katalogoa
“Abstrakzio Eszentrikoa”
Jo Applin
- Izenburua:
- “Abstrakzio Eszentrikoa”
- Egilea:
- Jo Applin
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
- Neurriak:
- 22,5 x 30
- Orrialdeak:
- 350
- ISBN:
- 978-84-95216-93-9
- Lege gordailua:
- BI-01621-2021
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Giza gorputza | Artea eta umorea | Kritika | Forma | Geometria | Materiala | Erakusketak | Fischbach galeria | Pace Gallery | Sidney Janis Gallery | Van Bovenkamp Gallery | Feminismoa | Art International aldizkaria | New York | Alice Adams | Bruce Nauman | Don Potts | Frank Lincoln Viner | Gary Kuehn | Jean Linder | Keith Sonnier | Lee Bontecou | Yayoi Kusama | Lucy Lippard | Erotismoa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Minimalismoa | Post-Minimalismoa
- Artelan motak:
- Eskultura | Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Bourgeois, Louise | Hesse, Eva
1966an, Lucy R. Lippard kritikari eta komisarioak Eccentric Abstraction erakusketa kolektiboa antolatu zuen New Yorkeko Fischbach Gallery-n, Alice Adams, Louise Bourgeois, Eva Hesse, Gary Kuehn, Bruce Nauman, Don Potts, Keith Sonnier eta Frank Lincoln Vinerren lanak bilduta. Eskultore-belaunaldi horrek erabiltzen zituen materialetako batzuek (beira-zuntza, eskaiola, oihalak, latexa, zura, plastikoa, metala) atentzioa eman zioten Lippardi. Era berean, artista talde horrek bere garaikide minimalisten geometria soilarekin zerikusirik ez zuten forma abstraktuak eta erotikoak sortzen zituela jabetu zen. Art International aldizkarirako idatzitako artikulu batean1, artista haiek beren eskulturak gorputz-sentipen ukigarri baina erabat abstraktu batez blaitzen zituztela azaldu zuen Lippardek. Eta erakusketa horretako artista taldetik harago zabalduz bere erreferentziak, zenbait emakume artistaren azken lanak ere aztertu zituen, hala nola Lee Bontecou, Yayoi Kusama eta Jean Linderrenak.
Eccentric Abstraction erakusketan aurkeztu ziren lanek halako espazio probokatzaile bat okupatzen zuten abstrakzioaren eta erotismoaren artean, zorroztasun formalaren eta forma garatu eta deskonposatuaren artean. Horietakoak ditugu, esate baterako, Sonnierrek plastikoz egindako forma pilpiragarriak, “arnasa hartzen” dutela diruditenak (motor batek eragiten die), eta Kuehnen beira-zuntzezko egitura angeluzuzen monokromoak, putzu itxuragabe batzuetan “husten” direla diruditenak. Lan garrantzitsuenetako bat Louise Bourgeoisen Begirada (Le Regard, 1966) da, latexezko esfera zanpatu bat: altuera gutxiko objektu zimurtu bat, aldi berean begi bat begira eta bulba baten tolesturak gogorarazten dituena. Eva Hessek 1965ean sortutako Hainbat (Several) eta Errepikapena (Ingeminate) ziren erakusketako beste bi pieza nagusiak. Lippardek Irregularitate Metronomikoa II (Metronomic Irregularity II) ere aurkeztu zuen bertan, Hesseren horma-instalazio handi bat, gaur egun desagertua, non kotoiz estalitako harien nahas-mahas batek kontrastea egiten duen haiek eusteko zulotxoz beteriko hiru panel geometrikoren ordena geometrikoarekin. Adamsek, Bourgeoisek, Hessek eta gisako beste artista batzuek lan postminimalista garrantzitsuak egin zituzten, forma minimalistaren modularitate zurruna, batetik, eta sistema logikoak eta errepikapen serialak sortzeko tema, bestetik, zalantzan jartzen zutenak. Lippartek ezagutarazi zituen sorkuntza mota berri horiek bidea ireki zieten beste adierazpide batzuei, sentsualitatea, gozotasuna eta umore zentzu subertsibo bat (ordena geometriko minimalistaren dekonstrukzio espiritual bat) ekarri zuten adierazpide guztiz desberdinei. Horren adibide da, esaterako, Alice Adamsen Aluminio Handia 1 (Big Aluminium 1, 1966) lana: sare metalikozko hodi itxurako egitura bihurdikatu bat, hiru metroko luzerakoa. Hodi handi hori sabaitik zintzilik zegoen, eta egile beraren beste bi pieza txikiago zituen azpian: mundrunez estalitako soken eta altzairu herdoilduzko kableen nahaspila edo mordoilo bi, forma eszentriko eta estralurtarrak balira bezala lurrean jarrita zeudenak.
Oso esanguratsua da zenbat emakume aurkeztu zituen erakusketan eta katalogoko testuan Lippardek. Bere obraren dimentsio erotiko-abstraktua azpimarratuz, sexualitateari, erotismoari eta gorputzari buruzko gogoeta serio eta aldi berean ludiko bat egitea proposatzen digu, abstrakzioaren eta formaren esparruan betiere, eta ez irudikapen figuratiboaren esparruan. Jakina, Lippardek “abstrakzio eszentrikoaz” zuen ideiak ez zuen zerikusirik New Yorken garai berean ikusi ahal izan ziren “arte erotiko”ko beste erakusketa batzuenarekin, hala nola: The First International Girlie Show (1964), Pace Gallery; Contemporary Erotica (1964), Van Bovenkamp Gallery; Erotic Art ’66 (1966), Sidney Janis Gallery; eta Hetero Is (1966–67), New York City Art Theater Association (NYCATA). Gorputz biluziak (emakume gorputzak batez ere) irudi erotiko bihurtuta erakutsiz, erakusketa horien helburua sentsualitatea kitzikatzea zen. Lippardek, aldiz, abstraktutasunari ematen zion lehentasuna, erotikotasun hutsari baino gehiago, gorputza esplizituki irudikatuta ez baizik iradokita erakusten zuten obrekin. Abstrakzioaren eta figurazioaren arteko joan-etorri burlati haiek jasota geratu ziren erakusketaren liburuxkan bertan ere: haren izenburua, Eccentric Abstraction, eta erakusketako artista-zerrenda karaktere soilez inprimatuta ageri dira latex arrosazko karratu baten gainean, eta latex arrosa horrek, jakina, haragia iradokitzen du.
Bere testuan, gorputzaren oroitzapen erotiko-abstraktuen eta formalismo geometrikoaren arteko nahasketaren azpian dagoen umorea aztertzen zuen Lippardek. Haren ustez, arte abstraktu landuaren arrakasta formalak ahul zitzakeen eremu arriskutsu bat zen hura. Horrekin ez zuen esan nahi, ordea, abstrakzio eszentrikoak “barregarria” izan behar zuenik, edo horrekin kontentatzen zenik, baizik eta artista haiek, umorearen agerpen subertsiboaren bidez, zalantzan jartzen zituztela artelan abstraktuek izan beharko luketen itxurari buruzko aurreiritzi garaikideak. Haren planteamenduak, beraz, umoreak gailu subertsibo —eta are feminista— gisa duen ahalmenaren eta arte erotiko-abstraktuaren irakurketa feminista bat markatuko zuen. Artista haiek abstrakzioaren, umorearen, erotismoaren eta gorputzaren artean ezarri nahi izan zituzten aliantza dinamikoek aldaketa postminimalista eta kritiko sakona markatu zuten, bai eskulturan, bai zizelkatutako obrekin harremanak ezartzeko moduan.
[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]