Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Parvine Curie

Ariane Coulondre

Izenburua:
Parvine Curie
Egilea:
Ariane Coulondre
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Gizakia | Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Arkitektura | Artea eta espazioa | Artea eta emozioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Bolumena | Materiala | Lankidetza artistikoa | Françoise Tournié galeria | Espiritualtasuna | Espainia | Frantzia | Paris | Étienne-Martin | François Stahly | Marcel Martí | Suzanne de Coninck | Amatasuna | Bidaiak
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Curie, Parvine

1936, Nancy (Frantzia)

“Andre eskultorea edo, besterik gabe, andrea izateak gizon batek baino ahalegin handiagoa egin behar izatea dakar […] Andre eskultorea eta eskultore baten andrea izatea ez da, ez, samurra. Besteek baino gehiago ahalegindu beharra daukagu, eta saiatuak izan materialak erabiltzeko orduan (oso material astunak askotan), ofizio zoragarri honi uko ez egiteko”1. Parvine Curie jatorri frantziar-iraniar eskultorearen hitz horiek agerian uzten dute zeinen bide luzea urratu behar izan zuen berak, beti alter ego maskulinoen ondoan lan eginda, bidez zegokion onarpena izateko.

1957an, Curie Espainian bizitzen jarri zen, Marcel Martí eskultore katalanarekin ezkondu zen, eta, modu autodidaktan, maskarak eta estatua txikiak egiten hasi zen, buztin eta beste material batzuk erabiliz. Parisko bi galeristek, aurrena Suzanne de Coninckek 1968an, eta gero Françoise Tourniék 1973an, ikusgai jarri zituzten haren lanak, gero eta abstraktuagoak. 1970ean, Parisera itzuli zen, bere seme Davidekin, eta bere Lehen ama (Première mère) jarri zuen ikusgai Eskultura Gaztearen Aretoan, letoizko eta zurezko piezez egindako muntadura bat. Han, François Stahly ezagutu zuen, eta topaketa hura erabakigarria izan zen haren bizitzan.

Stahlyk Cresteteko (Vaucluse) tailer kolektiboan lan egitera gonbidatu zuen, eta 1975ean, berarekin ezkondu zen. Curieren forma hieratikoen eta Stahlyren abstrakzio jariakorraren artean, elkarrizketa artistiko bizia sortu zen, ikerketa osagarriek aberastua. Zure errea edo beltzez tindatua —lehengaiari artisau-ezaugarri oro ezabatzeko— lantzen hasi zen orduan, bai eta bere lehen pieza monumentalak egin ere. Ate Ama (Mère-Porte), Etxe Ama (Mère-Maison), Harresi Ama (Mère-Murs), Labirintu Ama (Mère-Labyrinthe), Erlauntz Ama (Mère-Ruche)…: amatasunaren gaia, lengoia arkitektonikoari estuki lotua, funtsezkoa eta errepikakorra bihurtu zen haren jardunean.

Jatorrizko matrize babeslearen ideiara eramaten gaitu gaiak: “Barneko babes edo aterpe hori gogora ekarri nahi izan dudalako eman diet ama izena nire eskulturei”. Étienne-Martinentzat —Curierekin nolabaiteko kidetasuna duen eskultore batentzat— bizileku kontzeptuak hartzen zuen zentzu bera hartzen zuen Curierentzat ama kontzeptuak.

Curieren arteak, hainbat bidaiatako esperientziek aberastuak, arkitektura sakratuaren arazketa hartu zuen eredutzat. Haren sortze-lanek —zorroztasun espaziala eta artikulazio arinak konbinatzen dituzten bolumen barne-huts handi batzuek— baliatzen zuten lexiko irudizkoa kanpandorrez, mastabez, piramidez eta katedralez osatuta zegoen. Horrekin, dimentsio espiritual eta jada mamitu batera jo zuen artistak: “Nik ez dut eskultura abstraktua egiten. Beti bilatu izan dut giza elementua eskulturan. Horregatik egin nuen Amak saila. Instintiboki, haurdun egotea barru-barruan sentitu dudan zerbait izan da, […] Amak oro —edo transzenditutako Ama bat— aurkitzera eraman nauena”2.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Entretiens de Parvine Curie avec Scarlett Reliquet, Paris, J. F. Jousset, 2016, 13. or.
  2. Ibid., 10. or.

PDF-a JAITSI