Edukira zuzenean joan

Emakumeak abstrakziogile

katalogoa

Hilla Rebayk eta Peggy Guggenheimek utzitako ondare hilezkorra

Lekha Hileman Waitoller

Guggenheim deitura artearen sinonimo bilakatu da dagoeneko, izen hori daramaten museoen eragile eta sustatzaile izan ziren pertsonen aparteko nortasunari esker. Deiturak nazioartean duen garrantzi iraunkorrari lagundu diotenen artean Marguerite Guggenheim —Peggy ospetsua— eta Hilla Rebay von Ehrenwiesen baronesa —Hilla Rebay izen soilez ezaguna— daude. Artearen munduan gizonak nagusi ziren garai batean, emakume horiek aparteko lekua bete dute museotako bildumak eratzeko historian. Europako abangoardiarekin eta Amerikako Estatu Batuetako Espresionismo Abstraktuaren estilo erabat berriarekin hartu zuten konpromiso hautsiezinaren bidez, bien ala bien ikusmoldeak eta eraginak markatuta dago artearen historia. Aitzindari miresgarri horiek, Guggenheim familiaren aberastasunak eta arte-merkatari gisa egindako bide paraleloek elkartuta, arrasto ezabaezina utzi dute XX. mendeko artean.

Estrasburgon (Alemania, garai hartan), ofizial prusiar baten familian jaioa, Hilla Rebay aristokratak (1890 – Wesport, AEB, 1967) pintura ikasketak egin zituen gaztetan, eta goi-burgesiako kideen erretratuak egiten ateratzen zuen bizimodua. Aldiz, bere estudioan bere gisa jarduten zuenean, lexiko abstraktu oso bat asmatu zuen, pinturan, marrazkian eta geroago collagean erabiliko zuena. Jean Arpen bitartekotzari esker, Züricheko eta Berlingo dadaistak ezagutu zituen, eta bere lana haiei ezagutarazteko aukera izan zuen. 1916an, Rudolf Bauer margolari abstraktua haren bizitzan sartu zen, talde dadaisten eta Galerie Der Sturm-en bidez. Harreman luze eta konplexu bat hasi zuten, Rebay sakon markatu zuena. Bauerrek Rebayrengan zuen eraginak eta haren lanari buruz zuen iritzi txarrak Rebayren ibilbide artistikoa zapuztu zuten, azkenean. Neska gazteak, sorkuntza pixkanaka alde batera utzi, eta beste artista batzuen ordezkari gisa jardun zuen lanean. Hala ere, Rebayk bere arima bikitzat zeukan Bauer, eta luze eztabaidatu zuen harekin arte ez-objektiboaren garrantziaz eta arte hori erakusgai jartzeko museo-tenplu mota berri baten beharraz1. Alemanian lanean hasita, hainbat artistarekin hitz egin zuen, hala nola Vasily Kandinskyrekin eta Die Krater (1920) taldeko kideekin, eta haiekiko harremanak arte ez-objektiboa forma artistiko nagusitzat jotzera eraman zuten, bere alderdi musikalagatik eta dimentsio intuitibo espiritualagatik bereizten zen arte-modu gailentzat. Handik aurrera, ikuspegi ideologiko batek elikatu zuen Rebayren ibilbidea, eta arte ez-objektiboa sustatzera erabat emana bizi izan zen, arte-aholkulari, bildumagile, kontserbatzaile, museo-zuzendari eta espezialista gisa lan eginez.

1927an, New Yorken kokatu zen, eta Irene Guggenheimen enkargua jaso zuen Solomon senarraren erretratu bat margotzeko. Oso topaketa emankorra izan zen hura, erretratua margotzeko lan-saioetan Rebayk arte ez-objektiboaz hitz egin ahal izan baitzion bere modeloari. Berehala jarri zuten abian bilduma bat sortzeko asmoa. Irene eta Solomon Guggenheimek maiz bidaiatu zuten Europara, Hilla Rebayrekin batera, artistak eta arte-merkatariak ezagutzeko eta obrak erosteko, artistengandik zuzenean askotan. Bidaia haietan, harreman estua eta funtsezkoa izan zuten Kandinskyrekin, eta haren margolan asko eskuratu zituzten, gaur egun Guggenheim Bildumaren muina osatzen dutenak. Kandinskyren margolanen eta idazlanen miresle handia baitzen, Rebayk “ia dimentsio erlijiosoko profeta” bezala kalifikatu zuen hura2.

Museum of Non-Objective Painting-ek 1939ko ekainaren 1ean zabaldu zituen ateak, eta Rebay izan zen bertako kontserbatzailea eta zuzendaria hamahiru urtez. Inaugurazio-erakusketan (Art of Tomorrow), bildumako 725 lan aurkeztu ziren, aurreko hamar urteetan eskuratuak eta New Yorken ordura arte inoiz erakutsi gabeak guztiak. 1930eko eta 1940ko hamarkadetan, AEBetako publikoak eszeptizismoz hartzen zuen arte abstraktua, askok errealitatetik aparteegi zegoela irizten baitzioten. Gainera, bertako prentsak Europako artearekiko ezinikusia adierazi zuen, eta gogor kritikatu zuen Rebayk koadroak eskegitzeko zuen metodo ez oso ortodoxoa: izan ere, altuera baxuan jarrita aurkeztu zuen obra. Hala ere, museoaren bilduma apartak eta arte garaikideko programazio bikainak oso harrera ona izan zuten ikusleen artean. Zuzendari zela, Rebayk berrogeita zazpi erakusketa kolektibo antolatu zituen, artista gazte edo ezezagun asko ezagutzera emanez. Laguntza ekonomikoa eman zien garai zailak pasatzen ari ziren artistei, museorako edo bere bilduma pribatuko obrak eskuratuz, materialak erosteko hileroko diru-sariak emanez, eta Guggenheimeko funts berezietatik ateratako bekak eta diru-laguntzak eskainiz3. 1943an, Rebayk Frank Lloyd Wright aukeratu zuen Guggenheim Bildumarako erakustoki iraunkor bat eraikitzeko. Arkitektoak eta zuzendari-kontserbatzaileak ikuspegi bera zuten arte ez-objektiboari eskainitako tenplu edo domo bat eraikitzeko moduari buruz, eta hamasei urte beranduago gauzatu zuten ideia. Bai Guggenheim, bai Wright, eraikina inauguratu baino lehen hil ziren. Rebayk Museoarekin eta Guggenheim Fundazioarekin zuen harremana hoztu egin zen, eta bere postua utzi zuen Solomon hil eta hiru urtera. 1959an, New Yorkeko Bosgarren Etorbidean, Solomon R. Guggenheim Museum ikusgarriak ateak zabaldu zituenean, Rebay ez zen gonbidatua izan inaugurazio-ekitaldira. Zoritxarreko amaiera hori gorabehera, Hilla Rebayk AEBetako aberastasun kulturalari egin zizkion ekarpenek indarrean diraute gaur egun ere, haren hamarkadetako pertseberantzia ameslariari eta konpromisoari esker.

1937an, berrogei urte zituela, Peggy Guggenheimek (New York, AEB, 1898 – Camposampiero, Italia, 1979) bizitzan serioski zerbait egin beharra planteatu zion bere buruari. Esperientziarik batere ez izan arren, arte modernoko galeria bat ireki zuen, Guggenheim Jeune izena jarri ziona. 1938ko urtarrila eta 1939ko ekaina bitartean, Londresko galeria honetan, hogei erakusketa antolatu ziren; baina ekimena ez zen errentagarria izan. Gainera, Guggenheim berehala nekatu zen lanaren alderdi komertzialaren inguruko gorabeherez; hobeto pasatzen zuen artistekin lan egiten eta haiei laguntza ematen. Horrek arte modernoko museo bat sortzeko aukera planteatzera bultzatu zuen; asmoa etenda gelditu zen gerra lehertzean, baina aurrerago gauzatzera iritsi zen. Peggy Guggenheimek aparteko dohainak zituen pertsona ezohikoak tratatzeko eta haiengandik informazio baliotsua lortzeko, eta trebetasun berezi hori giltzarri gertatu zen, bildumagile gisa, galerista gisa, eta museo baten sortzaile gisa izan zuen arrakastan. Bide horretan laguntza eman zioten aholkulari garrantzitsuenen artean, garaiko artista, kontserbatzaile, arte-merkatari eta aditu hoberenak zeuden, hala nola Alfred H. Barr Jr., André Breton, Nelly van Doesburg, Marcel Duchamp, Howard Putzel, Herbert Read eta James Johnson Sweeney. Londresko galeria itxi ondoren, Guggenheim Parisen kokatu zen, eta bere etorkizuneko museorako obren bilduma osatzen hasi zen. Hurrengo bi urteetan, pintura eta eskultura-lan asko erosi zituen, surrealistak eta abangoardiakoak, gehien-gehienetan artistei berei zuzenean, eta nazien legea hausteko mehatxupean beti. Naziek Paris hartu zutenean, berak alde egin zuen hiritik. Aurrena, Vichytik gertu ezkutatu zuen bere bilduma, eta geroago, Grenobleko Museoan. Baina, ez berarentzat, ez bere obrentzat, leku segururik inon ez egonik, 1941ean AEBak aldera itsasoratu zen, obra guztiak berekin hartuta.

1942an New Yorken inauguratua, haren Art of This Century museo-galeriak oihartzun eta arrakasta handia izan zuen kritikaren artean. Egoitza, Frederick Kiesler arkitekto abangoardistak diseinatua, bere altzari eta barne-dekorazio paregabeagatik nabarmendu zen garaiko beste erakustokietatik. Margolanek, markorik gabe eskegita, arin flotatzen zutelako inpresioa sortzen zuten, eta bisitariek bertatik bertara goza zitzaketen. Europako bilduma osatzeko, Guggenheimek hirurogeita hamar lan baino gehiago erosi zituen AEBetan, Art of This Century zabaldu aurretik. Susan Davidson erakusketa-komisarioak nabarmendu duen bezala, “AEBetan, jendeari irekitako bilduma gutxi zeuden Peggyrenaren parekoak. Hiru hamarkadako arte-esperimentazioa jarri zen ikusgai bertan, eta estetika modernoaren lehen ikuspegi ulerkorra izateko aukera eskaini zitzaion haren bidez estatubatuar askori”4.

Art of This Centuryren eragina nabarmena izan zen, bai artista askoren karreretan, bai AEBetako Espresionismo Abstraktuaren arrakastan. Guggenheimen Bilduma zoragarria aurkezteaz gain, 1942 eta 1947 bitartean aldi baterako berrogeita hamabost erakusketa antolatu ziren bertan, ehun eta berrogeita hamar bat artistaren lanak ikusgai jarrita: Robert Motherwell, Alice Rahon Paalen, I. Rice Pereira, Jackson Pollock, Mark Rothko, Clyfford Still, Janet Sobel eta abar, haietako asko ezezagunak artean. “Aukera horiek eskaintzean, gerraosteko mugimendu artistiko estatubatuar baten abangoardia ia osoa prestatzea lortu zuen Peggyk, eta mugimendu horren eragina indarrean dago oraindik ere”5, adierazi du Jasper Sharp kontserbatzaileak. Peggy Guggenheimek emakume artisten bi erakusketa antolatu zituen, haien artean batzuk ordurako bidea egina zutenak, eta beste batzuk ezezagun samarrak. Izan ere, 1943an antolatutako Exhibition by 31 Women izan zen AEBetako emakume artistei bakarrik eskainitako lehen erakusketa. The Women izenekoa etorri zen gero, 1945ean6. Harrigarria bada ere, Art of This Centuryn obra erakusgai jarri zuten artisten ia % 40 emakumeak ziren7.

Europako abangoardia AEBetako publikoari aurkezteak aparteko ondorioak izan zituen. Peggy Guggenheimek, gero, alderantzizko norabidean errepikatu zuen operazioa, Europari AEBetako Espresionismo Abstraktua ezagutaraziz. Bai berak, bai bere galeriak AEBetako artistei eskaintzen zizkien posibilitateak eta finantza-laguntzak beraren eragin-ahalmena sendotu zuten. Beraz, ez da harritzekoa 1947an Venezian kokatzeko erabakia hartzeak hutsune handi bat utzi izana, Clement Greenberg arte-kritikariak adierazi zuenez: “Guggenheim andereñoa joan izana galera handia da AEBetako egungo artearentzat. Haren bizitzak berak eta arte ‘ez errealista’ defendatzeko erakutsi duen alaitasun ustekabekoak nahasmena eragin dute agian. Hala ere, New Yorken galeria baten buru jardun duen hiruzpalau urteko bere ibilbidea herrialde honetan artista berri on gehien ezagutarazi den garaia izan da. […] Ziur nago Peggy Guggenheimek AEBetako artearen historian duen lekuak garrantzi handiagoa hartuko duela denborak aurrera ahala eta beraren babespean hazitako artistak heldutasunera iritsi ahala”8.

Greenberg ez zebilen oso oker. Peggy Guggenheimen bildumak 1948ko Veneziako Bienalean parte hartzeko zeharkatu zuen azkenekoz Atlantikoa. Obrak handikiro sartu ziren Greziako pabiloian, 136 objektuz osatutako erakusketa batean. Bildumako artista estatubatuar askok —Pollock, Rothko, Still— ez zuten obrarik erakutsia AEBetatik kanpo, Karole Vailek gogoratzen duen bezala: “Peggyren bildumak arte abstraktu eta surrealistaren ikuspegi osoa eskaintzen zuen, Italian inoiz ikusitako osoena. […] Hari esker, Europako publikoak aukera izan zuen abangoardiako artearen azken urteetako onenaz jabetzeko eta 1950eko hamarkadan artearen mundua menderatuko zuten margolari newyorktarrak ezagutzeko”9.

Hilla Rebayk eta Peggy Guggenheimek familiarteko loturak eta grinak partekatu zituzten arren, elkarren arerio izan ziren, ezinikusia zioten batak besteari. 1939an, Guggenheim Jeune galerian, Kandinskyri eskainitako erakusketa batean, Peggy harremanetan jarri zen Rebayrekin eta Solomon Guggenheimekin, erosteko asmoa zuten haren lehen margolanetako bat eskaintzeko. Rebayren erreakzio arduragabeak, familia-deiturarekin salerosketan aritzea leporatzen baitzion Peggyry, haien arteko harremanaren nondik norakoa ezartzen du10. Urte batzuk geroago, New Yorken, Peggyk izeba Ireneri iradoki zion erre zitzala Museum of Non-Objective Painting museoan erakusgai zeuzkaten “Bauer eskerga eta zatar” haiek, beren “zilarrezko marko astunak eta guzti”11, jakinaren gainean egonda Rebayk neurrigabeko mirespena ziola Bauerri. 1930eko hamarkadan, Rebay Kieslerrekin batera aritua zen inoiz gauzatzera iritsi ez zen museo haren planoetan lanean. 1942an, Guggenheimen Art of This Century galeria —Kieslerrek diseinatua— zabaldu zenean, Rebay sutan jarri zen. Baina Guggenheimen museo-galeriaren izenak Museum of Non-Objective Painting museoaren irekiera-erakusketaren izenburua, Art of Tomorrow12, gogorarazten zuela ikusteak are gehiago haserretuko zuen, ziur asko.

Nolanahi dela ere, eta desadostasunak gorabehera, emakume biek bazuten zerbait komun: eginbeharraren zentzu sendoa, batetik, eta beren bildumak guztien ongiaren mesedetan eratuak zituztelako ustea, bestetik. Guggenheimek artistak babesteko eta XX. mendeko artearen historiako adibiderik onenak gordetzeko nahiak bultzatuta jardun zuen. Rebayrentzat, arte ez-objektiboa espirituala zen funtsean, munduaren zorigaitzetatik ihes egiteko eta edertasun-espazio batean babesteko bitartekoa. Azken buruan, haien bizitzen emaitza, ikuspuntu pertsonalak, ausardia eta XX. mendeko abstrakzioan izandako eragina ukaezinak dira guztiz.

[Itzulpena: Rosetta Testu-Zerbitzuak, SL]

Oharrak

  1. Brigitte Salmen, “The Path to Non-Objective Art”, hemen: Art of Tomorrow: Hilla Rebay and Solomon R. Guggenheim, erak. kat., New York, Guggenheim Museum, 2005, 60. or.
  2. Karole P. Vail, “Rhythmic Delight: A Quest for Non-Objectivity”, hemen: ibid., 131. or.
  3. Ibid., “A Museum in the Making: Two Artists and Their Patron – Hilla Rebay, Rudolf Bauer, and Solomon R. Guggenheim”, hemen: The Museum of Non-Objective Painting. Hilla Rebay and the Origins of the Solomon R. Guggenheim Museum, New York, Guggenheim Museum, 2009, 45–46. or.
  4. Susan Davidson, “Focusing an Instinct: The Collecting of Peggy Guggenheim”, hemen: Peggy Guggenheim & Frederick Kiesler: The Story of Art of This Century, erak. kat., Ostfildern-Ruit, Hatje Cantz, 2004, 75. or.
  5. Jasper Sharp, “Serving the Future: The Exhibitions at Art of This Century 1942–1947”, hemen: ibid., 288. or.
  6. S. Davidson, “Focusing an Instinct…”, hemen: ibid., 77. or.
  7. J. Sharp, “Serving the Future…”, hemen: ibid., 289. or.
  8. Clement Greenberg, hemen: K. P. Vail, Peggy Guggenheim. A Celebration, New York, Guggenheim Museum, 1998, 72. or.
  9. Ibid., 76. or.
  10. Peggy Guggenheim, Confessions of an Art Addict, Hopewell (NJ), The Ecco Press, 1997, 52–54. or.
  11. Ibid., 95. or.
  12. Don Quaintance, “Erecting the Temple of Non-Objectivity”, hemen: The Museum of Non-Objective Painting…, op. cit., 188. or.

PDF-a JAITSI