katalogoa
Dorothea Rockburne
Jennifer Winkworth
- Izenburua:
- Dorothea Rockburne
- Egilea:
- Jennifer Winkworth
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta Editions du Centre Pompidou, 2021
- Neurriak:
- 22,5 x 30
- Orrialdeak:
- 350
- ISBN:
- 978-84-95216-93-9
- Lege gordailua:
- BI-01621-2021
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Bolumena | Geometria | Lerroa | Black Mountain College | International Print Center | Dia:Beacon Foundation | AEB | New York | Montreal | Max Dehn | Matematika | Jaialdi eta sariak
- Mugimendu artistikoak:
- Abangoardia | Arte Abstraktua | Arte Kontzeptuala | Minimalismoa
- Teknikak:
- Grabatua | Marrazkia
- Artelan motak:
- Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Rockburne, Dorothea
1932, Montreal (Kanada)
Dorothea Rockburnek garrantzizko lekua du AEBetako arte abstraktuaren historian duela zenbait hamarkadatik hona, eta sorkuntza-lanean dihardu oraindik ere, nahiz laurogei urteak beteak izan. Montrealgo Arte Ederren Eskolan prestakuntza klasikoa jaso ondoren, 1950ean AEBetara jo zuen, Black Mountain Collegen (Ipar Carolina) ikasten jarraitzeko. Han, New Yorkeko abangoardiaren aitzindari izango ziren zenbait artistarekin erlazionatu zen. Era berean, Max Dehn topologo ospetsua ezagutu zuen, eta harengandik jaso zuen babesa —ez arteetan, teoria matematikoan baizik— bere sorkuntzaren arrakastaren ardatz bihurtu zen. Fikziozko literaturak emakumeez zabaldu duen irudiagatik atsekabetuta, “gizaki langile, ezjakin edo biktimizatu”1 gisa aurkezten baititu sarritan, Rockburnek bere kontzeptu bisualak elikatzen dituen logika baten diziplinan aurkitu zuen kontsolamendua.
1955ean, Black Mountain utzita New Yorkera bizitzera joan zelarik, unibertsitate-urteetan izandako harremanek hainbat esperimentu egitera bultzatzen zuten, ez bakarrik pinturaren arloan, baita argazkigintzaren, zinemaren, performancearen eta dantzaren arloan ere. Bien bitartean, bere lantegiko lanak bere matematika-ezagutzaren eraginpean segitu zuen. Hurrengo hamarkadan hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu zuen, eta 1970etik aurrera, banakako erakusketa batzuk ere egin zituen, non multzoen teoria matematikoari buruzko bere ikerketetan inspiratutako instalazioak erakutsi zituen. Bakarkako erakusketa haiei esker, presentzia garrantzitsua bihurtu zen New Yorkeko garaiko eszena artistikoan, non Minimalismoa eta Arte Kontzeptuala nagusi ziren. Inspirazio iturri ezberdinak hartzen zituen —inken kokaguneak, Egiptoko behe-erliebeak zein Quattrocentoko freskoak—, baina hartzen zuena hartzen zuela, prozedura matematikoen bahetze metodologikoaren eraginpean jartzen zituen beti. Gaur egun, haren lanak AEBetako museo garrantzitsuenetan eta han-hemenka egiten diren erakusketetan daude ikusgai. Dia:Beacon Foundation delakoak, New Yorkeko estatuan, birsortu egin ditu 1970eko hamarkadako haren instalazioak.
Marrazketa izan da beti Rockburneren jardunaren ardatza. 1970ean, Bakarrik egiten diren marrazkiak (Drawings Which Make Themselves) izeneko sail bat hasi zuen, berunezko minaz egindako tolesturak eta koskak integratzen zituena, mugaketa geometrikoak sortzeko. Ondoren, Locus egin zuen: ur-tintazko sei grabatuz osatutako serie bat. Montrealen zela, bere prestakuntza artistikoa osatzen, grabatuaren teknika klasikoa lantzen hasi zen, baina, bere artista-ibilbidean, era guztietako bitartekoen propietate ezkutukoak eta ezezagunak sakontzen saiatu zen beti. Locusen kasuan, zizel-lanaren grabatu-teknika batzuk baliatu zituen orri batean tolesak egiten hasi aurretik, papera prentsan jartzean motibo lineal erliebedun bat sortzeko. Haren helburua, “grabatuaren historia esploratzea, asmatzea eta, agian, osatzea”. 2018an, New Yorkeko International Print Centerreko sari bat jaso zuen.
[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]