katalogoa
Dadamaino
Chiara Gatti
- Izenburua:
- Dadamaino
- Egilea:
- Chiara Gatti
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
- Neurriak:
- 22,5 x 30
- Orrialdeak:
- 350
- ISBN:
- 978-84-95216-93-9
- Lege gordailua:
- BI-01621-2021
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Bolumena | Geometria | Kolorea | Materiala | Mugimendua | Erakusketak | Kaligrafia | Grupo N | Zero taldea | Parisko Dekorazio Arteen Eskola | Gogoeta | Milan | Lucio Fontana | Piero Manzoni | Optika | Matematika
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte Zinetikoa | Espazialismoa | Op-art
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Dadamaino,
1930, Milan (Italia) – 2004, Milan (Italia)
Iruzkin hau egin zuen Piero Manzoni artistak Dadamainoren ikerketa artistikoaz, margolariak Paduan egindako bakarkako erakusketetako baten kariaz: “Dado Mainok gainditua du ‘arazo piktorikoa’: beste neurri batzuek ematen diote forma haren obrari; haren koadroak mundu berri baten banderak dira […], ezin kontenta daitezke gauzak ‘bestela esatearekin’: zerbait berria diote”1. Hamar urte lehenago, Eduarda Emilia Maino (1961ean, Holandako erakusketa bateko katalogoan egindako akats baten ondorioz Dadamaino bihurtua) autodidakta moduan hasia zen margotzen. Baina espazialismoaren sortzaile Lucio Fontanaren lana ezagutu ondoren, espazioan eta beste dimentsio posible batzuetan egindako murgilketa erradikal gisa pentsatutako arte mota bat lantzea erabaki zuen.
Parisekin konektatuta eta Herbehereekin, Alemaniarekin eta Danimarkarekin kultur trukaketak egiten ohituta zegoen Milan hiriaren bihotzean, irtenbide formal ezezagunetara eta teknika esperimentaletara bideratutako hausnarketa bat bultzatu zen. 1950eko hamarkadaren amaierako Bolumenak (Volumi) arrautza formako zuloak dituzten mihise monokromoak dira, mihisearen hondoan egindako bilaketa kontzeptual bat irudikatzen dutenak. Modulu desfasatuzko bolumenak (Volumi a moduli sfasati) lanean, berriz, Dadamainok Rhodoid orriak jarri zituen bata bestearen gainean, bilbea pixka bat desplazatuta dinamika optikoaren efektua sortzeko. Pertzepzioari buruzko bere ikerketak geometriaren xarmarekin konbinatuz —eta Paduako Grupo N eta Düsseldorfeko Grupo Zero taldeen gogoetekin bat etorriz—, Dadamainok Europako eszena artistikoaren arreta erakarri zuen 1964an, Parisko Arte Dekoratiboen Museoan —Nouvelle Tendance: Propositions visuelles du mouvement international erakusketan— ikusgai jarritako Objektu optiko-dinamikoak (Oggetti ottico-dinamici) edo Objektu bisual ezegonkorrak (Oggetti visivi instabili) lanei esker.
Kalkulu matematiko zehatzen arabera nylonezko hari batzuen gainean txikienetik handienera ordenatuta jarritako aluminiozko plaka txiki batzuek forma zirkularreko inpresio optikoak sortzen zituzten. Artistak berak zioen moduan: “Modu horretan, azaleko laukiek dinamika bihurriko esferaerdien itxura hartzen dute […]. Batere mugitu ez arren, objektuak etengabe mugitzen eta eraldatzen ari dela ematen du”2. Aluminioarekin, plastikoarekin eta plexiglasarekin esperimentatuz, interes handiko margolan sailak egin zituen, hala nola hauek: Kolorearen ikerketa (Ricerca del colore) —espektroko kolore ezberdinen arteko konbinazio kromatikoa— eta Fluoreszenteak (Fluorescenti) —hondo monokromo batean aplikatutako banda fluoreszenteak, plastikoaren bibrazioei esker eta izpi ultramoreen efektuen ondorioz gorputza hartzen dutenak. Artistak “lumino-zinetismoa” deitu zion bere lanaren emaitzari. Dadamainok gainazala atalase gisa ez ezik zeharkaldia eta aukera oro gauzatzeko leku gisa ere lantzeko egin zuen ahalegina gogoangarria izan zen guztiz, bereziki Inkontziente arrazionala (Inconscio razionale) eta Alfabeto de la mente (Alfabeto della mente) margolan sailetan, zeinetan kaligrafia-zeinuek pentsamenduaren oszilazioak, garun-eskemak eta taupadak jasotzen baitzituzten. Indar handiko obra zehatzak eta lirikoak dira guztiak.
[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]
Oharrak
- Piero Manzoni, Dada Maino, erak. kat., Padua, Studio Gruppo N, 1961eko maiatzak 20, frantsesez berrargitaratua hemen: Dadamaino, Poggibonsi, Forma Edizioni, 2013, 50. or., ikus http://tornabuoni.fabapps.it/fmi/xml/cnt/DADAMAINO_FRA_ING.pdf?-db=webita&-lay=pubblicazioni&-recid=29&- field=link_preview_ita(1).
- Dadamaino, Oggetto ottico-dinamico, 1961, berrargitalpena: Gillo Dorfles, Ricerche a Milano agli inizi degli anni 60, Milan, Studio Luca Palazzoli, 1970.