Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Varvara Stepanova

Elitza Dulguerova

1894, Kaunas (Errusiako inperioa) – 1958, Mosku (SESB)

Varvara Stepanova funtzionarioen familia batean jaio zen; 1919ean Kazango Arte Eskolan sartu zen, eta 1914an hura utzi eta Moskura joan zen bizitzera. Fabrika batean kontulari eta mekanografo lanetan aritzen zen bitartean, pintura ikasi zuen Konstantine Yuonen eta Mijaíl Leblancen mintegietan. Erakusketak egiten hasi zen; 1916an Alexander Rodchenkorekin bizitzera joan zen eta Alexander Vesnin, Liubov Popova, Olga Rozanova eta Vladimir Tatlinekin bizitzera joan zen. Stepanova aktiboki inplikatu zen Iraultza boltxebiketik sortutako erakunde artistikoetan: Eskolatzerako Herri Komisariotzako (Narkompros) Arteen Departamentuan (IZO), Kultura Artistikoko Institutuan (Inkhuk) eta LEF eta Novyi LEF aldizkarietan. Eskolak eman zituen Hezkuntza Komunistako Akademian eta Vjutemáseko ehungintza fakultatean eta artikuluak argitaratu zituen genero neutroko ezizenarekin (Agraryj edo Varst).

1918an “sorkuntza ez-objektiboa” defendatu zuen, “adimenaren mugimendu (gisa), materialismoaren eta ikuspen laburreko naturalismo baten aurkako protesta” gisa1. Rtny jomle edo Zigra ar (1918) haren poema grafiko abstraktuek pintura ez-objektiboa eta pintura transmentala (zaum) konbinatu zituen, eta Figurak sailean, berriz, gorputz mekanizatuak forma geometrikoen bitartez osatzen ziren. Etorkizuneko arteari buruzko Inkhuken debateetan, eta 1921eko 5 x 5 = 25 erakusketa kolektiboaren karietara, Stepanovak uko egin zion, hala ere, “konposizioaren” printzipioari, dekoratiboa, hutsala eta arbitrarioa zelakoan, eta, haren ustez, “eraikuntzak” bakarrik ahalbidetzen zuen “objektu bat osatzen duten zati guztien inbrikatze organikoa”2. 1922an Stepanovak Vsevolod Meyerholdek zuzendutako Tarelkinen heriotza antzezlanerako dekoratuak eta jantziak sortu zituen, eta gero LEF (2. zk., 1923) aldizkarian teorizatu zuen “produkzioko arropaz”. Lanerako edo kirolerako zenez, elementu estetikorik gabea, jantzia, eraikuntza funtzional abstraktu bat bailitzan, materialaren eskakizunak eta xede zuen zereginerako beharrezko diseinuak definituta zegoen, ez, paradoxaz, gorputzaren fisiologiak.

1923–25an, Stepanova eta Popova ziren produkziorako urratsa egin, eta kotoizko estanpatuen lehen sobietar fabrikan ehungintzan inplikatu ziren konstruktibista bakarrak. Kontraste optikoekin jokatzen zuten Stepanovaren hogei marrazki industrian aplikatu ziren. 1930eko hamarkadatik aurrera, SESB eraikitzen aldizkarirako eta beste argazki album batzuetarako enkargu publikoen produkzio grafikoan espezializatu zen Stepanova, Rodchenkorekin elkarlanean. 1940ko hamarkadan lanean jarraitu zuen ehungintzaren esparruan, Sobietar emakumea aldizkariarentzat, besteak beste.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Varst, “La création sans objet en peinture” (1920), hemen: Alexandre Lavrentiev, Varvara Stepanova: Une vie constructiviste, Paris, Philippe Sers, 1988, 170. or.
  2. “Construction” (1920), ibid., 172. or. Ikus Maria Gough, “Composition et construction. Les fondements rhétoriques du constructivisme russe”, Les Cahiers du Musée national d´art moderne, 73. zk., 2000, 37–73. or.

PDF-a JAITSI