Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Alicia Penalba

Ariane Coulondre

1913, San Pedro (Argentina) – 1982, Saint-Geours-de-Maremne (Frantzia)

“Bizitza osoan izan naiz ni subertsiboa. Emakume gisa haurtzarotik inposatu nahi izan zidaten patu tradizionalaren aurka borrokatu nintzen beti”1. Alicia Penalbaren ibilbidea —Frantziako 1950eko hamarkadako eskultore abstraktu handienetako bat izan zen bera— haren independentzia-egarriaren ondorio da.

Hamalau urte besterik ez zituela, familiarekin harremanak hautsi, eta lanean hasi zen, idazkari gisa. Aurreraxeago, margolaritza-ikasketak egin zituen Buenos Aireseko Arte Ederren Eskolan. 1948an, beka bat lortu zuen Parisera ikastera joateko, eta bere burua berrasmatu behar izan zuen. Hogeita hamabost urterekin, bigarren jaiotza bat bezala bizi izan zuen hiriburu kosmopolitara bizitzera joateko aukera hura. Margolaritza alde batera utzita, Penalbak eskultura ikasi zuen, Honorio García Condoy artista espainiarraren lantegian aurrena —non Étienne-Martin, François Stahly eta Étienne Hajdu ezagutu zituen, besteak beste—, eta Académie de la Grande Chaumièren geroago, Ossip Zadkinerekin. Baina batez ere Jean Arpen, Constantin Brancusiren eta Antoine Pevsnerren forma arin bigunek liluratu zuten.

1951. urte inguruan, bere lehen eskultura abstraktuak egiten hasi zen, eta bere aurreko lan gehienak suntsitu zituen. Montrougeko bere estudio txikian aritzen zen lanean, baina horretaz gain, Parisko manifestazio kolektiboetan ere parte hartu zuen (Maiatzeko Aretoa, Gazte Eskulturaren Aretoa, Errealitate Berrien Aretoa...). Haren lehen garaiko eskultura bertikalek (1952–57) eraikuntza sendoko lengoaia organiko bat darabilte denek. Lan horiek totemikotzat jo izan dira askotan, eta artistak primitiboarekiko eta katedral gotikoekiko zuen zaletasuna ekartzen dute gogora. Naturari buruzko edozein erreferentzia zuzena baztertuz, Penalbak nahiago du gogora ekarri ugalketaren misterioarekiko lilura eta “erotismoaren sinboloak arintzeko beharra”2.

1957an, bere bakarkako lehen erakusketa egin zuen, Galerie du Dragonen, eta 1960an bigarrena, Claude Bernarden galerian. Haren artea, berehala aintzatetsia, hainbat monografiatan jasota geratu zen (Patrick Waldberg, Michel Seuphor), eta hainbat nazioarteko erakusketatan jarri zen ikusgai (New Yorken 1958an, Kasselen 1959an). Artistaren lanak arinagoak eta irekiagoak bilakatuz joan ziren, hegaldatu eta airean zintzilik geratuko balira bezala. Buztina haren materialik kutunena bihurtu zen, forma predeterminaturik ez izanik erabateko askatasuna eskaintzen ziolako.

1959tik aurrera, hainbat iturri-eskultura sortu zituen. Haren lan monumentalak, baina, San Galoko Unibertsitatean iritsi zuen betetasun osoa: hormigoi armatuzko pieza hegaldun batzuk bertako arkitektura brutalistarekin eta inguruko mendiekin harremanetan jarriz. Sarritan azpimarratu izan da Penalbak harreman estua zuela paisaiarekin, haurtzaroko paisaiarekin lehenik eta behin, Andeen oinetan ezagutu zuenarekin: “[…] Hango isiltasunaren, hango trumoi suntsitzaile eta sortzaile haien jatorrizko arrastoa atxikitzen duten sorkuntza zimurtsu leherkorrak”3.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Dokumental honetatik hartutako hitzak, jatorriz gaztelaniaz: Alicia Penalba. Escultora, El Pampero Cine, MALBA, 2016.
  2. Penalba: sculptures, erak. kat., Paris, Galerie Creuzevault, 1965.
  3. Pablo Neruda, hemen: Alicia Penalba, erak. kat., Ginebra, Artel Gallerie, 1975.

PDF-a JAITSI