Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Ilona Keserü 

Éva Forgács

Izenburua:
Ilona Keserü 
Egilea:
Éva Forgács
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Hilarriak | Emakumea artean | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Bolumena | Forma | Kolorea | Lan-prozesua | Lerroa | Abstraction-Création taldea | Hungaria | Balaton aintzira | Erroma | Cy Twombly | Ferenc Martyn | István Szőnyi | Herri-kultura
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Errealismo sozialista
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Keserü, Ilona

1933, Pécs (Hungaria)

Ilona Keserüren pintura sentsualak —kolorez betea eta orekatua, mediterraneoa eta klasikoa aldi berean— kometa batek bezala gurutzatu zuen 1960ko hamarkadaren hasierako Hungariako eszena artistikoa.

Keserü Budapesteko Arte Ederretako Goi Eskolan graduatu zen, horma-pintura espezialitatean, 1958an, István Szőnyiren ikasle gisa. Hala ere, berak Ferenc Martyn zeukan benetako maisutzat. Izan ere, Martynek, Parisko Abstraction-Création taldeko kide izandakoak, eskolak eman zizkion garai batean, Frantziatik bueltatu zenean.

1962an eta 1963an, beka bat jaso zuen Erroman ikasteko. Han, Cy Twomblyren pintura erabat informala ezagutu zuen. Freskoaren pinturak berezkoa duen gogo biziaz, bere ahalegin guztia egin zuen, konposizio abstraktuen barruan betiere, estudio libreak ordenatzeko, baina baita bere-berezkotzat zituen kolore eta irudi folklorikoak ordenatzeko ere. Hungariako margolaritzan, 1960ko hamarkadak aukera berrietarako garai baten hasiera markatu zuen: arte herrikoi tradizionalean bildutako zeinuen unibertsoaren eta margolariek berriro eskura zituzten mendebaldeko kultura handien arteko sintesi bat egiteko aukera ikusten zen, besteak beste. Bi ikuspuntu horiek sobietarren garaiko Errealismo Sozialistatik libratzeko aukera ematen zien.

Keserüren sortze-lanak Hungariako artearen garai handi horretakoak dira, 1960 eta 1970eko hamarkadetakoak. Kolore beroko piezak egin zituen, indartsuak oso, formari dagokionez biziak eta uhinkariak, jostun-otzara bateko tresnak eta teknikak erabiliz: mihiseak josiz, tolestuz, zimurtuz eta sabelduz, platerak eta lokarri korapilatuak erantsiz.

Izen bereko bi lan dira Keserüren lehen garaiko obraren gailurra: Hurbilketa (Közelités, 1969) izeneko margolan bat, batetik, eta Hurbilketa izeneko mihise sabeldu bat, bestetik. Keserük 1967an topatu zuen forma hori, Balaton aintziraren ertzeko antzinako hilerri turkiar batean. Motibo makotu hori, ganbila eta ahurra, eta erdialdean hanpatua, aldi berean da atenporala, klasikoa eta sentsuala. Keserük bi modutara nabarmentzen du formaren erotismoa. Alde batetik, forma bera errepikatuz: behetik gora begiratzen duen lerro uhindua tentsioan hurbiltzen da goitik behera begiratzen duen tamaina txikixeagoko bere ispilu-irudira. Bestalde, mihisea sabeltzean, benetako gorputza ematen dio obrari: neurrira moztutako artisau-oihal bat egunkari-paperez bete, eta olio-pinturaz margotutako euskarri-oihal baten gainean josten du. Hondotik urradurak eta zimurdurak sortzen dira, formatan egituratutako gorputzak bailiran, eta olio-pinturaren gainean, laranja beroak, arrosa morexkak eta haragi-koloreko tonalitateek areagotu egiten dute hurbilketaren sentsualitate hori. Koloreen edo hanpaduraren bidez lortutako erliebe-efektuari esker, margolan biek ezberdintasun delikatu bat ezartzen dute formaren eta gorputzaren ingeraden artean, eta era horretan markatutako siluetek bi irudien artean sortutako tartearen forma nabarmentzen dute.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI