Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Barbara Kasten

Karolina Ziebinska-Lewandowska

1936, Chicago (IL, AEB)

Barbara Kasten artista estatubatuarraren lanak helburu fotografikoa izan du beti. Bere lehen urteetan, Kastenek pintura ikasi zuen, eta, etenaldi baten ondoren, ehungintzako masterra egin zuen gero, Trude Guermonprezekin, Oaklandeko Kalifornia College of Arts and Craftsen (1970). Ondoren, Poznańgo Arte Plastikoen Goi Eskola Publikoan ikasi zuen, Magdalena Abakanowiczekin. Haren lehen ehungintza-lanak garai hartan gorantz ari zen mugimendu esperimentalaren barruan kokatzen ziren, eta abstrakzioaren lengoaia esploratzen zuten jada orduan, baina emakume-gorputzarekiko lotura galdu gabe.

Bere lehen sorkuntza-lanetatik hasita, Kastenek aldi berean baliatu zuen argazkia ere, izan elementu independente gisa edo izan ehunezko piezaren osagai gisa. Dena dela, bere baliabide nagusia bihurtuko zuen laster. Aurrerago, ehun-mota desberdinetatik eta beira-zuntzetik abiatuta sortutako motiboak baliatuz egin zuen zianotipia sortak —[Pintura fotogenikoa (Photogenic Painting), 1974–76]— trantsizio bat markatu zuen haren obran, material moldagarriz egindako eskultura organikoaren eta abstrakzioaren artean.

1970eko hamarkadaren amaieratik aurrera, baina, abstrakzio geometriko hutsaren aldeko hautua egin zuen. László Moholy-Nagy eta Ludwig Mies van der Roheren obrek sortutako zirrarak eraginda eta Bauhausek utzitako herentzian inspiratuta, plexiglas, ispilu eta kristal zatiz, zur-oholez eta metalezko barrez osatutako konposizioak sortu zituen —kamera ilunean, argazki-tresnarik gabe hasieran, eta estudioan gero—, hala nola Eraikuntzak (Constructs, 1979–84) sailekoak.

Instalazio horiei argi-jokoak ere gehitu zizkien artistak, itzalen bidez irudizko espazioak sortzeko. Kastenek formatu ertaineko kamera bat erabiltzen zuen muntaketen argazkiak egiteko, eta gero, paperean errebelatzen zituen, koloretan. Artistak, bestalde, Polaroid Artist Support Program delakoan parte hartu zuen, beste sortzaile batzuekin batera, 1980 eta 1990eko hamarkadetan, enpresa horren formatu handiko kamerarekin artelanak sortzeko proiektu batean barruan. Garai hartan, Kastenen obrak, arkitekturarekin gero eta lotuagoak, eztanda kromatiko handia bizi izan zuen, artistak kolore biziko argi-proiekzioen bidez interpretatu eta eraldatu zuena. Horren adibide bat: Arkitektura guneak (Architectural Sites, 1986) saila.

Kastenek askotariko lanak egin ditu: Margaret Jenkinsen Barne Kanpo/Argi agertokiak (Inside Outside/Stages of Light, 1985) izeneko koreografiarako dekoratua, bideo-instalazioak, hiru dimentsioko instalazioak, eta, berriki, kokapen espezifikoko proiektuak. Argiak funtsezko papera jokatu du beti haren obran, xafla gardenak tartekatuz sarrarazitako kolorearen eraginpean beti. Haren lengoaia abstraktua sendo errotuta egon da, duela mende erditik hona, bi eta hiru dimentsioko espazioaren eta pertzepzioaren mekanismoen arteko harreman horretan. Beraz, haren adierazpidea abstrakzioari atxikita egon da azken berrogeita hamar urtean.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI