Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Harmony Hammond

Laure Chauvelot

1944, Chicago (IL, AEB)

1969an New Yorkera iritsi zenean, Harmony Hammondek uko egin zien 1960ko hamarkadaren amaierako Hard-Edge estiloko bere mihise monumentalei, tradizio minimalistaren aldeko bere atxikimendu hori kezka batetik sortutako mimetismo baten ondorio zela ohartuta. Kezka honetatik, hain zuzen: “Nire adineko beste emakume askorenak bezala, nire gaztetako lanak pertsonalak dira oso. Baina gauzen alderdi hori ezkutatzen ikasi dugu, beldur garelako gure lana ez dela aitortua edo aintzat hartua izango […]”1. Ordutik aurrera, borroka feministan parte hartzen hasi zen —emakume artistei laguntzeko talde batekin bat eginez—, bai eta eskubide zibilen defentsan, gay eta lesbianen aldeko aktibismoan eta Vietnamgo Gerraren aurkako protestetan ere. 1972an, A.I.R. Gallery (Artists in Residence) arte galeriaren —emakumeek zuzendutako lehen arte-galeria kooperatiboaren— sortzaileetako bat izan zen, eta urtebete geroago bakarkako erakusketa bat aurkeztu zuen hantxe.

Bigarren olatu feministan egin zituen gogoetek eduki politikoz hornitu zuten bere obra. 1970ean, honakoa adierazi zuen: “Feminismoak isiltasuna hautsi du; eskaini zidan laguntza, intelektual eta sormenezkoa […], oso baliagarria izan zait nire emakume esperientzian errotutako lana aurrera eramateko orduan”2. 1974an, hiru Lurzorurako pieza (Floorpieces) —koloretako oihal-zerrendez osatutako ehunezko lanak, pintura akrilikoz margotuak— jarri zituen ikusgai Nancy Hoffman Galleryko A Woman’s Group erakusketan. Lan horien kategoria erabat zehaztugabe geratzen da, eskulturaren eta pinturaren artean, arte “noblearen” eta arte “herrikoiaren” artean. Lanok alfonbra itxura hartzen duten arren, artistak margolanen duintasuna eman zien, horma hutsen ondoan paratuta. Hammondek material pobre bat aukeratu zuen, esanahiz betea, baina eszena artistikoan nagusi ziren artistek baztertua zutena.

Ehungintzako oihal-soberakinez egindako “trapu” horiek emakumeentzat erreserbatutako unibertso bat ekartzen digute gogora: etxeko gelen dekorazioarena eta etxeko lanena. Artearen historiaren diskurtso hegemonikotik kanpo utzitako kulturetako artearekiko eta artisautzarekiko jakin-minak rag rug txirikordatze metodo tradizionala erabiltzera eraman zuen Hammond. Artistak tai jiaren —eta, ondoren, aikidoaren— praktikarekin ere lotu zituen bere Lurzorurako piezak haiek. Izan ere, borroka-arte horietan, “emakume indartsu gisa, zeu zara erdigunea, eta hortik abiatuta, beste emakume indartsu batzuekin harremanetan sartzen zara”3. Pieza horiek sortzeko, Hammondek, bere obraren erdian eseri, eta oihal-zerrendak txirikordatzen hasten zen bere gorputzaren inguruan, elkarloturik bizi ziren emakumeen metafora gisa. Lan-prozesu hori Lucy Lipparden From the Center (1976) saiakera feministen aitzindari dela esan daiteke. Izan ere, Lippardek Carl Andreren metalezko plantxei emandako erantzun ironiko bat ikusten zuen Lurzorurako pieza horietan. 1977an, Hammondek “Feminist Abstract Art: A Political Viewpoint” argitaratu zuen Heresies: A Feminist Publication on Art and Politics aldizkarian. Judy Chicagok bereziki babesten zuen espezifikotasun femeninoaren ideiaren aurka, Hammondek eduki politikoko abstrakzio feminista bat egon daitekeelako aukera defendatu zuen artikulu horretan.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Harmony Hammond, hemen: Harmony Hammond: Ten Years, 1970–1980, erak. kat., Minneapolis (MN), WARM: a women’s collective art space and Glen Hanson Gallery, 1981, [3. or.].
  2. H. Hammond, “Creating Feminist Works”, Creating Femnist Works: A Panel Discussion from The Scholar and The Feminist V, New York, Barnd College Women’s Center, 1978.
  3. H. Hammond, hemen: Harmony Hammond…, op. cit., [4. or.].

PDF-a JAITSI