Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Regina Cassolo Bracchi 

Chiara Gatti

Izenburua:
Regina Cassolo Bracchi 
Egilea:
Chiara Gatti
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Bolumena | Espazioa | Forma | Geometria | Materiala | Aluminioa | Oreka | Ingurunea eta natura | Landareak | Italia | Alexander Archipenko | Bruno Munari | Fortunato Depero | Giacomo Balla | László Moholy-Nagy | Lucio Fontana | Edoardo Persico | Ikerketa aeroespaziala
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Konkretua | Espazialismoa | Futurismoa
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Cassolo Bracchi, Regina

1894, Mede (Italia) – 1974, Milan (Italia)

Materiaren arintasuna eta formen dinamismoa dira Regina Cassolo Bracchiren lanaren ezaugarri nagusiak. Behin ikasketak amaituta, eskultore italiarrak 1930eko hamarkadaren hasieran egin zituen bere lehen lan abangoardistak, lengoaia sintetiko batek eta material berriak erabiltzeko aukerak (aluminioa, alanbrea, txapa, eztainua edo lizpapera) guztiz erakarrita. Edoardo Persicok La Casa Bellan argitaratu zuen Sofa (Atseden) [Sofà (Riposo), 1931–32] hauskorrak ezin hobeto islatzen du haren xedea: forma inguratzen duen espazioa islatzea eta haren bolumenak airean zabaltzea1.

Haren eskultura futuristek —hala nola Aerosentiberatasuna (Aerosensibilità) edo Hegazkinlariaren maitalea (L’amante dell’aviatore), artistak 1934ko Aeropintura futuristaren manifestu teknikoari atxikimena adierazi ondoren eginak biak— erabat desagerraraz zituzten siluetaren mugak, halako dimentsio espazial bat emanez gorputzari. Cassolo Bracchik aluminioa aukeratu zuen eskultura tradizionalaren konbentzionalismo plastikoetatik askatutako masa horiek materiatik kentzeko. Ondo ezagutzen baitzituen nazioartean puri-purian zeuden esperientziak, elkarrekin uztartu zituen Fortunato Deperorena bezalako mundu mekaniko baten motiboak Alexander Archipenkok inspiratutako maila-nahasketarekin.

Orratzez ziztatutako patroiak —ohikoak joskinitzan— zapien gisa tolestutako xafla ezin arinagoen zerbitzura jarri zituen. Egitura fin eta arin horiek indarrez loratu ziren haren fase futuristan, eskultura zehatzen ikerketa amaigabeari bide emateko gero. 1940ko hamarkadan, abstrakziora eta geometriara gero eta emanagoa —Giacomo Ballaren ikasbidea oinarri hartuta eta László Moholy-Nagyren oreka perfektuek liluratuta—, Cassolo Bracchik materiari buruzko ikerketa gehiago egin zituen, material berriak baliatuz: plexiglasa, azetatoa edo Rhodoid delakoa. 1949ko Egitura (Struttura) txikia, plexiglas gardenaren ohikoaz bestelako erabileraren lehen adibidea da, Movimento per l’Arte Concreta delakoaren estiloa gogorarazten duena.

Cassolo Bracchi 1951n hurbildu zen estilo horretara (1948an sortua, Milanen), Bruno Munariren eskutik2. Irudi geometriko, triangelu edo erronbo soilekin nahasitako forma landuek (egoera latentean, zirkuluetan edo elipseetan) bide eman zioten haren abstraktutasun erradikalari, haren konposizio mugikor, malgu, dardarkariei —landareen erreinuan eta naturaren arauetan inspiratutako motiboen azken sintesi ziren horiei—. Geologia, batetik; ebokazio espazialak, bestetik. Sputnik (1952) obrak, eta harekin lotutako zirriborro multzoak, adibidez, karrera espazialaren lilura eta esfera kosmiko baterako bulkada itzultzen dute, Cassolo Bracchik gerora lorratz batean edo ibilbide batean laburbildu zuena. Hutsean egindako keinu bat, airean (alanbrearekin…) egindako marrazki bat, horra sinkronia ideal bat matrize futurista baten indar-lerroen eta Lucio Fontanaren Espazialismo sortu berriaren artean.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Paolo Sacchini, Regina Bracchi: Dagli esordi al Secondo Futurismo, Verona, Scripa, 2013; Paolo Campiglio, Regina: Futurismo, arte concreta e oltre, erak. kat., Palazzolo sull’Oglio, Fondazione Ambrosetti, 2009.
  2. Luciano Caramel, MAC. Movimento arte concreta, 1948–1952/1953–1958, Milan, Electa, 1984.

PDF-a JAITSI