Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Marcelle Cahn 

Christian Briend

1895, Estrasburgo (Alemaniar inperioa) – 1981, Neuilly-sur-Seine (Frantzia)

Marcelle Cahnek, Estrasburgoko (Alemaniako hiria orduan) frantziar jatorriko familia aberats batean jaioak, marrazketa eta pintura ikasketak egin zituen lehenik, Estrasburgoko bertako eskola batean. Lehen Mundu Gerraren hasieran, Berlinera joanda, Lovis Corinth eta Eugen Spiro margolari alemaniarren eskolak jaso zituen, eta Galerie Der Sturmen abaroan bildutako espresionisten lanak ezagutzeko aukera izan zuen han. 1918an Estrasburgora itzulirik, lehenik urte bat eman zuen Parisen (1920), filosofia ikastaro bat egin zuen Zürichen (1923), eta, azkenik, Frantziako hiriburuan jarri zen bizitzen, behin betiko, 1925ean.

Biluziak margotzen espezializatu zen, Grande Chaumièreko akademian, eta maiz bisitatzen zuen Léonce Rosenbergen Galerie L’Effort, non Fernand Léger ezagutu zuen. Cahn haren ikasle izan zen Académie Modernen, eta eragin handia jaso zuen harengandik. Horren lekuko da, adibidez, Bainugela (Le Lavabo), 1925ekoa, Victor Poznanskik 1925eko abenduan antolatutako L’Art d’aujourd’hui nazioarteko erakusketan aurkeztu zutena. Willi Baumeisterren eragina, eta batez ere Purismoaren sustatzaile Amédée Ozenfantena, nabarmena da haren konposizio linealenetan ere [Emakumea eta belaontzia (Femme et voilier, ca. 1926–27); Emakumea erraketarekin (Femme à la raquette, 1927)].

Cahnek Cercle et carré erakusketara bidali zituen horietako batzuk, 1930eko apirilean eta maiatzean. Erakusketa horren ondoren, baina, Estrasburgora itzultzea erabaki zuen, eta, hiriburuan egindako beste egonaldi bat gorabehera (1932-35), behin betiko aldendu zen Parisko eszenatik. Handik aurrera, haren pinturak abstrakziorantz jo zuen —abstrakzio surrealista samar baterantz batzuetan [Etorkia (Ascendance, 1936)]—, edo funtsezko formetara mugatutako figurazio soil baterantz beste batzuetan [Adan eta Eva (Adam et Eve, 1938)].

Bigarren Mundu Gerra hastean, Toulouse aldean babestu zen, eta, ondoren, Parisen kokatu zen, behin betiko. 1948. urtetik aurrera, Errealitate Berrien Aretoan erakutsi zuen bere lana, eta 1920ko hamarkadako adiskidantza artistikoak berreskuratu zituen horrela. 1952tik aurrera, inflexio-puntu bat izan zen haren ibilbidean: konposizio abstraktuak egiten hasi zen —paper gainean, hasieran—, gero mihisera aldatu zituenak, Félix Del Marleren aholkuei jarraituz. Hondo uniformeki zuri batzuen gainean, eta orekaren bilaketa etengabeko helburu hartuta, irudi geometriko gutxi-asko konplexuak marraztu zituen tinta beltzez, elkarren ondoan ipinitako unitateak osatzen dituztenak [Abstraktu lineala (Abstrait linéaire, 1954)]. Musika-pentagramen moduko diagrama lerrozuzen horiek —1926ko Gitarra eta abanikua (Guitare et éventail) lanean ere agertzen zirenak— 1970eko hamarkadako musika garaikidearen notazio batzuk iragarri zituzten. Konposizio horietan, kolore pixka bat jartzeko zeregina duten elementu zirkular txiki erliebedunak eta collage ñimiñoak ere (kartoiz, baltsa-zurez edo metalez eginak) tartekatzen dira.

Aldi berean, Cahnek paper gaineko collageak ere egin zituen, koloretako pegatina txikiekin. 1957tik aurrera, argazkietan ipintzeko ere erabili zituen eranskailuak. 1961ean, poliptiko txikiak ekoizten hasi zen panel moztuak eta erliebeak baliatuz, era horretan espazioari hiru dimentsio emateko [Espaziala A eta B (Spatial A et B, 1969); Espaziala C (Spatial C, 1971)]. Azkenean, kritikaren onespena lortu zuenean, Cahnek bere lehen erakusketa egin zuen museo batean, Centre national d’art contemporainen (Cnac, Paris), 1972an. Erakusketa horren katalogoak artistak bere ibilbidean ezagutu eta praktikatu zituen abangoardiei buruzko oroitzapen baliotsuak biltzen ditu.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI