Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Bauhaus eskola eta emakumeak

Ina Belcheva

Izenburua:
Bauhaus eskola eta emakumeak
Egilea:
Ina Belcheva
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Arkitektura | Artea eta industria | Artearen historia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Simetria | Dekorazio-arteak | Oihal-diseinua | Oihalak | Bauhaus Eskola | Ehungintza | Jacquard ehungailuak | Dessau | Weimar | Alma Siedhoff-Busche | Johannes Itten | László Moholy-Nagy | Margaretha Reichardt | Marianne Brandt | Otti Berger | Paul Klee | Vasily Kandinsky | Walter Gropius | Anja Baumhoff | Elizabeth Otto | Berdintasuna | Sexismoa
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua
Artelan motak:
Tapiza
Aipatutako artistak:
Albers, Anni | Arndt, Gertrud | Koch-Otte, Benita | Stölzl, Gunta

Nola bizi gaitezke, baina, Bauhausean emakumeak eta gizonak berdintzat hartzen zirela dioen gezur horrekin? Galdera hori eginez hasten da Bauhaus – Un temps nouveau telesaila, eskola moderno mitiko haren mendeurrenaren kariaz Arte telebista-kate franko alemaniarrak 2019an eskainia. Galdera hori planteatzea zilegi bada, eta areago, publiko zabalari zuzendutako telesail baten kontakizunaren abiapuntu izan badaiteke, duela hamarkada batzuetatik hona Bauhauseko gizon eta emakume artisten arteko berdintasunezko tratamenduak adituentzat interesgarri izateari utzi ez diolako da.

Paradoxa baten aurrean gaude: eskolako programak —Walter Gropius lehen zuzendariak 1919an zabaldua—, sexuen arteko berdintasun osoa aldarrikatzen zuen arren, Bauhausekin historikoki lotutako izen handi gehien-gehienak gizonenak izan dira. Emakumeak salbuespen gisa aipatzen dira. Hala ere, eskolako matrikulazioetan egindako ikerketaren arabera, 1919ko lehen seihilekoan, emakume ikasleen kopurua gizonena adinakoa izan zen ia1, eta eskolaren historia osoko ikasle kopuruari dagokionez, heren bat baino gehiago emakumezkoak izan ziren2. Beraz, gaur egun Bauhausi buruz hitz egiteko dugun modua ez da eskolan emakumerik ez izanaren emaitza, emakume horiek hainbat urtetan eta modu kontzientean ikusezin egon izanaren emaitza baizik, eskolaren onarpen-politika ondo hausnartutik bertatik hasita, hau da, 1920ko hamarkadatik aurrera.

Artearen eta artisautzaren, estetikotasunaren eta funtzionaltasunaren arteko loturak esploratzeko ahaleginaren adierazpen bat izan zen Bauhaus eskola. Han jardun zuten irakasleek —Johannes Itten, Vasily Kandinsky, Paul Klee, László Moholy-Nagy— berrikuntzarekiko sentsibilitatea, esperimentazioa eta sorkuntzaren mugak esploratzeko gogoa sustatu zituzten ikasleengan. Hori posible izan zen atariko ikastaro bat ezarri zelako —ikasle guztientzat derrigorrezkoa, haien ikasketa-maila edo profesionalizazio-maila edozein zela ere—, ikasleak aurreko ohituretatik askatzera eta estetika berrietara menturatzera bultzatzen zituena.

Atariko ikastaroaren ondoren, ikasleek eskolako lantegi espezializatuetako batean jardun zezaketen. Orduan hasten zen serioago planteatzen emakumeek izan behar zuten lekuaren gaia. Anja Baumhoff ikertzaileak azaldu du Walter Gropius ez zegoela oso ados aukera-berdintasunarekin, nahiz eta hark berak horixe aldarrikatu3. Eskola Weimarko hirian ospea irabazten hasi berria zenez, kanpora zabaltzen zen irudiak garrantzi handia zeukan hiriarentzat berantzat. Eta emakume ikasleen kopurua esanguratsua izatea profesionaltasun eskasekotzat har zitekeen, garai hartako ikuspegitik. Horregatik, handik ez askora, kupo ofizioso bat ezarri zen, eskolan onartzen zen emakume kopurua doitzeko; eta gela bat sortu zen haientzat (Gunta Stölzl artistak hala eskatuta). Emakumeentzako gela hori da hain zuzen ere ehungintza-lantegiarekin fusionatu zutena. Behin atariko ikastaroa egin ondoren, emakume artistak sistematikoki bideratzen zituzten lantegi horretara, kontuan hartu gabe, askotan, ez haien hasierako zaletasunak, ez ibilbide pertsonalak. Horrek samintasun handia eragin zuen askoren artean, Anni Albersek, Gertrud Arndtek eta beste artista batzuek beren oroitzapenetan azaldu dutenez.

Guztiz diskriminatzailea izan arren, neurri horrek berekin ekarri zuen —Elizabeth Otto ikertzaileak egoki azpimarratu duen bezala— emakumeek hautaketa-prozesu zorrotza gainditu behar izatea (gizonek gainditu behar zutena baino askoz zorrotzagoa), eta, ondorioz, eskolan emakume artista apartak sartzea4. Ehungintza-lantegia, bereziki, abstrakzioa esperimentatzeko laborategi bihurtu zen. Irakaskuntza filosofikoek, espiritualek, fisikoek eta teorikoek bazuten aplikaziorik ehungintzan ere. Ehuleak, esperientzia piktorikoetatik etorriak asko, formen eta koloreen harmonia harien eta ehunen ezaugarrietara egokitzen saiatu ziren.

Bauhausean ehundutako abstrakzioak eskolaren bi garai handiekin (Weimarko urteak eta Dessauko urteak) bat datozen barne-eboluzioak izan zituen. Weimarko urteek (1919–25) ale bakarren inguruko lanak eta ehungailu klasikoarekin egindako esperimentazioak izan zituzten ezaugarri nagusi. Artista haiek, Paul Kleeren teorien eraginpean jardunez —Kleek berak ere erakutsi zuen ehungintza ezagutzeko jakin-minik—, formen oreka eta koloreak hartu zituzten aztergai. Tapizen eta dekorazio-ehunen alorra ikertu zuten gehienbat, Gunta Stölzlek gerora “artilezko pinturak” deituko zuena5. Garai hartako lanen artean Gropius zuzendariaren bulegorako Gertrud Arndtek egindako tapiza (1924) eta Benita Koch-Otteren oihal zintzilikariak (1924) nabarmentzen dira. Dessauko urteetan (1926–32), eskola beste fase batean sartu zen, industrializazio handiagokoa. Ehungintza-lantegiak hausnarketa bat bultzatu zuen hainbat aletan errepikatzeko sortzekoak ziren diseinuen inguruan. Ehun erresistenteagoak sortzeko modua ere ikertu zen, hari sintetikoak gehituta (eisengarn delakoa batez ere, kotoi ezkoztatuzko haria, zeinaren propietateak eta ezaugarriak Margaretha Reichardtek hobetu zituen). Funtzionalismoa zen helburu nagusia, eta Anni Albersek, besteak beste, ehun berritzaileak egin zituen: Bernauko (Alemania) Merkataritza Sindikatuen Eskola Federalaren auditorioko hormak estaltzeko sortu zuen ehuna, adibidez, isolamendu akustikoa hobetzeko eta argia islatzeko gaitasuna zuen.

Dessauko urteetako lanek simetria eta oreka bilatzea zuten ezaugarri: lan horien artean aipagarri dira Anni Albersen 1927ko oihal zintzilikari aparta eta Gunta Stölzlek 1928an eginiko Bost akorde (Fünf Chöre) tapiza, Jacquard motako tapiz bat. Hausnarketa sakonagoak ere egin ziren, ehun-gaien ezaugarri bereziak eta leuntasun-mailak hobeto ezagutzeko. Alor horretan, Otti Berger artista nabarmendu zen; hari mota desberdinak baliatuz, ukipen-panel bat ere asmatu zuen, formen, koloreen eta ehunduren artean loturak ehuntzeko.

Zalantzarik gabe, Gunta Stölzl izan zen ehungintza-lantegiko artista nagusia, lantegia martxan egon zen denbora guztian ia. Hasieratik jarri zen lantegiko artisten buru, modu natural baina ofizioso batean. Neska askori erakutsi zizkien lan-teknikak, eta lanbiderako ateak ireki. Egindako lanaren aitorpen gisa, ehungintza-lantegiko “maistra gazte” (zuzendaria) izendatu zuten 1927an. Bera izan zen Bauhausean ofizialki postu hori bete zuen emakume bakarra. Bauhauseko ehungintza-lantegia benetako abstrakzio-laborategi bat izan zen 1920ko hamarkadan. Pentsamendu abstraktua artista-talde txiki samar batentzat gorde bazen ere, haren eragina sartuz joan zen etxebizitzetan eta eraikin publikoetan, ehuleen sorkuntza-lanei esker batez ere. Gainera, ekoizpen-mota hori izan zen Bauhauseko eskolaren biziraupen ekonomikoa bermatu zuena.

Asko dira Bauhauseko emakumeen historiarekin zerikusia duten erronka historiko eta artistikoak, baina ez daude guztiak nahitaez ehungintza-lantegira lotuta. Duela bi hamarkada baino gehiagotik hona, hainbat erakusketa eta lan egin dira Bauhauseko emakume haiek bete zituzten lanak eta zereginak —askotarikoak eta erakargarriak— azaltzeko. Azpimarratu dira arkitektoak eta haien eragina arkitektura garaikidean; azpimarratu dira Bauhauseko irakasleen emazteak berak, senarrekin batera eskolaren historia idazten lagundu zutenak; edota beste lantegi batzuetan jardun zuten izen handiak, hala nola Marianne Brandt eta Alma Siedhoff-Busche, teoria abstraktuak praktika berritzaile bihurtu zituztenak6; azpimarratu da, halaber, emakumeen eta emetasunaren inguruan “jokoan dagoen guztia”, eta Bauhausean egon ziren garaian emakume haiek egin zituzten esperimentuak eta beren buruaz ikasi zuten guztia. Emakume haiek —benetako emakume moderno, aske, emantzipatu eta sortzaile haiek guztiek— eratu zuten Bauhaus-emakumeen (Bauhausmädels) irudia7.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Anja Baumhoff, The Gendered World of the Bauhaus: The Politics of Power at the Weimar Republic’s Premier Art Institute, 1919–1932, Frankfurt, Peter Lang, 2001. 53. or.
  2. Patrick Rössler, Anke Blümm, “Soft Skills and Hard Facts: A Systematic Assessment of the Inclusion of Women at the Bauhaus”, hemen: Elizabeth Otto, Patrick Rössler (ed.), Bauhaus Bodies: Gender, Sexuality, and Body Culture in Modernism’s Legendary Art School, New York, Bloomsbury Visual Arts, 2019, 9. or.
  3. A. Baumhoff, The Gendered World of the Bauhaus, op. cit.
  4. E. Otto, Haunted Bauhaus: Occult Spirituality, Gender Fluidity, Queer Identities, and Radical Politics, Cambridge, The MIT Press, 2019, 103. or.
  5. Tái Lin Smith, Bauhaus Weaving Theory: From Feminine Craft to Mode of Design, Mineapolis, University of Minnesota Press, 2014.
  6. P. Rösslerrek eta A. Blümmek berriki egin duten azterlanean adierazten dutenez, ehungintza-lantegia gune nagusia izan arren, Bauhauseko artisten jardueren bi heren baino gehiago lantegitik kanpo egiten zen. (P. Rössler, A. Blümm, “Soft Skills and Hard Facts”, hemen: Bauhaus Bodies, op. cit., 11. or.).
  7. Ikus 4 “Bauhausmädels”: Gertrud Arndt, Marianne Brandt, Margarete Heymann, Margaretha Reichardt, Kai Uwe Schierz, Patrick Rössler, Miriam Krautwurst, Elizabeth Otto (eds.), erak. kat., Erfut, Angermuseum/Dresde, Sandstein Verlag, 2019.

PDF-a JAITSI