Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Anni Albers

Ina Belcheva

Izenburua:
Anni Albers
Egilea:
Ina Belcheva
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artea eta hezkuntza | Artea eta teknologia | Artea. Teoria | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Forma | Materialtasuna | Oihal-diseinua | Oihalak | Lankidetza artistikoa | Pinturagintza | Bauhaus Eskola | Black Mountain College | Ehungintza | Erbestea | AEB | Dessau | Weimar | Hannes Meyer | Herbert Bayer | Josef Albers | Oskar Kokoschka | Paul Klee | Walter Gropius | Ise Gropius | Sexismoa
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua
Artelan motak:
Kokapen zehatzerako artea | Tapiza
Aipatutako artistak:
Albers, Anni | Stölzl, Gunta

1899, Berlin (Alemania) – 1994, Orange (CT, AEB)

Anni Albers (ezkongaietan Annelise Fleischmann) da, inondik ere, Bauhauseko Ehungintza lantegiko artistarik ezagunena. Familia burges batean hazi zen, eta pintura-ikasketak egin zituen. Konbentzio artistikoen kontra errebelatuz, eskolak emateko eskatu zion Oskar Kokoschkari, baina hark pintura uzteko gomendatu zion. Etsi ez zuenez, Weimareko Bauhausean sartzea eskatu zuen, baina lehendabizikoan ez zuten onartu, eta 1922ko apirilean lortu zuen azkenean sartzea.

Ehungintzako lantegiak hasieran sortu zizkion errezeloak gorabehera (handik urte batzuetara gogoratuko zuen ikasgai hura “afeminatuegia” iruditu zitzaiola), berandu baino lehen aurkitu zuen han bere lekua. Ofizioan berria zenez, Gunta Stölzlen aholkuei esker gauza asko ikasi zituen. Hasierako prestakuntzarik ez izatea zen, hain zuzen, sormenezko espiritua askatu ahal izateko funtsezkoa iruditzen zitzaiona.

Bauhausko garai hartako ikasle gehienak bezala, Paul Kleeren irakaspenek liluratuta zeukaten Albers, eta bere erreferenterik garrantzitsuenetako bat bihurtuko zen berarentzat. Kleeren formen harmonien teorian inspiratuta, Albers ehunaren egituran eta bere materialtasunean zentratu zen. Gama kromatiko murriztuago bat erabiltzen hasi zen eta ehunen produkzio teknikoaren posibilitate anitzak aztertzen.

1925ean Josef Albersekin ezkondu zen, zeina hiru urte lehenago ezagutu baitzuen, eta bion lana ikerketa komunek artikulatuta geratuko zen, batzuetan bereizten zailak zirenak, batez ere erretikulak planteatzen zituzten konposizioetan.

Dessaun, Albersek zentzu funtzionalez garatu zituen ehunak, praktikotasuna eta erresistentzia elkartuz. Gogotik lan egin zuen Jacquarden ehundegian diseinu mota hori zehatz ekoizteko. Oihal zintzilikaria (1927) garai hartako adibide bikaina da. Materialen (kotoia eta zeta) oreka formen orekan islatzen zen. Emaitza liluragarriagatik da obra hau artistaren enblematikoenetako bat. 1920ko hamarkadaren amaieran, hari sintetikoaren erabilera bereganatu zuen. Hannes Meyerek egindako Bernauko Merkataritzako Sindikatu Alemanen Eskola Federalaren eraikinerako Albersek entzunaretoko paretak tapizatzeko ehun bat diseinatu zuen, haren ezaugarri nagusia isolamendu akustikorako eta argia islatzeko gaitasuna zena.

1929ko eta 1931ko udazkenean, aldi baterako ordezkatu zuen Gunta Stölzl Ehungintzako lantegiaren zuzendaritzan. 1933an Alemaniatik joan eta Ipar Carolinan hartu zuen bizilekua Josef Albersekin, Black Mountain College berrian, non ehungintzako lantegi bat sortu baitzuen. 1938an Bauhauseko Ehungintza lantegiko lehenengoetako “historialarietako” bat bilakatu zen, Herbert Bayeren, Walteren eta Ise Gropiusen, Bauhaus 191919281 obran agertzen den bere testu bati esker. Ehungintzako arteari buruzko bere teoriak bi obra handitan adierazi zituen, gainera: On Designing (Diseinuaz, 1959) eta Ehungintzaz (1965). Estatu Batuetako garaian egin zituen sorkuntzek nazioartean ospea eman zioten artistari.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Anni Albers, “The Weaving workshop”, hemen: Herbert Bayer, Walter Gropius, Ise Gropius, Bauhaus 1919–1928, New York, The Museum of Modern Art, 1938, 143–47. or.

PDF-a JAITSI