Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Dóra Maurer

Jonathan Pouthier

Izenburua:
Dóra Maurer
Egilea:
Jonathan Pouthier
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Giza gorputza | Argazkigintza | Enkoadraketa | Artea eta denbora | Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Artea eta politika | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Materiala | Mugimendua | Oihalak | Lankidetza artistikoa | Feminismoa | Béla Balázs Studio | Zentsura | Hungaria | Budapest | Judith Nem’s | Katalin Hetey | Isiltasuna | Zinema
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia | Arte Abstraktua
Artelan motak:
Ikus-entzunezkoa | Performance
Aipatutako artistak:
Maurer, Dóra | Molnár, Vera

1937, Budapest (Hungaria)

1950eko hamarkadaren amaieran Budapesteko Arte Ederren Akademian grabatua ikasi ondoren, Dóra Maurer Europa erdialdeko eszena artistikoko artista esperimental erradikal eta zorrotzenetako bat bezala nabarmendu zen. Hungariako neoabangoardiako artisten buru zela, Vera Molnár, Judith Nem’s, Katalin Hetey eta beste artista batzuekin batera, abstrakzio modu berri baten sorreran parte hartu zuen, zentsura nagusi zen testuinguru politiko batean. Haren obra (marrazketa, argazkigintza, pintura, zinema, lantegi kolektiboen praktikak, performanceak) prozesu-esperimentazioen, kontzeptualismoaren eta konpromiso feministaren artean mugitzen da. Pertzepzioaren teorien eta postestrukturalismoaren eraginpean, artistak informazio-iturri gisa landu zuen irudia, bere berezko egiturak eta parametroak agerian uzten ahalegintzen den “seinale” gisa, haren hitzetan esateko.

1970eko hamarkadaren hasieran, Béla Balázs Studion eta bere Film Language Series programan egin zituen lehen zinema-esperimentuak agerian utzi zuten Maurerrek —keinu eta forma sinple jakin batzuen aldakuntza posibleen azterketan oinarritutako harreman-sistemen esparruan— mugimendua atxikitzeko zuen kezka. Mugimenduaren faseak —eta hura alderantzikatzeko eta nahasteko aukerak— aztertzeko interesak bultzatuta, Maurerrek irauli egin zuen errepikapenaren printzipioa, musika serialetik hartua, pertzepzioaren eta hizkuntzaren mekanismoak esploratzera bideratuta.

Maurerren Erritmoa (Timing, 1973–80) 16 mm-ko filma, zuri-beltzekoa eta mutua, haren lanaren joera bikoitzaren (lan-prozesuari eta norberari buruzko gogoetaren) adierazpen perfektua da: kameraren aurrean, artistak, hondo beltz baten aurrean zutik, zazpi aldiz errepikatzen du lihozko izara zuri bat tolesteko ekintza, aldi bakoitzean tolestura bat gehituz, harik eta gehiago tolestu ezin den arte. Izararen proportzioak bat datoz irudi zinematografikoaren 4/3 erlazioarekin, pantailaren neurriekin eta beso-zabalerarekin. Tolesteko prozesuak, beraz, denbora ez ezik, espazioa eta gorputza ere neurtzeko balio du. Oihala zabaltzeko alderantziko mugimenduak, berriz, pantailako mihisearen eta koadrokoaren arteko analogia adierazten du. Horrela, irakurketaren itzulgarritasun-printzipioak eta irudiaren eta hura inskribatuta dagoen ingurunearen arteko bereizezintasun-erregimena erabiliz, Maurerrek abstrakzio-prozesu batean bihurtzen du irudiaren eraikuntza bera.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI