katalogoa
Mary Heilmann
Michel Gauthier
- Izenburua:
- Mary Heilmann
- Egilea:
- Michel Gauthier
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
- Neurriak:
- 22,5 x 30
- Orrialdeak:
- 350
- ISBN:
- 978-84-95216-93-9
- Lege gordailua:
- BI-01621-2021
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Kolorea | Lerroa | Berkeley Unibertsitatea | Feminismoa | Kalifornia | New York | Chinatown | Josef Albers | Mark Rothko | Berdintasuna | Herri-kultura
- Mugimendu artistikoak:
- Abstrakzio Geometrikoa | Arte Abstraktua | Espresionismo Abstraktua | Minimalismoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Heilmann, Mary
1940, San Frantzisko (KA, AEB)
Mary Heilmannek —Kaliforniako kontrakulturarekin kontaktuan hezia eta surfaren filosofiaren eraginpean hazia— Arte Ederretako lizentziatura lortu zuen 1968an, zeramika eta eskultura diziplinetan, Kalifornia Unibertsitatean (Berkeley). Lizentziatu ondoren New Yorkera bizitzera joan zelarik, bazterketa bikoitza sufritu zuen: eskultura minimalistaren mundu maskulinizatuan emakume izateagatik eta Mendebaldeko Kostaldekoak arruntzat jotzen zituen hiri batean kaliforniarra izateagatik. Hamarkada horren amaieran, pinturaren aldeko hautua egitea erabaki zuen, nahiz eta garai hartan bere belaunaldiko artisten artean baztertutako diziplina izan hura. Urte gutxi batzuen buruan finkatu zuen bere poetikaren ardatz nagusia: pinturaren beraren kritika izatea gain, aldi berean guztiz piktorikoa den pintura bat. Hala, sorreratik bertatik, Heilmannen obra bigarren mailakotzat hartua izan zen. Baina abstrakzio piktorikoaren bi adierazpide nagusiak —Espresionismo Abstraktua eta Abstrakzio Geometrikoa— konbinatu eta berriro jokoan jarriz, Heilmannen postmodernitatea modu guztiz sinesgarrian azaldu zen gero. Alde batetik, baditugu orbanak, tantak eta enpasteak, zeinu estilistiko gisa baino gehiago psike baten adierazpen sismografiko gisa jarduten dutenak; bestetik, lau angeluko poligonoak, lerroak eta lauki-sareak ditugu, tropo gisa ere ulertu behar direnak, eta ez fede profesio moderno gisa. Koadrikulak, bidenabar esanda, abentura asko bizi izan ditu Heilmannekin. Itxuraldatu egiten da, eta bertan behera uzten du antinaturala, antimimetikoa eta antinarratiboa denaren paradigma gisa erabilia izateko asmo oro.
Chinatown diptikoa (1976) artistaren lehen arrakasta handien garaikoa da. Ezkerreko mihisearen ertzak eta bazterra horiz margotuta daude, eta eskuinekoak, urdinez. Aurrealdea gorriz estalia izan da gero, eta banda horia eta urdina espektralak dira, ondorioz. Diptikoa Josef Albersen tradizioan koka liteke, baina Mark Rothkoren estilorantz egiten duela ematen du, azkenean. Lanaren izenburuak, bestalde, konnotazio ugari ditu, biografikoak bereziki (Heilmann Chinatownen bizi zen garai hartan), eta egileari buruz bakarrik hitz egin ordez erreferentziez (kultura herrikoari buruzko erreferentziez bereziki) beteta dagoela adierazten digu.
Heilmannek honako hau adierazi zuen 2017an: “Batzuetan, emakumeen erakusketa handi hauek arruntak edo konbentzionalak izan daitezke, baina haien alde nago, positiboak direla uste dudalako. Ongi dago jendeak ikustea zer gertatzen ari den”1.
[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]
Oharrak
- Mary Heilmann, hemen: Brienne Walsh, “Mary Heilmann wants to make a lot of money so she can buy more land in the Hamptons”, Forbes, 2017ko uztaila; ikus: https://www.forbes.com/sites/briennewalsh/2017/07/24/mary-heilmann-wants-to-make-a-lot-of-money-so-she-can-buy-more-land-in-the-hamptons/#5596c454afec.