Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Vera Pagava

Nathalie Ernoult

1907, Tiflis (Georgia) – 1988, Ivry-sur-Seine (Frantzia)

Vera Pagavaren abstrakzio-estiloa definitu nahi izanez gero, esan dezakegu Parisko gerraoste garaiko paisajismo abstraktuaren antzekoa izan zela, batez ere Hiriak (Villes) saileko lanetan: mundu zehatza abiapuntu gisa hartu eta errealitatetik harago eramaten zuen abstrakzio modu bat. Noblezia liberalaren familia batean hazia, Pagavak hamasei urte baino ez zituen Parisera erbesteratu zenean familiarekin, sobietar erregimenetik ihesi. Dekorazio Arteen Eskolan eta Arte eta Publizitate Eskolan ikasi ondoren, 1929an André Lhoteren lantegian ibili zen, Ranson akademian Roger Bissièreren eskolak hartu aurretik. Han ezagutu zituen paisajismo abstraktuaren ordezkari garrantzitsuenak: Maria Helena Vieira da Silva, Árpád Szenes, Jean Le Moal eta, aurrerago, Alfred Manessier eta Jean Bazaine.

1938an, Témoignage taldean sartu zen, Jean Bertholle, Le Moal, Étienne-Martin eta Vieira da Silvarekin, eta marrazkiak egin zituen animalien eta landareen motiboekin estanpatutako dekorazio-oihaletarako.

1943an Jeanne Bucherrekin ezagutzak egitea erabakigarria gertatu zen haren artista-ibilbidean. Hurrengo urtean, Dora Maarrekin batera erakusketa batean parte hartu zuenean, Pierre Descargues kritikariak begiz jo zuen. 1948an, Superindependenteen Aretoan ikusgai jarri zuen lan batek Jacques Lassaigneren arreta erakarri zuen: “Ekarpenik aipagarriena Areto honetan lehenengoz parte hartu duen Vera Pagavarena da: natural hil eder bat eta paisaia harrigarri batzuk aurkeztu ditu, hautematen zailak diren ñabardurez eta xehetasunez beteak. Lehenago ere ekarri izan dugu hizpidera artista honen lanaren balioa, gaur egun nekez aurki baitaiteke berak eskaintzen diguna baino ikuspegi pertsonalagorik”1.

Pagavaren pinturak, berez figuratiboa izan arren, abstrakziorako joera nabarmena erakutsi zuen hasieratik. Haren natura hiletan, mahai gainean arreta handiz paratutako objektuen eskematismo garbiak, tonu zurbilen eta leunen paletak areagotuak, agerian uzten zuen gauzen muinera jotzeko nahi garbi bat.

1950eko hasieran, Pagavak pintura eta akuarela sail bat egin zuen, hiria gaitzat hartuta. Eraikuntzei antzematen zaie oraindik eraikuntzak direla, baina etxeak, eraikinak, laukizuzen koloreztatuak baino ez dira, argi-jokoen bidez batzuk besteetan txertatuak. Pixkanaka, ametsezko hiri horiek zeinu txiki-txikiz, laukiz eta laukizuzenez eratutako egiturak bihurtu ziren, eta, haietan, bata bestearen ondoan ipinitako koloreak, samurrak eta finak, erritmo lasai baten arabera konbinatzen ziren elkarrekin. Hiri misteriotsu horiek gogoeta poetikoa egitera bultzatzen gaituen espiritualtasun bat hedatzen dute. Artistaren prozedura esperimentazio minimalista batzuetara hurbildu zen orduan. Une horretatik aurrera, ezin utzizko premia bihurtu zen abstrakzioa Pagavarentzat. Haren ibilbidea emakume aske batena izan zen beti, bai pinturan, bai bizitzan.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Jacques Lassaigne, La Bataille, 1948ko azaroak 3.

PDF-a JAITSI