katalogoa
Shirley Jaffe
Frédéric Paul
- Izenburua:
- Shirley Jaffe
- Egilea:
- Frédéric Paul
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
- Neurriak:
- 22,5 x 30
- Orrialdeak:
- 350
- ISBN:
- 978-84-95216-93-9
- Lege gordailua:
- BI-01621-2021
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Feminitatea | Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Kolorea | Zuria | Cooper Union for the Advancement of Science and Art | Ford Foundation | Museum of Modern Art (MOMA) | Feminismoa | New York | Berlin | Paris | Claude Bellegarde | Frédéric Benrath | Jack Youngerman | Jackson Pollock | Jean-Paul Riopelle | Kimber Smith | Pierre Bonnard | Sam Francis | Willem de Kooning | Linda Nochlin
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Keinu-pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Jaffe, Shirley | Mitchell, Joan
1923, Elizabeth (NJ, AEB) – 2016, Louveciennes (Frantzia)
1949an, Shirley Jaffek Parisera joatea erabaki zuen, hilabete batzuk pasatzeko asmoz, baina, azkenean, bertan bizitzen gelditu zen. New Yorketik abiatu baino pixkat lehenago —bertan egin zituen ikasketak, Cooper Union unibertsitatea—, MoMAn ikusgai zegoen Pierre Bonnarden atzerabegirakoak txundituta utzi zuen. Dena dela, Jaffek Parisen deskubritu zituen Jackson Pollock eta Willem Kooning, han ezagutu zituen aurrez aurre Jean-Paul Riopelle, Sam Francis eta, geroago, Joan Mitchell, Kimber Smith eta Jack Youngerman, baita Claude Bellegarde eta Frédéric Benrath frantsesen lanak ere.
Munduan zein (Which in the World, 1957) izeneko margolanean, agerian utzi zuen bere estiloa: Espresionismo Abstraktua. Luze gabe, baina, bizkarra eman zion etorkizun handiko hasiera hari: 1963-64an lehenik, Ford Foundationen beka bati esker Paristik Berlinera lekualdatzean; eta, geroago, keinu-marrazketa oro baztertu eta forma geometrikoak margotzen hastean. Azken horietan artean daude haren lanik ezagunenak, kolore zuria nagusi duten tonu mateko hondo iradokitzaileak —ez formatzat ez kontraformatzat hartu ezin direnak—, margo biziko bloke irregular batzuen leungarri. Estudioan lan gutxi gordetzen zituen arren, bere mihiserik handiena, Munduan zein, berekin atxiki zuen beti; hormara begira jarrita edukitzen zuen, artean amaitu gabe edo lanlekutik irteteko prest zeuzkan beste margolanen ilara ordenatuaren ondoan. Haren izenburu metafisikoa eta garrantzia kontuan hartuta, artistaren geroztikako ekoizpen guztiaren oinarritzat eta artista kondizioari buruzko bakarrizketatzat har daiteke margolan hori.
Jaffe ondo ezagutzen zuen kritikari batek behin tonu probokatzaile samarrean galdetu ziolarik ea ez ote zuen bere burua “espresionista peto-petotzat”, honela erantzun zion Jaffek: “Nolanahi dela ere, ez da hori barne-bizimodu baten metafora egokiena. Hori, pinturan, ez zait interesatzen”1. Linda Nochlin historialari militantea, Parisera joaten zen bakoitzean, Jaffe ikustera joaten zen, baina Jaffek ez zuen inoiz jarrera pertsonalik defendatu feminismoan. Hala ere, egun batean, hausnarketa hau egin zuen, oso hausnarketa ezohikoa berarengan: “[...] Laudorio edo gaitzespen baten aurrean erreakzionatzea [...] mutilek gaztetan ikasten duten zerbait da. Neskek erreferente gutxi dituzte, eredutzat hartzeko, emakume artista arrakastatsuen artean, eta ez da erraza ikastea ez dugula zertan lotsatu oso femeninoa ez izatearen ospea duen lanbide baten alde borrokatzeaz”2. Hitz horiek gorabehera, Jaffek ez zuen inoiz interes berezirik agertu emakume artistei eskainitako erakusketekiko.
[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]
Oharrak
- Yves Michaud, “Entretien avec Shirley Jaffe”, hemen: Shirley Jaffe, peintures 1965–1989, erak. kat., Cases de Pène, Fondation du Château de Jau, 1989, 29–30. or.
- Merle Schipper, Woman’s Art Journal aldizkarian argitaraturiko artikulua, Des Américains à Paris: 1950–1965, erak. kat., Cases de Pène, Fondation du Château de Jau, 1988, 49. or.