Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Carla Accardi

Annalisa Rimmaudo

Izenburua:
Carla Accardi
Egilea:
Annalisa Rimmaudo
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Arkitektura | Artea eta espazioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Gardentasuna | Kolorea | Beltza | Zuria | Materiala | Veneziako Bienala | Kaligrafia | Forma 1 taldea | Angelico Dohatsuaren Kooperatiba | Rivolta Femminile | Feminismoa | Italia | Erroma | Alberto Magnelli | Antonio Sanfilippo | Carla Lonzi | Giulio Turcato | Hans Hartung | Piero Dorazio | Pietro Consagra | Elvira Banotti | Berdintasuna
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte informala
Artelan motak:
Eskultura | Pintura
Aipatutako artistak:
Accardi, Carla

1924, Trapani (Italia) – 2014, Erroma (Italia)

Erromara iritsi orduko, gerra amaitu berritan, Carla Accardi abstrakzioaren abangoardiara batu zen. Forma 1 talde marxista eta formalistako emakume bakarra izan zen. Taldea 1947an sortu zen, Piero Dorazio, Pietro Consagra, Giulio Turcato, Antonio Sanfilippo (taldeko teorilaria) eta Accardiren beraren ekimenez. 1949an, Sanfilipporekin ezkondu zen, eta pintore italiarrak eragin handia izan zuen haren artista-ibilbidean.

Accardiren lehen sorkuntzak Alberto Magnelliren eta Hans Hartungen lanekiko liluraren zordun dira. 1954an, bakartutako ama gazte bat zelarik, bere lehen mihise beltzak egin zituen, kolore zuriko zeinu sasi-kaligrafikoez beteak. Bere ikerketa formal abstraktuak sintetizatuz, Accardik kolore zuria aukeratu zuen zeinuak marrazteko, haren hitzetan zeinuok “anti-idazketa” irudikatzen zutelako; eta kolore beltza, berriz hondoa egiteko, “anti-pintura” irudikatzen zutelako. Izan ere, zuria kolorerik eza da, eta beltza, kolore guztien nahasketa. 1960ko hamarkadaren erdialdean, Accardik Sicofoil xafla gardenez ordezkatu zituen zeinuak1. Xaflak bilduz, Biribilkiak (Rotoli, 1965–69) eratu zituen, eta 1965etik aurrera, Dendak (Tende) deituriko espazioak edo inguruneak sortu zituen. Pinturak, eskulturak eta arkitekturak aldi berean, ingurune horiek leku habitagarriak ziren, zeharrargiak, are, batzuetan, bigarren larruazal moduko bat ere, beren kolore neutroa zela eta.

Giroak (Ambienti) saileko espazio nomadek eta “logela propioek” ilustratu zuten haren “autokontzientzia feministako” lehen praktika. 1964ko Veneziako Bienalean Carla Lonzi ezagutzea funtsezkoa gertatu zen hausnarketa horien garapenerako. 1970ean, bi emakumeek, Elvira Banottirekin batera, Rivolta Femminile sortu zuten, Italiako lehen talde feministetako bat, autonomoa, ezkerreko alderdiarekin eta 1968ko mugimenduekin loturarik gabea. 1976an, Lonziren posizio erradikaletatik aldenduz, eta sistema artistikoaren izaera patriarkalari aurre eginez, Angelico Dohatsuaren Kooperatibako kide egin zen, Italiako esperientzia artistiko feminista garrantzitsuenetako bati bide emanez. “Jakina, emakumeak beti izaten du seme-alaben arazoa, familiarena; eta, beraz, onartu beharra dauka ‘berdintasun’ hitza historikoki ez dela existitzen —dio—, desberdintasun bat dagoelako. Baina ez naiz ni desberdintasunaz bandera egiten dutenetakoa […]; 1960ko eta 1970eko hamarkadetan sortutako emakume-taldeetan esaten zen desberdintasun horrek garrantzi handia zuela; ni ez nengoen ados, ezta Carla Lonzirekin ere […], emakume-taldeekiko desberdintasuna artisautzan baitzetzan beste inon baino gehiago, emakumeen esperientziak garrantzi handiagoa duen alor batean, alegia. Horrek etsipen handia eragin zidan”2. Pixkanaka, Accardik, zeinuaren erabilera baztertu, eta Sicofoilari armazoiaz jabetzen utzi zion, forma eta kolore ezberdineko egiturak eratuz. 1980ko hamarkadan, berriro agertu zen mihisea, planoen gainezarpenari, koloreari eta lengoaia libre bateko zeinuei lehentasuna emanez. Accardik sentsorialitatez beteriko erradikaltasuna erdiestea izan du helburu bizitza osoan.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Material plastiko gardena, Accardik 1964ko udatik aurrera erabilia.
  2. Hemen: Ivana Mulatero, Lisa Parola, Rragazze, Turin, F. Masoero, 1996, 74. or.

PDF-a JAITSI