa-eremuko emakume ehule eta tindatzaileekin besoz beso lanean agertzen da (publikoki aipatu izan ditu emakume horiek), eta oinez zeharkatzen ditu larreak, arkume-taldeekin batera, eta zaldiz ibiltzen da, orobat, ehungintza-testuinguruetan. Ehungintzaren ahalmen metaforikoa erakusten duenean, kultur autodeterminazioaren adierazpen bat ikus daiteke. Haren obrak atze-oihal gisa erabili dituzte Ez Lerrokatuen Mugimenduko buruzagi batzuek. Buićen filosofia artistikoa eta lan monumentalak, gainera, bat datoz Tapizgintza Berriaren praktikekin, espazioaren potentzialaren eta ehunen dimentsio kontzeptualari buruzkoak. Lausanako Tapizgintzaren Nazioarteko Biurtekoetan jardun zen, bai eta erakusketa handietan ere, Magdalena Abakanowiczekin batera, eta beste erakusketa kolektibo batzuetan halaber, esaterako, Deliberate Entanglements erakusketan, zeina Los Angelesen eta beste bost hiri estatubatuarretan aurkeztu baitzen 1971 eta 1972 bitartean.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI