katalogoa
Nasreen Mohamedi
Fanny Drugeon
- Izenburua:
- Nasreen Mohamedi
- Egilea:
- Fanny Drugeon
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
- Neurriak:
- 22,5 x 30
- Orrialdeak:
- 350
- ISBN:
- 978-84-95216-93-9
- Lege gordailua:
- BI-01621-2021
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Argazkigintza | Arte klasikoa | Artea eta erlijioa | Artea eta espazioa | Artea eta filosofia | Artea eta hezkuntza | Artea eta identitatea | Artea eta politika | Artea eta emozioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Erritmoa | Forma | Beltza | Zuria | Lerroa | Erakusketak | Pinturagintza | Maharaja Sayajirao University | Saint Martin’s School of Art | Zen filosofia | Espiritualtasuna | Asia | Iran | Paris | India | Turkia | Poesia | Kazimir Malevich | Paul Klee | Vasily Kandinsky | Albert Camus | Friedrich Nietzsche | Jalal al-Din Muhammad Rumi | Mirza Ghalib | Rainer Maria Rilke | Herri-kultura | Bidaiak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Minimalismoa
- Teknikak:
- Marrazkia
- Aipatutako artistak:
- Mohamedi, Nasreen
1937, Karachi (Pakistan) – 1990, Vadodara (NM, India)
Pentsamendua + geometria - geometria + pentsamendua
Geruzak + sakontasunak.
Espazio zabal bat, pentsamenduaren konplexutasunean zehar1
Nasreen Mohamedi indiar artista gazterik hil zen, 53 urterekin, baina funtsezko irudia izan zen indar modernitatean. Bozetoaren artea landu zuen, eta 2007an berreskuratu zuten haren lana, Documenta 12 erakusketaren harira. 1954an, 17 urte zituela, Londresko St Martin’s School of Arten ikasten hasi zen. Hiru urte egin zituen ikastegi hartan; aurrerago, beka bat lortu baitzuen, eta Parisen bizi izan zen 1961-1963 bitartean, klasikoak aztertzen. Askotariko eraginak jaso zituen, hasi Mendebaldeko abangoardiako aitzindarietatik (Paul Klee, Kazimir Malevich eta Vasily Kandinsky) eta asiar tradizioraino. Bere garaiko indiar emakume batentzat, ez ziren aukera arruntak inondik ere: Mohamediren lanean bakarkako ikerketa nagusitzen da. Haren lehen piezetan, figurazio oso definituarekiko arbuioa nabari da, eta paisaiek inspiratuta daude.
Ikasketa-aldiaren eta Turkiatik Iranera Bahreingo basamortuan barrena bidaia bat egin ondoren, Indiara itzuli zen, eta Barodako Maharaja Sayajirao Universityn eskolak ematen hasi zen 1971n. Erronka kultural handiak zituen Indiak garai hartan, bereziki giro poskolonial bete-betean bere burua aldarrikatzen duen herrialde bateko nortasun artistikoa bilatzeari loturik. Eta Mohamediren obra abstrakzio erradikalean sustraitu zen behin betiko. Arrazionalitatea, poesia, filosofia eta mistika uztartu zituen artistak. Irakurgaitzat zituen Rainer Maria Rilke, Friedrich Nietzsche, Albert Camus, sufismoa, zen filosofia, nahiz Yalal al-Din Rumi eta Mirza Ghalib olerkariak, besteak beste.
Mohamedik zorrotz landu zituen tinta eta grafitozko konposizio zuri-beltzak. Forma organikoek, laukisareek eta lerro arinek markatzen dute haren obren erritmoa: “Espazioan zabaldutako hari finak […] Espazio ez-fisikoaren ikuspegi aratza”2. 1970eko hamarkadan, argazkiak ere egin zituen, zuri-beltzean, zeina baitzen nahiko ezohikoa Indian. Haren koadernoak beterik daude, hirurogeiko urteetatik aurrera, argazkilaritza-teknikari buruzko oharrez, baina ez zituen inoiz erakusgai jarri bere argazkiak. Gai modura aukeratzen zituen paisaiak itxuraldatuta erakusten zituen. Horizonte amaigabeak, ihes-lerroak konposizioan gailen, pikorraren eta kontrastearen lanketa: haren argazkiek eta marrazkiek elkarrizketan dihardute, ikuspegi minimalista batetik. “Ez dut bilatu nahi barnekoa den hori, barnetik atera behar du horrek”3, idatzi zuen bere egunerokoan. Eta: “Labirinto horietan barrena/zeinak zeharkatu behar baititu nork bere kasa eta bakarka4”.
[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]
Oharrak
- Artistaren egunerokoa, uztailak 2, 1972, Nasreen Mohamedi: La espera forma parte de una vida intensa, Madril, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, erak. kat., 2015, 43. or.
- Artistaren egunerokoa, irailak 1, 1972, ibid., 43. or.
- Artistaren egunerokoa, d. g., ibid., 25. or.
- Artistaren egunerokoa, d. g., ibid., 42. or.