Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Vortizismoa femeninoan

Bridgid Peppin

Vortizismoa abangoardiako mugimendu bat izan zen, Londresen sortua, 1914an. Izena, Ezra Pound poetak ezarria, vortex hitzetik datorkio: zurrunbilo bateko energia handieneko puntua edo erdigune lasaia. Wyndham Lewis idazle eta artista buru zela, hamaika artista eta poetak sinatutako manifestu baten bidez eman zen ezagutzera mugimendua. Haien artean, bi emakume: Jessica Dismorr eta Helen Saunders. Manifestuak —1914ko ekainean argitaratua, BLAST aldizkariaren lehen zenbakian— batetik kritikatu (“blast”, jorratu, zapartatu) eta bestetik goretsi (“bless”, bedeinkatu, onetsi) egin zuen pertsona eta erakunde multzo anarkiko bat. Aldizkariak, tipografiari dagokionez berrikuntza ugari ekarri zituenak, Lewisek sortutako Rebel Art Center bizialdi laburreko gunean izan zuen jatorria. Edukiari dagokionez, erabat probokatzailea zen, eta askotariko gaiak eta alorrak landu zituen: arte-kritika, erreseinak, obren erreprodukzioak, etab. Hasierako asmoa hiru hilabetean behin ateratzekoa bazen ere, bigarren —eta azken— alea ez zen 1915era arte kaleratu.

Lewisek ahalegin handia egin zuen Vortizismoa Europako beste mugimendu eta artista garaikide batzuetatik bereizteko. Kandinskyren garrantzia aitortu arren, “iheskorra eta axolagabea” iritzi zion haren lanari. Picasso kritikatu zuen, formak erabiltzeko moduagatik batez ere, eta Italiako akademizismoaren aurkako “matxinada erromantiko” gisa deskribatu zuen Futurismoa.

Beren forma geometriko zorrotz konplexuak eta hain ugari erabiltzen zituen diagonalak direla eta, ez dago obra vortizistak beste mugimendutakoekin inola ere nahasterik. Nahiz abstraktuak izan, nahiz elementu figuratiboak eduki, vortizismoaren jarraitzaileen lanek behin eta berriz ekartzen digute gogora hirien eta makinen gogortasuna eta indarra. Taldeko kideek helburuak partekatu arren, ez zuten hargatik beren banakotasun sortzailea galdu. Dismorrek, Henri Gaudier-Brzeskak, Cuthbert Hamiltonek, William Robertsek, Saundersek, Edward Wadsworthek eta Lewisek ahots artistiko propioa garatu zuten. David Bomberg, Jacob Epstein, Frederick Etchells eta Dorothy Shakespear ere mugimenduaren ideien zale amorratuak izan ziren. Erakusketa honetan bildutako Saundersen lanek eztanda artistiko haren fede ematen dute.

Vortizistek bi erakusketa antolatu zituzten: Londresko Doré Gallery-n bat, 1915ean, eta New Yorkeko Penguin Cluben bestea, 1917an. Lehen Mundu Gerrak kolpe gogorra eman zion mugimenduari, eta 1917ko lehen erdian behin betiko desagertu zen. Taldeko bi emakumeek gerra-zereginetan jardun zuten: Sanders, gobernuko bulego batean; Dismor, erizain boluntario gisa, Frantziako kanpaina-ospitale batean.

Dismorr —arte-ikasketak egina Frantzian (1906–12), Max Bohmekin Étaplesko kolonia artistikoan, eta Jean Metzinger eta John Duncanen gidaritzapean La Palette akademian— Parisen eta Londresen ibilia zen ordurako, bere obra erakusten. 1915ean, vortizismoaren jarraitzaileen talde erakusketa batean parte hartu zuen, Doré Gallery-n, lau margolan aurkeztuta. Aurrerago, 1917an, pintura bat eta hiru marrazki aurkeztu zituen Penguin Cluben, eta bi ilustrazio abstraktu eta zenbait poema esperimental argitaratu zituen BLAST aldizkariaren bigarren alean. Dismorren garai horretako bost lan bakarrik iritsi dira gaur egunera arte: horien artean, BLAST aldizkarirako inprimatutako bi diseinuak eta olio-lan txiki baina bikain bat, Konposizio abstraktua (Abstract Composition, ca. 1915), espazioaren eta grabitatearen nozioak azpikoz gora jartzen dituena. Haren orduko beste lanak —1939tik, artistak bere buruaz beste egin zuenetik, gordeta zeudela— oso hondatuta geratu ziren eta gaur egun galdutzat jotzen dira.

Dorothy Shakespearek Ezra Pounden bitartez bereganatu zuen vortizismoa (Poundekin ezkondu zen, 1914an). BLAST aldizkariaren bigarren alean kolaboratu zuen, zuri-beltzeko marrazki bat, Paisaia elurtua (Snow Scene), eta gehigarrian ilustrazio abstraktu bat argitaratuta. Pounden poesia-liburu batzuen azaleko irudiak ere hark eginak dira. Haren zuri-beltzeko marrazkiak konposizio geometriko soilak dira, bloke triangeluar eta angeluzuzenez osatuak. Bere urmargo ederretan, Shakespearek agerian utzi zuen bere teknika paregabea eta konposizio abstraktu orijinalak sortzeko gaitasuna.

Sekula prestakuntza artistiko akademikorik jaso gabea baitzen, Shakespearek artista afizionatutzat zeukan bere burua, eta ez zituen inoiz erakusgai jarri nahi izan bere lanak. Lehen Mundu Gerraren ondoren, irudikapen-modu estilizatu bati ekin zion. Parisen, Rapallon (Italia) eta Washingtonen bizi izan zen Poundekin (azken hiri horretan, espetxeratu egin zuten Pound, Mussoliniren alde egiteagatik). 1971n, bidaia-koaderno bat argitaratu zuen, Ate etruskoa, ohar-koaderno bat (Etruscan Gate, a Notebooke), bere marrazki eta urmargoen erreprodukzioekin ilustratua.

Vortizismoaren ondorengo historiak mugimendua gorpuztu zuten kideena beraiena islatzen du. Britainia Handiko arte modernoaren historiaren antologiek ez zioten ia erreferentziarik egin 1970eko hamarkadara arte. Zokoratze hori izan da —Lewisen mesfidantza setatiak areagotua— mugimenduko kideen margolan eta marrazki gehienak (formatu handiko eta asmo handiko lan batzuk tartean) desagertu izanaren arrazoia. Dena dela, gaur egunera arte iritsi zaizkigunen originaltasunak eta kreatibitateak garbi erakusten dute nolako ekarpena egin zion mugimenduak Europako modernitateari.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI