Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Agnes Martin

Roxane Ilias

Izenburua:
Agnes Martin
Egilea:
Roxane Ilias
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Homosexualitatea | Heriotza | Artea eta emozioa | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Forma | Biomorfoa | Geometria | Lerroa | Erakusketak | Veneziako Bienala | Betty Parsons galeria | Dwan Gallery | Espiritualtasuna | Feminismoa | AEB | Los Angeles | Mexiko Berria | New York | Ad Reinhardt | Ellsworth Kelly | James Rosenquist | Robert Indiana | Sol Lewitt | Arne Glimcher | Giza harremanak | Sentimenduak | Jaialdi eta sariak
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Minimalismoa | Surrealismoa
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Martin, Agnes | Tawney, Lenore

1912, Macklin (Kanada) – 2004, Taos (NM, AEB)

Agnes Martin iparramerikar margolaria ospetsua da bere lanaren eduki afektibo aldi berean xume eta saturatuagatik. Bazterketa-egoeran eta baldintza prekarioetan igaro zuen bere bizitzaren parte handi bat. Kanadan sortu zen, eta 20 urterekin AEBra aldatu zen; han, irakaskuntzan lan egiteaz batera, mihise surrealista, biomorfiko eta, gerora, geometrikoak margotu zituen. 1957an, goitik beherako aldaketa gertatu zen haren ibilbidean. New Yorkera aldatu zen, buru-belarri pinturan aritzea erabaki zuen —45 urte zituen—, eta bere hiztegi plastikoa berrasmatu eta laukisare formako egiturak bere egin zituen. Tarte erregularretan aplikatutako lerro ortogonalez estali zituen bere mihiseak, halako eran non konposizio-printzipio oro indargabetzen baitu. “Nire koadroek ez dute ez objekturik ez espaziorik ez lerrorik, ez besterik: ez dago inolako formarik”1, adierazi zuen 1966an. Martin ez zen aitzindaria izan laukisarea —forma moderno bereizgarria— erabiltzen; baina bera izan zen bakarra formatu estandar karratuan hura modu sistematikoan erakutsi zuena, marraren dardarak eta irregulartasunak sublimatuz, perfekzio espiritual sakon bat helburu harturik. Lehen laukisareak 1961ean aurkeztu zituen Betty Parsons Galleryn egin zuen hirugarren erakusketan, eta New Yorkeko arte modernoko museo nagusietan2 erakusgai egon ziren, harrezkero, 1962 eta 1966 bitartean. Erakusketa haiek zenbait arte-kritikariren arreta erakarri zuten3, baita Arne Glimcher galeristarena ere, zeinak babestu baitzuen bizi osoan. Los Angelesko Dwan Galleryk 1967an antolatutako 10 erakusketaren eraginez, minimalismoarekin lotu zuten Martin —orduan azaleratzen hasi berria zen joera hura—, bereziki Sol LeWitt artistarekin, nahiz eta objektibitate minimalistatik nabarmen urruntzen duten mihisean esperientzia metafisiko bat adierazteko zuen irrikak eta sentiberatasunak.

Artista, homosexuala baitzen, Coenties Slip auzoko komunitate gayarekin harremana izan zuen ia hamar urtez —hantxe zuen bere estudioa, loft batean—, eta Ellsworth Kelly, James Rosenquist, Robert Indiana eta Lenore Tawneyren laguna izan zen. 1967an, erietxe psikiatriko batean zenbait bider ingresatuta egon ostean eta Ad Reinhardt laguna hil zitzaiolarik, New Yorkeko eszenatik aldendu zen Agnes Martin, bere arrakastaren gailurrean, eta Mexiko Berriko ordokietako bakean bakartu zen. Sei urte eman zituen ezer margotu gabe, baina ekialdeko pentsamenduan oinarrituriko ohar eta olerki kriptikoez zirriborratu zituen bere koadernoak. 1974an ekin zion berriro pinturari, hizkuntza plastiko berri batez, zeina erabili baitzuen hil arte, 2004ra arte; laukisarearen ordez, zerrenda paralelo bertikalezko eta, aurrerago, horizontalezko bilbeak osatu zituen.

1970eko hamarkadako mugimendu feministek ez zuten aintzat hartu Agnes Martin artista diskretu eta bakartua. Laurogeita hamarretan, ordea, hari buruzko atzera begirako erakusketa bat egin zen New Yorken (1992) eta Urrezko Lehoia lortu zuen Veneziako Biurtekoan 1997an, eta nazioarteko ospea eman zioten handik aurrera egindako erakusketa ugariek.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Agnes Martin, hemen aipatua: Ann Wilson, “Linear Webs: Agnes Martin”, Art and Artists, 1. lib., 7. zk., 1966ko urria, 46. or.; hemen berrargitaratua: Dieter Schwarz, hitzaurrea, hemen: Agnes Martin, La Perfection inhérente à la vie, Paris, École nationale supérieure des beaux-arts, 2012, 11. or.
  2. “Geometric Abstraction in America”, Whitney Museum of American Art, 1962; “The Responsive Eye”, Museum of Modern Art, 1965; “Systemic Painting”, Solomon R. Guggenheim Museum, 1966.
  3. Barbara Rose, Lucy Lippard eta, aurrerago, Rosalind Krauss eta Anna C. Chave.

PDF-a JAITSI