Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Huguette Caland

Christine Macel

Izenburua:
Huguette Caland
Egilea:
Christine Macel
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
Neurriak:
22,5 x 30
Orrialdeak:
350
ISBN:
978-84-95216-93-9
Lege gordailua:
BI-01621-2021
Erakusketa:
Emakumeak abstrakziogile
Gaiak:
Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Giza gorputza | Heriotza | Artea eta literatura | Artea eta politika | Artea eta umorea | Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Jantzi-diseinua | Jantziak | Erakusketak | Veneziako Bienala | Eskulturagintza | Lankidetza artistikoa | Marrazkigintza | American University of Beirut | Centre Pompidou | Tate St Ives | Libanoko gerra zibila | Los Angeles | Beirut | Anne Barlow | Bechara El-Khoury | Goliarda Sapienza | Janine Rubeiz | Paul Caland | Pierre Cardin | Raoul-Jean Moulin | Erotismoa
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Figuratiboa
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Caland, Huguette | Khal, Helen

1931, Beirut (Libano) – 2019, Beirut (Libano)

Huguette El-Khoury familia kosmopolita batean jaio eta hazi zen. Haren aita, Bechara El-Khoury, Libano independenteko (1943) lehen presidentea izan zen. Hogeita bat urte zituela, Paul Calandekin ezkondu zen, eta hiru seme-alaba izan zituzten. Hogeita hamahiru urteak beteak zituela, Arte Ederrak ikasten hasi zen, Beiruteko American Universityn. 1960ko hamarkadaren erdialdean, bere lehen margolana egin zuen, Minbizi gorria (1964), bere aita hil berriaren omenez. Beiruteko eszena artistikoak askatasun eta sormen handiko garaia bizi zuen, baina 1975eko gerra zibilak dena zapuztu zuen.

Calanden adiskide Helen Khal artista eta arte-kritikaria izan zen haren obrari buruz idatzi zuen lehen pertsona: kapitulu garrantzitsu bat eskaini zion bere The Woman Artist in Lebanon liburuan. Calandek bere lehen bakarkako erakusketa aurkeztu zuen orduan, Janine Rubeizen Dar al-Fan galerian. Ondoren, 1970ean, Parisera joan zen bizitzera, bakarrik, eta lanerako garai erabakigarri bati eman zion hasiera horrela.

Aurrerago, 1987an, Venicera (Los Angeles) joan zen. 1970eko hamarkadan, bere buruarengan konfiantza hartuta eta aurreko lotura guztietarik aske, Gorputz zatiak (Bribes de corps) saila hasi zuen: figurazioaren eta abstrakzioaren artean mugitzen diren gorputz-atalen irudi handituak margotu zituen, gorputzen biribilguneak, desira eta erotismoa goratzen zituztenak. Haragitik eta barne bulkada sakonenetatik zetorren abstrakzio horrek —Raoul-Jean Moulinek “gorputz abstrakzio” gisa definitzen zuenak— orobat goraipatzen zuen bizitzeko poza, Goliarda Sapienzak bere L’Art de la joie lanean gogora ekarritako harako bizipoz hura. Bere paletak, orduan, eztanda egin zuen koloretan, plazera eta atsegintasuna iradokitzen zuten kolore bizi ustekabekoetan. Gorputzaren zati bat ez beste guztia abstraitzea, bere gorpuzkera fisikoa menderatzeko modu bat ere bazen artistarentzat, pertsona lodia baitzen, bai eta emakumezko gorputz ideal baten irudikapena ekiditeko ere, aldi berean umore ukitu bat gehituz. Calandentzat, margotzeko ekintza bera ukipen sentsual moduko bat zen, gorputz bat laztantzearen parekoa.

Margolanak egiteaz gain, Calandek marrazkiak eta eskulturak ere egin zituen, eta ehunak diseinatu zituen, bere kaftan ospetsuak, bere gorputza askatzeko eta, aldi berean, beste sedukzio mota bat berreraikitzeko berak beretzat sortuak. Gorputzaren eta gorputzeko lerroen inguruan landu zituen bere piezak, eta lankidetza bat ere egin zuen Pierre Cardinekin, 1979an Argia (Nour) izeneko lanaren inguruan gauzatua.

Calanden lana, beraz, guztiz originala eta independentea da, are subertsiboa ere batzuetan, baina ez du probokazioa bilatzen. Artistak, baina, berandu jaso du —erakundeen aldetik gehienbat— egindako lanaren aitorpena. Haren alaba Brigittek, Janine Rubeiz galeristak bezala, ahalegin handia egin du begirada berri hori sustatzeko. Centre Pompidouk 2013an haren lan batzuk erosi izana, 2017ko Veneziako Bienalean haren marrazki erotikoak eta kaftanak ikusgai egon izana, eta 2019an Tate St Ivesek atzerabegirako bat eskaini izana, Anne Barlowk antolatuta, laguntza handikoak gertatu ziren artista berezi eta taburik gabeko hau luze eta zabal ezagutarazteko.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI