Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Lenore Tawney

Jessica Gerschultz

1907, Lorain (OH, AEB) – 2007, New York (NY, AEB)

Uraren, gardentasunaren eta argiaren eremu etereoak zeharo liluragarriak iruditzen zitzaizkion Lenore Tawney artistari, eta bikain islatu zuen horien muina bere obretan, zulo-bordatuak, gazak eta tapiz luminiszenteak sortuz. Lorain hirian jaio zen (Ohio, AEB), baina, gaztaroan, Illinoisen ezarri zen: irakurle eta zuzentzaile gisa lan egin zuen, eta Arte Ederretako ikasketak hasi. 1940ko hamarkadan, berriz, Marrazkia, Eskultura eta Tapizgintza ikasi zituen Chicagoko Bauhaus-en (Diseinu Institutua), László Moholy-Nagy, Alexander Archipenko eta Marli Ehrman-ekin. Hasieran, eskulturak egiten zituen buztinarekin, baina, horiek bazterrean utzita, ehungailu bat eskuratu zuen 1940ko hamarkadaren amaieran. 1954an, berriz, egonaldi bat egin zuen Penland School of Crafts eskolan —Ipar Carolinako artisautza-eskola bat—, Martta Taipale artista finlandiarrarekin, zeina aditua baitzen tapizgintzan, eta gertakari hori erabakigarria izan zen Tawneyk bere adierazpen-molde hauta zezan. Oihalak sortu zituen, horizontalean ehunduak, eta esperimentuak egin zituen lihoarekin, zetarekin eta artilearekin, kate-itxurako bordatuak lortu nahian —halakoetan, ehundutako eta ehundu gabeko zatiak tartekatzen dira, hari bihurrituekin—. 1957an, New Yorken ezarri zen Tawney, eta tratua izan zuen margolari minimalistekin, Agnes Martin-ekin bereziki. 1949tik 1965era bitarte, hainbat bidaia egin zituen Europan, Afrikako iparraldean, Ekialde Hurbilean eta Hego Amerikan barna; horri esker, sinboloen eta ikuspegi kontzeptualen errepertorioa zabaldu zuen.

1960ko hamarkadan, Tawneyk buru-belarri ekin zion ehungintzaren alderdi hauek lantzeari: espazioa, linealtasuna eta meditazioa. 1961ean, Andeetako ehungintza-teknika antzinakoak ikasi zituen, gazari zegozkionak, kate-itxurako brodatuekin egiten zuen lana aberastu nahi baitzuen, egitura konplexuagoak sartuz eta uhinen itxura emanez bere obrei. Artistak orrazi ireki bat sortzen du bere ehungailurako; horri esker, bere aire-obren forma egokitu zezakeen, ehuntzen ari zen unean bertan. Batzuetan, trentzak, lumak edo latoi-zatiak txertatzen zituen beren ehunduretan eta ehun-eraikuntzetan. Tawneyren obra nabarmenaren eraginez, New Yorkeko Museum of Contemporary Crafts museoak erakusketa kolektibo bat antolatu zuen, 1963an, Woven forms izenburuarekin —hain justu ere, Tawneyk horrela deitzen zion bere piezei: “Forma ehunduak”—. Erakusketa ibiltari horren bitartez, artista estatubatuarren korronte batean kokatu zen Tawney, Sheila Hicks eta Claire Zeisler-ekin batera besteak beste: korronte horretako kideek ehungailuaren teknikak aztertzen zituzten, bai eta ehun moldagarriak eta hiru dimentsioen erabilera ere. 1969an, Wall Hangings erakusketan parte hartu zuen Tawneyk, New Yorkeko Museum of Modern Art museoan, bai eta Tapizgintzako Nazioarteko Biurtekoetan ere (Lausana), Tapizgintza Berriko beste emakume artista batzuekin batera. Arte amerindiarrak eta antzinako Egiptoko artea ikertu zituen, bai eta arketipoak eta naturarekiko gurtza ere; ezaugarri horiek agerian geratzen dira bere obra batzuetan: eskultura zintzilikarioak, paperean egindako obrak, eta zenbait collage eta mihiztadura. Bere bizialdian, tapizak eta ehun-instalazioak egiteko enkargu mordo bat jaso zuen. Bere lanak oihartzun handia izan zuen, hainbat erakusketari esker, bereziki, Lenore Tawney: Mirror of the Universe, zeina John Michael Kohler Arts Center zentroak antolatu baitzuen (Sheboygan, Wisconsin), 2019an eta 2020an.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

PDF-a JAITSI