katalogoa
Marta Pan
Christian Briend
- Izenburua:
- Marta Pan
- Egilea:
- Christian Briend
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
- Neurriak:
- 22,5 x 30
- Orrialdeak:
- 350
- ISBN:
- 978-84-95216-93-9
- Lege gordailua:
- BI-01621-2021
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Emakumea artean | Arkitektura | Unité d’Habitation | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Materiala | Egurra | Mugimendua | Oreka | Erakusketak | Lankidetza artistikoa | Errealitate Berrien Aretoa | Galerie Arnaud | Kröller-Müller Museoa | Landareak | Dantza | Balleta | Paris | Budapest | Japonia | André Wogenscky | Constantin Brancusi | Jean Dubuisson | Michèle Seigneuret | Oscar Niemeyer | Pál Pátzay | Maurice Béjart | Dimentsioa | Jaialdi eta sariak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Artelan motak:
- Eskultura | Kokapen zehatzerako artea
- Aipatutako artistak:
- Pan, Marta
1923, Budapest (Hungaria) – 2008, Paris (Frantzia)
Arte Ederretako Eskolan Pál Pátzay eskultorearen lantegian ikasi ondoren eta Budapesten lehen aldiz ezkondu ondoren, Marta Pan Parisen kokatu zen, 1947ko martxoan. Hurrengo urtean, Constantin Brancusi ezagutu zuen, eta topaketa erabakigarria gertatu zen hura, berretsi egin zuelako artistak funtsezko formen alde (landare-munduan inspiratuak, hasieran) zuen interesa. Eskulturak —igeltsuzkoak edo terrakotazkoak— moldatzen hasi aurretik [Udarea (Poire), Irasagarra (Coing), Txalota (Échalotte), Maskorra (Coquille)…], marrazki-zirriborro ugari egiten zituen. 1950etik aurrera, eskulturak bidaltzen hasi zen, erregulartasunez, Errealitate Berrien Aretora. 1952an, André Wogenscky arkitektoarekin ezkondu zen. Urte hartan bertan, bere lehen bakarkako erakusketa aurkeztu zuen, Galerie Arnauden, eta lehen Gontzak (Charnières) sortu zituen, terrakotazko eskultura artikulatu batzuk. 1956an, zurezko lanak egiten hasi eta bi urtera, bere pieza ospetsuenetako bat egin zuen: Teka (Le Teck). 1956ko udan Marseillako Unité d’Habitationen Maurice Béjartek sortutako izen bereko balletaren parte aktibo gisa, barailezur erraldoi baten itxurako obra horrek Michèle Seigneuret dantzariaren gorputza harrapatzen zuen bere bi zatien artean ikuskizunaren amaieran.
Koreografoaren eta eskultorearen elkarlanak aurrera jarraitu zuen, eta 1958an, Marta Panek Oreka ballet baterako (Equilibre pour un ballet) aurkeztu zuen, bere barnean dantzari baten gorputza hartzen duen eskultura hustua. Garai horretan, Panek zatika mugitzen diren eskulturak sortu zituen, bere oreka-puntua mutur batean dutenak [Oreka bitan (Balance en deux, 1957); Obéro, 1959; Kiribil handia (Grande spirale, 1960)]. 1961ean, haren lehen Ur gaineko eskultura (Sculpture flottante) inauguratu zen, poliesterrezkoa, Otterloko Kröller-Müller Museoaren enkarguz egina. Beste hainbat inauguratu zituen gerora ere, Hakonen, Montrealen, Bobignyn, Kerguehennecen…
Eskulturaren historian garrantzia handia izan zuten paisaia arloko esku-hartze horien ondoren, hainbat arkitektorekin elkarlanean jardun zuen: hala nola Wogensckyrekin (Saint-Rémy-lès-Chevreuseko haren etxea, 1952; Necker eta Saint-Antoine Medikuntza Fakultateak, 1962-65; Grenobleko Kultur Etxea, 1967; Auber metroko geltokiko barandak Parisen), Jean Dubuissonekin (Arte eta Tradizio Herrikoien Museoa, 1965…) eta Oscar Niemeyerrekin (Tripoliko Nazioarteko Azoka, 1963–66). Aldi berean, 1963tik aurrera, Buru-hausgarriak (Puzzles) sailari eman zion hasiera, eskultura monumentalen itxura har zezaketen hiru dimentsioko piezak eginez.
1967an, bere independentzia artistikoa berreskuratu nahirik, beste eskultura sail bat egin zuen, guztiz berritzailea, lantegi batean egiten zizkioten plexiglas gardenezko materialak erabiliz: Zilindroak (Cylindres), Konoak (Cônes) eta Lentillak (Lentilles). 1980ko hamarkadatik aurrera, Panek enkargu publiko ugari jaso zituen, hiri-eremu eta paisaia zabalak betetzeko aukera eman ziotenak. Frantzian, 1986an, Pariseko Place des Fêtes-eko iturria egin zuen; 1988–89an, Bresteko Siam kalearen ordenamendua (partzialki osatua); eta 1994an, Infinitu zeinua (Signe infini) delakoa A6–A46 autobideetan. Japonian, 1990ean, Lerro zuriaren lorategia (Jardin de la ligne blanche) egin zuen Osakan, eta 1991n, bere Paisaia zatiak (Fragments de paysage) muntatu zituen Tokion. Egindako lanaren aitorpen gisa, 2001ean Sari Inperiala jaso zuen.
1990–2000ko hamarkadetan egin zituen lanen artean, aipagarriak dira Lorratzak (Stèles), zur laminatuzkoa, eta Ateak (Portes), altzairuzkoa, izugarri soila.
[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]